Gastronomia

Txokolatezko gutizia urrekarak

'Ekhi Gold' izenpean, txokolatezko eta urrezko bonboiak egiten ditu Juan Mari Iriarte Berako gozogileak. Txokolatea jatorritik ekartzen du, eta ez du inolako makinarik erabiltzen prozesuan. Pozik dago bonboiak egiten ari diren bideaz.

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Bera
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Oraintsu arte inor gutxik pentsatuko zuen urrea jatekoa zenik. Bitxigintzan ezaguna eta preziatua da urrea; ez hainbeste sukaldaritzan eta gozogintzan. Beran (Nafarroa), ordea, bada gozogile bat urrea landu eta txokolatezko bonboiak egiten dituena: Juan Mari Iriarte. Ekhi Gold markaren izenpean merkaturatzen ditu urrezko bonboiak eta txokolateak, eta arrakasta izaten ari da, ez atzerrian bakarrik, baita Euskal Herrian ere.

Hendaia eta Zokoa (Lapurdi) artean dagoen erlaitzean paseatzen zebilela etorri zitzaion urrezko bonboiaren irudia: «Eguzkia itsasoan nola sartzen zen ikusi nuen, eta nire neskari erran nion: urrezko bonboi bat ematen du. Nire barreneko argia piztu zen». Aspalditik zuen gozogintzan «berea» zen zerbait egiteko grina, zerbait ezberdina egitekoa. Hor jarri zuen martxan bonboia sortzeko makinaria. Bi zientzialari kontratatu, eta proiektua aurkeztu zien: «Urrea osasunerako ona ote zen jakin nahi nuen; haiek Europan eta Ameriketan egindako ikerketak ekarri zizkidaten, eta urrea ona zela baieztatu zidaten. Hori jakinda esperimentatzen hasi nintzen», kontatu du.

Urrea ere erosi behar izan zuen bonboiak egiteko, eta tartean esperientzia txarren bat izan zuen, iruzur ere egiten ziotelako benetako urre ez zena urre gisa salduta. Urrearekin eta txokolatearekin saiakera andana egin ondotik lortu zuen urrezko bonboiak sortzea. Urrezko bonboia eginda marka erregistratu eta patentatzea erabaki zuen. «Hasieran, beldurra nuen patentatzeko orduan ea ideia kenduko ote zidaten; aitak ere beldur bera zuen. Iruzur eginen zidatela uste zuen». Azkenean, ordea, patentea eman zioten, eta eman eta gutxira zendu zen aita, duela lau urte.

Produktu berezia eskaintzen du Ekhi Goldek, «esperientzia bat», Iriarteren hitzetan. Horretarako jatorritik ekartzen du txokolatea, ekologikoa eta bidezko merkataritzakoa. Kriollo izeneko kakao mota erabiltzen du: «Kakao hagitz basatia eta purua da, autentikoa erabat», kontatu du.Metodo tradizional baten bidez ekartzen du kakaoa Berara Iriartek: «Kakaoa guztiz errespetatzen du, ez ditu 105 graduak gainditzen, eta esentzia guztia mantentzen du». Bere eskuekin egiten ditu Iriartek bonboiak, inolako makina industrialik erabili gabe: «Badu bere lana; urrearekin egiten den fusioak denbora gehixeago behar du: bonboi normal batek halako bi».

Txokolate eta urrezko bi bonboi biltzen dituen kutxa da Ekhi Golden produkturik ezagunena; ez bakarra, ordea. Bihotz formako bonboiak ere egiten ditu, baita boilurak ere. Bonboi formarik izan gabe, munduko hiru lurraldetako txokolateekin osatutako kutxa bat ere sortu du Iriartek: «Munduko hiru txokolaterik onenak ekarri ditugu, Venezuelakoa, Ghanakoa eta Madagaskarkoa. Txokolatearen benetako sustraietara joaten gara. Lehen mailako bidaia bat da, urrearekin eta txokolatearekin egina».

Luxuzko produktua da Iriartek eskaintzen duena; hala ere, «eskuragarria» den luxu bat dela dio. «Sei euro eta erdikoa da produkturik merkeena. Ez da astakeria bat; garestiena, aldiz, 190 eurokoa da». Luxuzko produktua izaki, saltzeko orduan ere luxua saltzen den eremuetan ezarri du Iriartek begirada. «[Espainiako] Estatu mailan luxua Marbellan mugitzen zela ikusi nuen. Zerrenda bat egin nuen bertako bitxi dendekin, eta mezu bat idatzi nien nire produktua aurkeztuz». Arrakasta izan zuen mezuak, bidali eta hurrengo egunean jaso baitzuen erantzuna. Marbellara joan eta bertako gourmet azoka batean produktua erakusteko aukera izan zuen horrela. Geroztik, batean eta bertzean ibili da produktuak saltzen, zein ekitaldi pribatuetan txokolatearen berri ematen eta txokolate dastaketak egiten. Berriki Donostiako enpresa batekin akordioa sinatu du, eta Dubain, Japonian, Errusian eta Ingalaterran salduko dituzte bere produktuak. Expasión aldizkariak eta Madrilgo Ifema azokak emandako ekintzaile onenaren saria ere irabazi du.

Sustraiak ahantzi gabe

Leku anitzetan ibiliagatik, Iriartek ez du bere jatorria atzendu, eta herrian bertan ere salgai jarri ditu bere produktuak, familiako negozioa duen Jaione gozotegian. Herrian ere harrera hagitz ona jaso duela nabarmendu du: «Harrigarria da, urrezko bonboiak ere nahiko ongi saltzen dira. Ez nuen batere espero. Kontent nago». Izan ere, herritik kanpo inoiz espero gabeko lekuetan salduagatik, gehiago betetzen du herritarrak direnean erosleak: «Duela guti Malerrekako mutiko bat etorri zen bere amarentzako bonboiak erostera sekulako ilusioarekin. Ni horrek asetzen nau. Bertze leku batzuetan, 100.000 euroko eraztun bat dute, eta gero kostatzen zaie bonboi batzuk erostea».

Ametsak betetzeko bide izan dira urrezko bonboiak Iriarterentzat. Haurra zeneko eta etxeko lantegian egoten zeneko garaiak oroitu ditu: «Umetan Ferrariren eta Lamborghiniren aldizkariak irakurtzen egoten nintzen lantegian irin artean. Zeinek erranen zidan orain horiek deituko zidatenik?». Haurra zela aita txokolatearekin lanean ikusita barruko harra piztu zitzaion, eta geroztik ibili da etxeko gozotegian lanean. Urte luzetako bide gogorrak saria izan du, kanpora bidaiatzeko etabertzela ezagutuko ez zukeen jendea ezagutzeko aukera izan baitu. Hala ere argi dio: «Gure bizitzan ez da deus ere aldatu». Familiako negozioarekin aitzinera jarraitzen du, egunerokoan urrezko bonboiez gain, tarta, pasta eta opilak egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.