Aldaketa teknologiko bati kantatu zion Jose Manuel Lujanbio Txirrita bertsolariak 1931. urtean. Baporezko tren bat martxan ikusi zuen haurra zela, eta ostera argindarrak bultzatutakoa eraikitzen ezagutu zuen, eta horri kantatu zion Norteko trenbideari izeneko bertso jarrietan. Ikasketarik ez zeukan pertsona batek aldaketa hori hain ongi erretratatu zuelako jarri zioten zientziaren dibulgazioaz arduratzen den irratsaioari Norteko ferrokarrila izena. Zientzia herritarrei gerturatzeko sortutako saioak hogei urte bete ditu, eta, urteurren horren aitzakian, jende aurrean grabatu zuten atzo azaroaren 26an emango duten programa. Publiko aurrean egindakoa izateagatik saio berezia izango da, baina baita ezohiko kokalekuan egin dutelako ere: EHUk Leioan duen Zientzia eta Teknologia Fakultateko ekitaldi aretoan aritu dira Norteko ferrokarrila-ren hogei urteak ospatzen.
«Hasiera batean, bi hilabeterako proba gisa hasi ginen, baina hogei urtez iraun dugu», azaldu du Pilar Kaltzada irratsaiokolehen esatariak, bideo bidez. Proiektuarekin Euskadi Irratira joan zirenean Julian Beloki orduko zuzendariak bidea garbi utzi ziela azaldu du, baina galdera egin omen zien: «Gai izango al zarete astean behin zientziari buruzko programa bat egiten euskaraz?». Hogei urteren ondoren, erantzuna agerian geratu da. Ordurako irratiko hainbat programatan zientziari buruzko solasaldietan parte hartzen zutela ekarri du gogora Kaltzadak, baina programa baten beharra sumatu zuten, eta asmo horrekin aurrera jo zuten.
Zientziari buruz hitz egiteko beharra ikusi zuten garai horretan, eta gaur egun, Norteko ferrokarrila saioaren balio handienetako bat da hori: zientziaren dibulgazioa publiko orokor batentzat egiten dutela. Eta hor egon zen irratsaioa aurrera ateratzeko beste erronketako bat,Kaltzadaren esanetan: «Esaten ziguten ea irratia zientziaren dibulgazioa egiteko tresna egokia ote zen; interesa egonez gero, edozein euskarri da ona zientziaren dibulgazioa egiteko». Eta hori erakutsi du irratsaioakazken hogei urtean egindako lanarekin.
1996. urte hartatik hogei urte igaro dira, eta etorkizunera begira jarri da Guillermo Roa irratsaioko egungo esataria: «Hemendik aurrera pentsatu behar dugu nola mantendu eta hobetu daitekeen saioa; pozik gaude lortu dugun duintasunagatik, baina hobetu daitekeela ikusten dugu. Jende on asko ari da dibulgazioaren inguruan lan handia egiten, eta horiek egiten dutena ikusi behar dugu hori gurera ekartzeko». Hamabi urte daramatza programako saioaren gidari lanetan, eta denbora horretan guztian «irratia egiten» ere ikasi duela esan du, irribarre artean. «Saioa hartu nuenean oso gutxi nekien, eta irratiko lankideei esker ikasi dut egun dakidana».
Zientziaren garapena
Urteurrena ospatzeko EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean egin duten programa berezian, urte horiei guztiei begiratu bat eman die Roak. Itziar Laka hizkuntzalariak, Javi Duoandikoetxea matematikariak, Marian Iriarte kimikariak eta Fernando Plazaola fisikariak zientzia azken hogei urtean nola aldatu den aztertu dute saioan. 1996. urtea Dolly ardia jaio zen urtea izan baitzen, baina hogei urte geroago, zelula amek aitzindaritza hartu diote klonazioaren gaiari. Hain zuzen, zientziak garai hartan egin zituen aurreikuspenak ez dira bete, «inork ez zuelako aurreikusten ordenagailuek halako presentzia hartuko zutenik», Duoandikoetxearen arabera. Beraz, aldagai hori aldatuta, aurreikuspen gehienak bertan behera geratu dira. «Politikariek politikaren aurreikuspenak egiten jakin ez duten moduan, zientzialariek ere gauza bera», Plazaolaren hitzetan.
Zientziaren garapen hori aztertuta, Roak beste mahai inguru bat egin du Norteko ferrokarrila saioaren urteurrenari buruz aritzeko. Hastapenetan lanean aritu zen Iñaki Irazabalbeitiak, Monika Ortueta Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanordeak eta Maria Gil Elhuyar fundazioko kideak parte hartu dute. «Gero eta beharrezkoagoa da jakintza zabaltzea, zientzia zer den eta sasi-jakintza zer den azaltzeko», Irazabalbeitiaren arabera. Horregatik, oraindik saioaren beharra ikusten du.
Txirrita eta zientzia
Euskadi Irratiko 'Norteko ferrokarrila' irratsaioak hogei urte bete ditu, eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean grabatu dute programa, eta hilaren 26an emango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu