Euskal Herriko zikloturismo bira, Iratiko Tourra, gaur hasiko da. Mauletik abiatuko da, eta gaur eta bihar jokatuko da. ESAIT eta Mauleko SAM txirrindularitza elkarteek antolatu dute jira, Euskal Herriko zikloturismo itzulia. Ekitaldia egiten den laugarren urtea izanen da aurtengoa. «Duela lau urte ekin genion elkarlanari ESAITekin, eta biziki kontent gaude, urtero parte hartzea goraka baitoa», erran du Joseph Rekaldek, SAM elkarteko lehendakariak.
Gaurko etapa, 10:30ean abiatuko da, Mauleko Jai Alai frontoitik, eta 80 kilometroko ibilbideabete beharko dute parte hartzaileek. «Atharratzerantz joan, Madalenako sei kilometroko mendatea igo, gainean pausatu, eta, ondotik, mendatea jaitsiko dugu Barkoxerantz, eta abiatu lekuan bukatuko da itzulia», erran du Mikel Uzkudunek, ESAIT elkarteko lehendakariorde eta txirrindularitza arloko arduradunak. Biharko etapa luzea eta aldapatsuagoa izanen dela adierazi dute antolatzaileek. 128 kilometroko ibilbidea aurreikusia dago, eta igo beharreko mendate luzeena zortzi kilometrokoa izanen da; Bidegurutzetakoa, hain zuzen ere.
Itzuliaren %90 era neutralizatuan iragateko moduan antolatu dute ESAIT eta SAM elkarteek. «Soilik Madalenako eta Bidegurutzetako mendateetan kronometratuko dituzte parte hartzaileek egin denborak, eta, beraz, sariak horren arabera emanen dira. Bestela, etaparen gainerakoan, elkarrekin joan beharko dute parte hartzaileek, antolakuntzak eman gehienezko abiaduran edo hortik behera», erran du Uzkundunek. Itzulia egiteko, eredu neutralizatua erabiliko dute, zikloturismo itzulietan egun nagusi den filosofiarekin apurtu nahian. «Parte hartzeko filosofia aldaketa bat proposatzen dugu, parte hartzaileagoa izateko xedean», adierazi du Uzkudunek. Bestalde, eman sariei begira, ohikoa ez den bikotezko sari bat emango dutela azaldu dute antolatzaileek. Gizon eta emakume batek elkarrekin egin ibilbidearen denboraren baturan oinarrituko da.
Helburuz bete itzulia
Euskal Herriko zikloturismo itzulia duela lau urte sortu zuten, hainbat helburu bete nahian, eta, egun, helburuak berak lantzen dihardute ESAIT eta SAM elkarteek. Alde batetik, Euskal Herriko zikloturisten bilgune izateko nahiarekin sortu zuten itzulia. «Euskal Herriko zikloturista guziei biltzeko parada ematea da gure asmoa». Bestalde, egun nagusi diren zikloturismo tourren filosofiarekin apurtu eta lehia lasaiago bat sortzeko helburuarekin eman zen abian Iratiko Tourra. «Oro har, basatiak izaten dira egungo birak, jende anitz zauritu izan ohi da... Hemen, abiadura maximo bat finkatua dagoenez, lasaiago iragaten da, eta, ibilbidean geldiguneak daudenez, harremanak sustatu eta elkarren artean ezagutzeko parada ematen die parte hartzaileei», azaldu du Uzkudunek.
Bukatzeko, euskal herritarrak Euskal Herri guzia ezagutze aldera, Hego Euskal Herriko jendea Ipar Euskal Herrira biltzeko xedearekin antolatzen hasi ziren Iratiko bira. «Hegoaldeko jendeak ohitura gutxi du Ipar Euskal Herrira etortzeko, eta are gutxiago Nafarroa Beherera edo Zuberoara. Inguru hauek ezagutzeko parada ematen die lehia honek», erran du Uzkudunek.
Urtero legez, bi txirrindulari omenduko ditu Euskal Herriko zikloturismo tourrak: Jesus Aranzabal eta Dina Mendikuteri eginen diete omenaldia aurten.
Txirrindularien topaketa
ESAIT eta SAM elkarteek antolatu Iratiko Tourra gaur abiatuko da, Mauletik. Bi etapa antolatu dituzte, 80 eta 128 kilometrokoakEuskal Herri osoko zikloturisten topagune izatea da helburua, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu