Iñigo Etxezarreta. ETSko abeslaria

«Txosnetan asko egoten naiz festetan»

En Tol Sarmiento musika taldeak zuzenean grabatu zuen igandean Gasteizko Foru plazan eskainitako kontzertua, CDa eta DVDa egiteko. Dokumental bat egiteko ere bidean dira.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2017ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
En Tol Sarmiento musika taldeak kontzertua eman zuen igandean, Gasteizko jaietan. Iñigo Etxezarreta (Gasteiz, 1988) ETS taldeko abeslaria musika eta jaia uztartzen saiatzen da egun hauetan. «Gure herrietan kontzertuak ematea tokatzen zaigunean, musika saioa bukatu eta gero, festara bueltatzen gara».

Zergatik erabaki zenuten Gasteizen grabatzea zuzeneko CDa eta DVDa?

Aukera genuen Bilbon ere grabatzeko, baina taldea arabarra izanik, iruditzen zitzaigun logikoena eta koherenteena Gasteizen grabatzea zela.

Dokumental bat ere ari zarete egiten, ezta? Zer ikusi ahal izango da?

Hala da, urte osoan ari gara taldearen dokumentala grabatzen, eta, Gasteizen ere, grabatu dugu. Dokumentalarekin nahi dugu ezagutarazi zer dagoen musika taldearen atzean, nolakoa den gure eguneroko bizitza... Gainera, kontuan izanik Arabako Errioxako musika talde bat garela, nola hasi ginen euskaraz abesten, Euskal Herri osoan kontzertuak jotzen...

Zenbat entsegu egin dituzue kontzertua baino lehen, kontuan izanda zuzenean grabatu duzuela diskoa ?

Gasteizko kontzertua hasi baino astebete lehenago, egunero. Bestela, normalean, astean behin entseatzen dugu. Kontzertu asko izaten ditugu. Askotan, kontzertuak ere entsegu bihurtzen dira.

Kontzertuaz gain, nola bizi dituzu Gasteizko jaiak?

Ni Gasteiz eta Ekora artean ibili izan naiz beti; izan ere, Ekora aitaren herria da; han sortu genuen taldea. Abuztuan beti egon izan dira niretzat bi jai, Gasteizkoak eta Ekorakoak; berdin-berdin bizi ditut biak. Gasteizen, urte askoan ibili izan naiz blusa eta neska kuadrilla batean, baina, aurten ez naiz aterako; ezin naiz denera heldu.

Zer gustatzen zaizun gehienjaietatik?

Txosnetan asko egoten naiz festetan. Lehen gustatzen zitzaidan Zeledonen jaitsiera, baina, orain, ez dut joateko ohiturarik. Bestalde, Gasteizko kaleetan egoten den giroa ere asko gustatzen zait: musika, txarangak...

Zein eremutan ibiltzen zara jaietan?

Leku askotan, lagunekin, Alde Zaharrean ibiltzen naiz, Foru plazako kontzertuak ikusten, adibidez. Beste egun batzuetan, txosnetan pasatzen dut gaua. Blusen eta nesken kuadrillan egon izan naizenean, kalez kale ibiltzea ere tokatu izan zait.

Euskarari zer garrantzi ematen diozue zuen abestietan?

Taldea sortu zenean, gehiena gazteleraz abesten genuen, geneukan errealitateagatik. Musikariak Errioxakoak izanik, ia ez zuten Euskal Herria ere ezagutzen. Nik beti izan dut gogoa euskaraz abesteko. Denbora pasatu ahala, taldeak ikusi zuen nolakoa zen euskal giroa, Euskal Herriko bizitza... Pixkanaka-pixkanaka taldea modu naturalean joan da pentsamenduz aldatuz. Azkenean, erabaki genuen guztia euskaraz egitea. Batez ere Arabako Errioxan asko ez denez erabiltzen, bultzada bat emateko.

Eta, aurrera begira, talde moduan, baduzue erronkarik?

Zuzenekoa eta dokumentala izan dira niretzat erronka handienak. Etorkizun luzera begira, ez dut ezer pentsatu nahi. Badakit musika izan nahi dudala ondoan. Baina egia da kentzen dizula denbora asko, arazo gehienak izaten direla taldearekin, baina, gehien hunkitu ere, taldearekin egiten zara... Musikak eta taldeak pertsonalki balio izan didate barneko haserre eta poztasun guztiak ateratzeko.

Udan hainbeste kontzertu izateak ematen dizue aukera herriko jaiez berdin gozatzeko?

Bada, ez. Adibidez, abuztuaren 4an izan genuen kontzertu bat, eta ezin izan nintzen Gasteizen egon. Batzuetan, esan izan dugu: «Ekorako jaietan ez dugu joko, adibidez». Baina, denok ez gara hemengoak, eta, horrela hasten bagara, udan ezer jo gabe geldituko gara. Orduan, gure herriko jaietan tokatzen zaizkigunean kontzertuak, festara bueltatzen gara goizeko lauretan, eta saiatzen gara festaz disfrutatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.