Asteburuko proposamenak

Txistorra baino zerbait gehiago

Larunbatean ospatuko da San Tomas eguna Euskal Herriko hainbat txokotan; Bilbokoak, erraterako, 75. urteurrena du aurten.

Joan den urteko San Tomas azoka Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Joan den urteko San Tomas azoka Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iratxe Muxika
2024ko abenduaren 19a
05:00
Entzun

Urteak joan, urteak etorri, badira egun batzuk beti markatuta egoten direnak euskaldunen agendan. Horietako bat da San Tomas eguna. Abenduaren 21ean ospatzen da urtero, eta, jatorriz, baserritarren azoka eta besta eguna da. Baserriko produktuak izaten dira salgai kalean, eta herritar askok taloa eta txistorra jaten dituzte. 

Hainbat herritan dute baserritar jantzia janzteko eta kalera ateratzeko ohitura; bertzeak bertze, Donostian, Bilbon, Azpeitian eta Arrasaten (Gipuzkoa), eta Lekeition eta Zaldibarren (Bizkaia). Zenbait elementu eta jarduera beti berberak diren arren, urtearen eta herriaren arabera aldatu egiten da azoka egunaren egitaraua. 

Aurtengoa, dena dela, ohi baino bereziagoa izanen da Bilbon: duela 75 urte ospatu zuten lehendabiziko aldiz. Larunbatean, etxolek beteko dute Areatza eta haren ingurua: 235 jarriko dituzte guztira. 100.000 lagun inguru joaten dira urtero Bilboko San Tomas eguneko azokara, eta, aurten, 121 ekoizleren postuak izanen dituzte bisitatzeko. 09:00etan hasi, eta 20:00etara arte egonen dira irekita: haragia, kontserbak, fruta, barazkiak, esnekiak, eztia, gozoak eta edaria salduko dituzte, bertzeak bertze. Nora Sarasola BBK fundazioko zuzendariak «esfortzu kolektiboa» azpimarratu zuen Bilboko Udalarekin batera egindako aurkezpen deialdian, ortzegunean, eta argitu zuen horixe dela 75. urtez jarraian azokari bizirik eusteko sekretua. 

Bilboko San Tomas azokan, postuez gain, elkartasuna izanen da kalean. Hain justu, Bisubi fundazioak babarrun anoak zerbitzatuko ditu: 4.500 anoa, bakoitza 4 euroan. Irabazi guztiak Bizkaian gizarteratzearen eta ongizatearen alde lan egiten duten elkarteentzat izanen dira. Aurtengo, lau elkarte aukeratu dituzte: minbizia duten haur eta nerabeen gurasoen Aspanovas fundazioa, gorren inklusiorako Gregorio Ybarra elkartea, kulturarteko Norai elkartea eta Koop SF 34 mikroenpresa sozialen mintegia. Ez da gastronomia ekintza solidario bat egiten duten lehen urtea; iragan abenduan, erraterako, 200.000 euro bildu zituzten Bizkaiko bertze elkarte batzuetarako. Ekintza mota hori adibide gisara ulertzen du Lara Martin Bisubi fundazioko zuzendariak, bisitariek ikus dezaten gastronomia bera «bilakaera sozialerako bidea» izan daitekeela.

Gastronomiarena ez da, ordea, azokaren ezaugarri bakarra izanen, jasangarritasunaren alde ere jarriko baitute beren aletxoa. Zero kilometroko jan-edanak aterako dituzte mahaira, eta edalontzi berrerabilgarriak eta poltsa biodegradagarriak saldu. Gainera, gazte talde bat arituko da kontzientzia ekologista zabaltzen. 

Hiru sari banatuko dituzte San Tomas egunaren bueltan, baina, «jendetza» biltzea espero dutenez gero, abenduko azken egunean emanen dituzte sariak, BBK Salan, Sarasolak ortzegunean iragarri zuenez. Batetik, ekoizle gazteenaren saria banatuko dute, eta, haren ondotik, bi sari berezi: emakume baserritarren saria eta ekoizle baten ibilbideari dagokiona. 

Donostian, egun guztiko besta

Urteurren borobilik ospatuko ez duten arren, donostiarrek ere izanen dute zer ikusi eta zerekin gozatu. 10:00etan hasi eta 19:45era arteko egitaraua prestatu dute: ezti, txistor, txorimalo eta barazki lehiaketak, abere erakusketa, postuak, haurrentzako jokoak eta tailerrak, pilota, herri kirolak, bertsolariak, trikitilariak... Arrats aldean, berriz, musikak hartuko ditu kale gehienak, txarangak eta erromeriak izanen dituzte eta. 

Jantzi tradizionalek garrantzi berezia izanen dute aurten. Izan ere, Gero Axular dantza taldeak erakusketa bat antolatu du San Jeronimo kaleko aretoan; joan den astean ireki zuten, eta abenduaren 31ra arte iraunen du. Erakusketa jantzien ingurukoa da, eta azken bi hamarkadetako 50 jantzi jarriko dituzte ikusgai. Horrez gain, arreta bertze nonbait ere jarri dute aurten: emakumeen kirolean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.