Azken 35 urteotan ez da euskarazko kontsumoa %35etik igo. Hiru hamarkadaz egon gara blokeatuta, 1980koan aurrerakada egin ondoren», esan du Josu Amezaga EHUko soziologia irakasleak. «Ezinbestekoa dugu euskal komunikabideen inguruko gogoeta egitea». Hain zuzen ere, horretan aritzeko, Euskarazko komunikazioaren aukerak eta erronkak ikastaroa antolatu du Euskal Hedabideen Behategiak Udako Euskal Unibertsitatean, eta aretoa lepo dago Eibarko Markeskoa jauregian (Gipuzkoa). Entzuleen artean euskarazko hedabide askotako ordezkariak daude.
«Edukia da hedabideetan bilatzen eta kontsumitzen dena. Baina gaur ez da edukia bilatzen, edukiak berak aurkitzen gaitu gu». Hala azaldu du egoera Libe Mimenza Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaileak.
Mimenzak eta Amezagak gonbidatu bat dute, Skypen bidez, eta hura izango da ikastaroaren protagonista nagusia. Garazi Goia da, ikus-entzunezkoetan aditua. Telekomunikazioetan doktorea da segurarra (Gipuzkoa), eta hamar urtez aritu da BBCn lanean, hango estrategia erabakitzen. Sky telebistan dabil duela hiru urtetik hona, hau da, Erresuma Batuko ordainpeko kate pribaturik handienean.
Edukia ez da nahikoa
Goiak argi du: eduki gehiegi dago gaur, eta, BBC batentzat ere, edukia ez da nahikoa. «Gaur, edukia baino gehiago, esperientzia eta pertsonalizazioa eskaini behar dira, horrek sortzen du komunitatea».
Horretan dabiltza Goiak «enpresa global» deitzen dituenak: Amazon, Google... «Indarra galtzen ari gara astez aste», horien aldean. «Ez da esajerazioa, BBC bera ere oso arduratuta dago. Geu ere oso arduratuta egon beharko ginateke». Euskal Herrian estrategia bat definitzea ezinbestekoa da. «Ez badugu orain egiten, jan egingo gaituzte». Goiaren arabera, ez da abagunea urrats txikiak egiteko, edo orain arte bezala lan egiten jarraitzeko.
Amezagak, ordea, ez du erantzunik ikusten. EITB eraberritzeko batzordearen lana «emaitza handirik gabe» amaitzea litekeena dela uste du. «Urgentziaz hitz egiten dugu, baina badirudi izuak paralizaturik gaudela, txoritxoak bezala».
Goia ados dago: erakundeek ez dute komunikazio estrategia koherente bat. Baina ohartarazi du EITB ezin dela izan guztiaren konponbidea. «EITBk bete du eginkizun bat, baina ezin da lehiatu erraldoi horiekin. Ezin diogu presio hori jarri EITBri».Euskal hedabideek hamar urte barru eginkizun garrantzitsua izango dutela ziurtatzeko, agian «erakunde berri bat» sortu beharko litzatekeela gaineratu du. «Biktimismo bat dugu, beldur moduko bat». Haatik, euskara oso oinarri sendoa da, Goiaren arabera, bere inguruan komunitatea sortzen duelako, eta nortasunaren inguruko interes handia dagoelako munduan gaur. «Badugu erakusteko gauza asko, jendeari interesatuko zaizkionak. Kanpoan gurea erakusteko ahalegin handiagoa egin beharko genuke».
Eta euskarak badu publiko potentzial berria, Amezagaren arabera: 500.000 euskaldun zahar daude, 400.000 «euskaldunberri», eta euskara ulertzen duten beste 400.000. «Zergatik dago prest jendea ahalegina egiteko ingelesezko edukiak ikusteko, baina ez euskarazkoak?»
Goiaren arabera, euskaldunen ahulgune batengatik da: «Ez dugu arriskua hartzeko joera handirik. Uste dugu oso zaila dela ulertzen duten horiengana heltzea, eta ez dugu ahalegina egiten». BBCn ikusi duenez, komunikabidearen markari «beste osotasun bat» ematen dio talde txikiagoetara ere heltzeko ahaleginak. «Ez daukagu galtzeko asko. Audientziaren datuak ez dira datu bakarrak. Gauza berriak egiten arriskatzea ezinbestekoa dugu. Bestela, denbora galtzen ari gara». Baina arriskatzeko ere, estrategia orokor bat behar dela ohartarazi du. Txori izutuari hegan egin dezakeela gogorarazi diote Eibarren bildutakoek.
Txoritxo paralizatua
Euskal komunikabideentzat estrategia bat behar dela nabarmendu du Garazi Goiak, UEUko 'Euskarazko komunikazioaren aukerak eta erronkak' udako ikastaroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu