Sagardo garaiko larunbatetan Hernani eta Astigarraga inguruak (Gipuzkoa) autobusez beteta ikusteak ez du inor harritzen gaur egun. Izan ere, Euskal Herri osoko kuadrilla ugarik autobusa alokatu eta sagardotegiko itzulia egin ohi dute. Hori bai, urtarriletik apiril-maiatz bitartean izaten dira sagardotegizaleen ibilaldiak. Urte guztian ateak zabalduta izaten dituzten sagardotegiak badauden arren, ez da sagardo garaian egoten den girorik, normalean. Hala ere, badaude giro horri urte guztian eusten saiatzen direnak ere.
Horren adibide da Sagardotegi Ibiltaria; urte guztian zerbitzua emateaz gain, eskaera egiten duenak nahi duen tokian prestatzen baitu sagardotegia zein sagardotegiko giroa.
«Funtsean bertsoa, trikitia eta sagardoa gustuko dituen lagun talde batek osatzen dugu Sagardotegi Ibiltaria», dio Asier Agirre bertako kideak. Oinarrian, sagardoa dastatzea da eskaintzen dute, baina, jendearen gozamena areagotzeko intentzioarekin, trikitia eta bertsoak ere eskaintzen dituzte. «Gurea ez da catering zerbitzu bat, gurea kultur emanaldi bat da».
Txotx irekiera izaten den festa irudikatzen dute; hori da haien helburua. «Festa hori izaten da politena, bertsolariekin eta trikitilariekin. Horrekin guztiarekin euskal kultura zabaldu nahi dugu. Ez gara joaten jendea mozkortzera».
Euskal Herri osotik deitzen diete, eta, batzuetan, toki erdaldunetara joan izan direnean, bertsolariak ez eramatea erabaki izan dute: «Jendeak bertsolariek zer esaten duten ulertzen ez baldin badute, alferrikakoa eta ezerosoa izaten da egoera, bai entzuleentzat eta bai bertsolarientzat. Hala ere, giro euskalduna beti izaten da, eta trikitilariak eramaten ditugu».
Kultura modu erakargarriagoan zabaltzeko eta eskaintza zabalagoa emateko asmoarekin, bi sistema dauzkate: estatikoa eta ibiltaria. Aurrenekoan toki jakin batean geldirik egoten dira guztiak; bestean, berriz, kalez kale ibiltzen dira, noizean behin geldialdiak eginez; txotx batzuk egin, trikitia jo eta bertso batzuk abestu.
Aurten, berrikuntza bat daukate; izan ere, txotx egiteko tresna berria prestatu dute. Bi upel ikus daitezke baserri edo etxola txiki batean sartuta. Itxura tradizionala dauka, baina toki batetik bestera mugitzeko prestatuta dago. Dagoeneko prest dute, eta datorren asteburuan estreinatzeko asmoa daukate. «Maiatzean herrietako jaiak hasiko dira, eta urtearen hondarrera arte jairik jai ibiliko gara».
Zortzi urte lanean
Plazaz plaza ibiltzen ziren batzuk bildu eta lanean hastea erabaki zuten. «Ekimena era naturalean sortu zen», dio Agirrek. «Batzuek azpiegitura teknikoa jartzeari ekin zioten, eta besteek bertsoaren eta trikitiaren inguruko lana prestatu zuten. Denon lana uztartu eta Sagardotegi Ibiltaria sortu genuen 2003ko udan». Ordutik, etenik gabe dabiltza «Euskal Herriko hiri, herri eta auzoetan barrena».
Txotxa edozein tokitan
Sagardotegia nahi den tokian eta nahi den garaian eskaintzen du Sagardotegi Ibiltaria osatzen duen lagun taldeak. Bertsolari eta trikitilariekin girotzen dute txotx zerbitzua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu