Jaiak jai izateko, txosnak ezinbestekoak dira, eta, aurten ere, ez dira falta Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan. Hainbat kolektiboren zazpi txosna eta bi karpa daude unibertsitate eremuan, eta baita beste karpa handi bat ere. Urtero bezala, txosna guneak eskaintza zabala ematen du, herri mugimendua indartzeko helburuarekin. Herriak herriarentzat egiten duen oparia.
Goizetan, ez da mugimendu handirik sumatzen unibertsitate eremuan. Arratsalde partera hasten da jendea mugitzen eta txosnetara hurreratzen. Egun bakoitza pertsonalizatuta dago, gai batekin, abuztuaren 4a izan ezik. Larunbata, preso eta iheslarien eguna; igandea, Entxosnazio Eguna; astelehena, Gazte Eguna; asteartea, Herri Botere Eguna, eta, asteazkena, Egun Feminista. Egun horietan guztietan daude herri bazkariak, bertso bazkariak eta bazkari feministak. Jendea bazkarietatik irten eta gero hasten dira txosnak girotzen.
Gauean izaten da giro gehien txosna eremuan. Izan ere, txosnen erakarpen nabarmenetariko bat gaueko kontzertuak dira. Gaur agertokian ikusi ahal izango dira: Eneritz Furyak, La Señora Tomasa, Aspencat, Tremenda Jauria eta DJ Irregular. Txosnak ixtean, goizeko bostak aldera, karpa handian elkartzen da jendea, festarako «komodinean».
Lehen egunetan izandako giroarekin pozik azaldu da Manu Atxaerandio txosna batzordeko arduraduna. Jaietako lehen eguna «oso ona» izan zela adierazi du; eguraldiak lagunduta, gaua zortziak arte luzatu zen. Abuztuaren 5ean, ordea, ez zen horrenbeste jende hurreratu txosna gunera. Hala ere, «orain arte abuztuaren 4a eta 5a egunik onenak izan dira», dio txosna batzordeko arduradunak. Gainontzeko egunetan, Gasteizko jende asko oporretara joaten da, eta ez da horrenbeste jende ikusten hirian. Beherakada hori txosnetan ere nabaritzen dela dio Atxaerandiok.
Berrikuntza bat edo beste izan ditu txosna batzordeak aurten ere; izan ere, abuztuaren 7ko kontzertu guztiak emakume musikariek eman dituzte. Lehenengoz izan dira emakumeak protagonista oholtza gainean Gazte Egunean.
Beste berritasun bat: argindarrerako hornitzailea aldatu du txosna batzordeak. Urte askoan egin izan dute lan Iberdrolarekin, baina, aurten, Goiener enpresarekin lan egiteaerabaki dute. Iberdrolak Errekaleorrekin eta Gazte Emantzipaziorako Sarearekin izan duen jarreragatik eta Goiener kooperatibismoan oinarritzen delako hartu dute aldatzeko erabakia. Bestalde, bi txosna berri batu dira aurten unibertsitate eremura: Errekaleor Bizirik eta Berriztu Araba.
Txosna batzordeko arduradunak espero du gaur, jaien azken eguna denez, jende mordoxka txosnetara hurbiltzea. Izan ere, 01:00etan igoko dute Zeledon. Ordu horretan udalak antolatzen duen egitaraua bukatu egingo denez, jende guztia txosna gunera joatea espero dute.
Txosna berriak
Errekaleor Bizirik eta Berriztu Araba kolektiboek txosnak jarri dituzte unibertsitate eremuan, lehenengoz. Txosnetako arduradunak azaldu du normalean «momentuan aldarrikatzeko beharra duten kolektiboak» sartzen direla txosna batzordean.
Aurreko urteetan, Fracking Ez txosna egon izan da Gasteizen. Aurten, ez dago kolektibo hori, baina, Fracking Ez-eko kideek eta beste lagun batzuek Berriztu Araba sortu dute. Luis Casado Berriztu Araba kolektiboko kidea da, eta, nabarmendu duenez, txosnetan sartzea «aukera on bat da» euren burua ezagutarazteko, Gasteizko beste herri mugimendu batzuekin batera. Gaineratu du txosnetan «lan interesgarria» egiten dela. Berriztu Arabako txosnan, afarietan zerbitzatzen dituzten produktu guztiak ekologikoak, bertakoak eta garaikoak dira. «Espero dugu apurka-apurka, urtez urte, lortzea oraindik eta txosna interesgarriagoa sortzea», azaldu du Casadok.
Bestalde, Errekaleor Bizirik proiektua eta kolektiboa Gasteizko herri mugimenduaren parte dela sentitzen dute bertako kideek. Itsaso Viñe Errekaleor Bizirik kolektiboko kideak hala dio: «Indartsu ikusi genuen gure burua, eta txosna edukitzeko erronkari ekin genion. Batetik, presentzia izateko herri mugimenduaren gune horretan, eta, bestetik, gure proiektuaren ekarpenekin gune hori elikatzeko». Barraz aparte, sukaldea dauka txosna berriak, eta krepeak, patatak eta enpanadak eskaintzen dituzte.
Viñek erantsi duenez, orain arte nahiko beteta egon da txosna. Gainera, txosnetan kolektibo berri bat sartzen denean, txosna tokirik okerrenean izatea egokitzen zaiola azaldu du, kontzertuetatik urrunen dagoen tokian. Hala ere, egunero jende asko pasatzen ari da handik, eta pozik daude txosnako kideak.
Txosnak, jaien osagai
Kontzertuei esker, jendetza biltzen da txosnetan, gauero. Emakumeak izan dira protagonista oholtza gainean, lehenengoz, Gazte Egunean. Bi kolektibo berri sartu dira Txosna Batzordean: Errekaleor Bizirik eta Berriztu Araba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu