Bilboko txotxongilo jaialdiari dagokionez, berrogei urte beteko ditu aurten, eta antolatzaileek jakinarazi dute urteurrena ospatzeko ikusleek aukera izango dutela txotxongiloen eta objektuen bitartez sortutakoa den antzerkiaz gozatzeko, kontatuko diren istorioetan barneratzearekin batera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako konpainiez gain, nazioarteko batzuk ere arituko dira beren lanak aurkezten, eta, orotara, bederatzi taldek parte hartuko dute. Haiek emandako ikuskizunetatik hiru gazteleraz taularatuko dituzte, bi euskaraz, hiru hitzik gabe, bat ingelesez, eta beste bat hainbat hizkuntzatan.
Emanaldien kokalekua ere gogoan izan dute antolatzaileek: Bilboko auzoetan ez ezik, Bizkaiko zenbait herritan ere egingo dira emanaldiak. Are, nabarmendu dute lehenbizikoz eramango dituztela ikuskizunak Bilboko Otxarkoaga auzora, antzerkiaren artea sustatzeko, eta, era horretan, herritarren arteko kohesioa lantzeko. Gainera, BBK aretoa ere egokitu dute goizetan ikasleak bertaratu ahal izateko eta txotxongiloen arlora hurbiltzeko.
Azkenik, Hari Morea gunearen berri ere eman dute. Espazio horren helburua da emakume sortzaileek arlo horretan duten presentzia ikusgarri egitea, haien arteko topaketarako eremu bat izatearekin batera. Besteak beste, asmoetako bat da lankidetza sare bat sortzea.
Titirijai ere bada
Bilbon ez ezik, Tolosan ere izango da txotxongiloez gozatzeko aukera egun hauetan, Titirijai jaialdia egingo baita bertan egun berberetan.
Egitarauan, zortzi familia ikuskizun, bost kale emanaldi eta helduentzako sei emankizun bildu dituzte, eta Euskal Herriko zein nazioarteko artistak izango dira gonbidatuak. Horrez gain, elkarrizketak ere egingo dituzte profesionaletako batzuekin, eta baita omenaldiak ere. Are, bada berritasun bat ere, jardunaldiak egingo baitituzte Europan ematen den txotxongilolariaren prestakuntzari eta profesionalizazioari buruzko gogoetak izenpean.
Hiru erakusketa ere inauguratuko dituzte. Horietako bi behin-behinekoak izango dira, jaialdiari zuzenki lotutakoak; esate baterako, herriko dendetako erakusleihoetan txotxongiloak jarriko dituzte ikusgai. Baina, horrez gain, Paperezko antzerkia erakusketa ere ikusi ahalko da Topic nazioarteko txotxongiloen zentroan, 2022ko maiatzera arte.
Txotxongiloen jaialdiak
Gaurhasi eta hilaren 28ra arte, Tolosan (Gipuzkoa) eta Bilbon.