Zeelanda Berriko hondartza batean zegoen Rebekah Wild duela 10 urte. Itsasoak ekarritako egurra eta zaborra ikusi, eta horrekin guztiarekin jaialdi bat egitea pentsatu zuen. Nork esango zion orduan 10 urteren buruan antipodetan egongo zela ideia hartatik sortutako Fishing for Shadows jaia antolatzen?
Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdia abiatu zuten atzo Donostian. Ekainaren 5era arte, 39 ikuskizun plazaratuko dituzte hiriko hainbat lekutan, Topicen, Unima nazioarteko txotxongilolarien elkartearen eta Donostia 2016ren eskutik. Antolatzaileen arabera, munduko artistarik onenetarikoak dira elkartzekoak Donostiako jaialdian.
Wildena ez da, berez, ikuskizun bat. Herritarren esku uzten dituzte txotxongiloak. Txotxongilolariek mediku bata zuriak daramatzate, panpinaren bat apurtzen bada, konpontzeko. «Txotxongiloen sendagileak gara». Jendea berehala hasi da panpinak probatzen. Badira eskuila batekin edo errugbi pilota batekin gorputza egina duten txoriak, eta brotxa bat moko gisa. Nola ez, kiwiak dira, zeelandaberritarrei ezizena eman dien txoria. «Bizitza osoan txotxongiloak ibili izan banitu bezala nabil», esan du 60 bat urteko andre batek, frantsesez. Haur batzuk ere badaude. Birziklaturiko karramarroekin eta izurdeekin jolasten ari dira, itzal antzerkia egiteko pantailan. Behizikleta bat ere badago, esnez beteriko gomazko eskularru bat errape gisa.
Errepresioaren beldur
Marieta Rojo katalanak eta Laura Galli italiarrak osatzen dute AntiQchas bikotea, eta ikusleak harritu egin dituzte Easo plazan, Déjà Vu ikuskizunarekin. Saioaren erdian, panpinak lurrean utzi, eta eurak hasi dira dantzan. «Normalean, txotxongiloaren manipulatzailea ez da ikusi behar, baina gu bat-batean agertzen gara», esan du Rojok. Elkarrekin haserretzen diren bi ahizpa kantariren istorioa kontatu dute. Garai arriskutsuak dira txotxongilolarientzat. «Beldurra ematen dit errepresioak», esan du Gallik, Espainian otsailean kartzelan sarturiko Titeres Desde Abajo taldeko sortzaileak gogoan. «Txotxongiloak hasieratik izan dira herri kultura, miseria eta frustrazioari erantzuteko. Baina Espainiako eskuinak ez du ulertzen». Ines Goikoetxea ikuslea hurbildu zaie zoriontzera: «Halakorik gutxitan ikusten da», esan die pozik.
Ikusleekin nahi bezala jolasten da Desparpajo konpainiako Maria Camps. Txilekoa da, eta clown zein objektuen eta ikusleen manipulazio ikuskizuna aurkeztu du. Whitney Houston bihurtu da, gero Freddy Mercury, eta, azkenean, euli. Amaitu duenean, plazan garagardoa edaten ari zen gizon talde batek argazkia egin nahi izan du aktorearekin. «Beti inguratzen zaizkit plazetako junkie, mozkorti eta xelebreak. Nire pertsonaia ere horiekin joango litzateke», esan du Campsek. «Izugarri gustatzen zait aktoreak dena ematen ikustea», adierazi du Mafalda Saloio ikusleak, hiriko beste txoko batera, beste lan bat ikustera joan aurretik.
ATZEKOZ AURRERA
Txotxongiloak garai latzetan
Garai latzak dira txotxongilolarientzat, baina nazioarteko jaialdia egiten ari dira Donostian. Denera, 39 ikuskizun plazaratuko dituzte hiriko hainbat lekutan, ostegunera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu