Zazpi txiotan bildu du Maitane Martinez informatikariak (Bastida, Araba, 1998) bere doktore tesiaren muina: «Parkinson gaixotasunaren diagnosi goiztiarra eta pronostikoa, biomarkatzaileak identifikatzea ikaskuntza automatikoaren teknikak aplikatuz». Egunerokoan egiten duen lana gizarteratu du, eta aurtengo Txiotesia lehiaketa irabazi. Atzo jaso zuen saria, UEUren egoitzan, Eibarren (Gipuzkoa).
Zuk zerorrek idatzi zenuen: nolatan ari da informatikari bat parkinsonari buruz ikertzen?
Normalean aipatzen didate, bai. Aldapa ikerketa taldean nago; haiek eskaini zidaten GRAL interesgarri bat, eta, oso ondo moldatu ginenez, masterra egin behar nuela jakin zutenean esan zidaten ea MALa eta tesia ere haiekin egin nahi nituen. Biobizkaia ikerketa zentroko gaixotasun neurodegeneratibo talde batekin lan egiten dute, eta kolaborazio horretan sortu zen parkinsonari buruzko proiektua, hau da, datu horiekin lan egitea, ikasketa automatikoko teknikak erabiliz. Hori izan da nire tesia.
Bi mundu dirudite, baina diziplinak uztargarriak dira?
Kuriosoa da; asko ikasten ari naiz parkinsonari buruz, ez bainekien ezer. Batetik, informatika arloan, ikasketa automatikoko teknikak aplikatzen ditut, eta, bestetik, erabiltzen ditudan datuak parkinsonari buruzkoak dira, medikuntzan aplikatzekoak.
Zertan datza zure proiektua zehazki?
Alde batetik, parkinsona goiz atzeman nahi dut. Eta, beste alde batetik, pazienteen eboluzioa ikusi: nola aldatzen diren urteek aurrera egin ahala bai kognitiboki eta bai arlo motorrean.
Nola egiten da hori?
Adibide baten bidez azalduko dizut: demagun udare berdeak eta sagar gorriak ditugula, eta biekin lotutako datu edo lagin asko. Datuak honako hauek izango lirateke: kolorea, pisua eta forma. Horietako batzuk, %80 inguru, entrenatzeko erabiltzen ditugu. Algoritmoak propietate batzuk ikasten ditu: adibidez, sagarrak gorriak direla. Eta, gero, beste datu batzuk hartzen dira ikusteko nola dabilen algoritmo hori: ea ondo sailkatu dituen sagarrak sagar moduan, edo nahasten dituen udareak eta sagarrak.
Zeintzuk dira zure sagarrak eta udareak?
Batetik, parkinsona daukaten paziente goiztiarrak, eta, bestetik, gaixotasunari buruzko kontrol datuak. Algoritmoak datu batzuk ikasten ditu paziente horiei buruz, eta, gero, beste batzuk iragartzen ditu. Ondoren, aztertu egiten dugu ea ondo egiten duen: hamarretik zortzitan baino gehiagotan asmatu du pertsona horrek parkinsona duen edo ez.
Zer datu erabiltzen dituzu horretarako?
Oraingoz, erabili ditugun datuak arlo motorrari ez dagokionak dira: adibidez, pazientearen usaimen falta, eta horrelako ezaugarriak. Test eta galdetegi sinple batzuk eginda lortzen dira, eta horregatik aukeratu ditugu horiek.
Zer lor daiteke horren bidez?
Lehenengo lanean, arau sinple batzuk aurkitzea, lehen arretan ere erabil daitezkeenak parkinsona goiz detektatzeko. Eboluzioari buruzko lanean, berriz, ikusteko zer tratamendu espezifiko ezarri pazienteei, kognitiboki eboluzio txarra izango dutelako.
Orokorrean, bakartia da informatikarien lana?
Nik orain etxetik egiten dut lan, egoera pertsonalagatik, baina astero ditut bilerak nire tutoreekin eta taldearekin. Haiek laguntzen didate, eta, arazorik baldin badaukat, hor daude posta edo dei bidez laguntzeko. Uste dut informatikari lana ez, baizik eta ikerketa lana dela bakartia. Ni zortekoa naiz, bai baitaukat talde bat laguntzeko.
Txiotesiak lagunduko du lan bakarti hori gizarteratzen...
Hori da Txiotesiari buruz gustatzen zaidana. Azkenean, gu sortzen ari gara jakintza, eta zertarako? Bada, jendeak ulertzeko. Txiotesiak balio du kaleko jendeak zer egiten ari garen jakin dezan, ez bakarrik gure alorreko pertsonek.
1.🔍
— Maitane Martínez Eguiluz (@MartinezEguiluz) May 14, 2024
Tesiaren izenburua: “Parkinson gaixotasunaren diagnosi goiztiarra eta prognostikoa, biomarkatzaileak identifikatzea ikaskuntza automatikoaren teknikak aplikatuz.” #txiotesia7
LOTSABAKO
Zure lanetik gehien gustatzen zaizuna?
Sortzea eta programatzea.Telelana edo bulegoa?
Orain, telelana.Informatikaria ez bazina, zer?
Matematikaria.