Ibanteli eta Axuria kaskoen artetik pasatzen dirahegazti migratzaileak. Ekialdeko Europako herrialdeak uzten dituzte janari beharrez, Espainia hegoaldera, eta Afrikara buruz. Udazkenean pasatzen dira Euskal Herriko zerutik; Sara (Lapurdi) eta Etxalar (Nafarroa) artean dagoen Lizarietako lepotik ezin hobeki ageri da txorien mugimendua. Largabistak begi aitzinean, orotariko hegaztiak ikus daitezke: arrano txikiak, miruak, gabirai arruntak edota ubarroi handiak. Atzokoa usoen migrazio eguna izan zen. Agorril erditsutik, 2.576 uso zenbatu ditu Kontaketarako, Babeserako eta Animaziorako CPAL elkarteak, Lizarietakoak.
Dozenaka lagun bildu ziren, atzo goizean, CPAL elkarteak antolatutako behaketa parte hartzailean. Pedagogia eta sentsibilizazioa egitea du xede taldeak. «Beha ezazue: Axuria kaskoaren ezkerretara, kurrilo arrunt bat duzue», bota du Mathilde Grand-Chavin elkarteko boluntarioak. Isiltasuna gailendu da, berehala, eta denek largabistetatik so egin diote kurrilo arruntari. Bakarrik ibiltzen da, zuria da, eta hegal puntak beltzak ditu. Aurten pasatu den espezie horretako 1.533. hegaztia da.
Usoak, berriz, taldeko migratzaileak dira. Eta, atzo, dozenaka talde pasatu ziren Lizarietako zerutik. «Ikusgarri bikaina», Grand-Chavinentzat. Talde handi bat pasatu da; begiratu diote guziek, baina ikusgarriak, oraingoan, badu zerbait tragediatik. Uso taldea pasatzearekin tiroak entzun baitira. Danba. Azkar, eta bortitz. Danba, berriz. «Ehiztariek postu bat dute ondoan. Badakigu eskualde honetan bereziki gai samina dela ehiza, eta sentsibilizazioa egiten saiatzen gara. Hegaztiei behatuz, zenbatuz, bada horiek miresteko beste manerarik, ehizatzea baino», uste du Grand-Chavinek.
CPAL elkartearen lana, berez, txoriak zenbatzea da. Datu bilketa egiten dute, eta, ondotik, ikerketa batzuk egiteko balio dute zenbaketek. «Hasteko, hemendik igarotzen den espezie kopurua kontatzen dugu, eta hegaldi bakoitzeko zenbat diren ere bai. Garrantzitsua da zenbatzea, baina, batez ere, denboran kokatzea. Hegaztien migrazioaren epeei ere behatzen diegu». Izan ere, klima larrialdiaren eraginez, migrazio epeak aldatzen ari dira, eta, zinezko ondorioak ezagutzeko «goizegi» izanik ere, «kezka iturri» da aldaketa. «Ohi baino berantago ikusten ditugu hegazti batzuk pasatzen. Ez da seinale ona», deitoratu du Grand-Chavinek.
Kezka ekologikoa
Hegaztien inguruko pedagogiaz harago, natura zaintzeko mezua zabaldu nahi du elkarteak. Kasurako, eta lekuko problematiketatik abiatzeko, eskopeta tiroak ere zenbatzen dituzte. Urriaren 1etik, 5.722 entzun dira. Zenbakia arbel batean idatzia dute, eta eguneratzen aritzen dira tiroak entzun ahala. «Usoen migrazioa hasia da, eta bulta honetan ehizak gora eginen du, berriz», azaldu du. Horrek ekologiari dagokionez egiten duen kaltea ere gogora ekarri du Grand-Chavinek: «5.722 tirorekin, guztira, 171 kilogramo berun dira naturan utziak direnak».
ATZEKOZ AURRERA
Txorien bidaia, largabistekin
Agorrilaren erditsutik hasiak dira hegaztien migrazio mugimenduak. Horiek zaintzeko lanetan ari da CPAL elkartea, Saran, Lizarietako lepotik begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu