Europako hegazti espezieen %32 mehatxaturik edo ia mehatxaturik daude. %52aren egoera segurua da, eta geratzen den %16aren berririk ez dago. Horiexek dira Europako Batzordearen Naturaren Egoera txostenak jasotzen dituen datu nagusiak. Egoera kezkagarria dela diote adituek, nahiz eta ez den berria haien esanetan. Hegaztiak dira ingurugiroaren egoeraren isla; beraz, haien txio gero eta apalagoek arriskuaz ohartarazi dute.
Adibidez, usapalen populazioa %90 edo gehiago jaitsi da 1980. urtetik, eta mehatxatutako espezieen zerrenda gorrian sartu liteke aurki. Hegatxabala eta berdantza miarritza populazioak, berriz, %50 jaitsi dira. Populazioen egoeraz gainera, espezieen eta habitaten kontserbazioari buruzko datuak biltzen ditu txostenak. Espezieen %42 desegoki kontserbatzen ari da, eta %18, gaizki. Habitaten %47aren kontserbazioa desegokia da, eta %30arena, txarra. Soilik espezieen %23 eta habitaten %16 kontserbatzen dira modu egokian.
Espezieen kasuan, Europako Batzordeak dio «bereziki kezkagarria» dela zelai, hezegune eta duna habitaten galera. Habitatei dagokienez, nekazal jarduera zenbait eta giza jarduerak naturan eragindako aldaketak dira mehatxu nagusiak.
Datu horiek lortzeko, Europako Batasuneko estatuen arteko lankidetza beharrezkoa izan da, eta 2007-2012 urteen arteko datuak jaso dituzte tokian toki. Karmenu Vella ingurumen komisarioak esan duenez, txostenak oraindik konpontzeke dauden arazoak jarri ditu mahai gainean: «Arazo horiek konpondu behar ditugu, europarren osasuna eta gure ekonomia naturaren osasunaren araberakoak baitira».
Arrisku maila horren barruan Euskal Herria dago. «Hegaztiak bioadierazle nagusienetako bat dira egiten ari garen ingurumenaren kudeaketa egokia denetz jakiteko», azaldu du Ramon Elosegi Seo Birdlife elkarteko Hegoaldeko arduradunak. «Kasu honetan, esaten ari zaizkigu ez gabiltzala oso ongi».
Espezie taldeak oso ezberdinak dira, batzuk mehatxaturik daude, eta beste batzuk ongi mantentzen dira. Hala ere, gako nagusi bat aipatu du Juan Ignacio Dean ornitologo eta Gorosti elkarteko kideak: «Mehatxu gehien-gehienak gizakiaren jardueraren ondorio dira; batik bat, zuzeneko zein zeharkako jazarpenarena, eta habitaten eraldatzeen eta azpiegiturena». Txostenean aipatzen diren arazoak, baina, ez dira berriak. «Duela 10-20 urte ikus genezakeen hainbat habitat nabarmen okerrera egiten ari zirela».
Espezieen egoera aztertzerakoan, hainbat multzotan sailkatu daitezke: nekazaritzari lotutako hegaztiak, basoei atxikitakoak, hirietan bizi direnak eta hegazti harkaiztarrak. Gehienak gain behera doaz, baina nekazaritzari lotutakoek piztu dute kezka handiena. Europar Batzordeak dioenez, lurra lantzeko modua aldatu izanak, artzaintza sistemen galerak, emakortzeak eta pestizidek eragin handia dute.
Eragin handienetako bat habitaten uniformizazioa da. Euskal Herriko hegoaldean, batik bat mahasti, zereal edo eguzki-lore monolaborantza dago. Horren ondorioz, hegaztiak desagertuz doaz gutxika, edo irla isolatuetan geratzen dira. Nekazaritza idorreko zonaldean, atalarrak eta basoilo handiak oso egoera txarrean daude. Dena den, badira eraldaketetara ohitu eta zabaltzen direnak; adibidez, usapal turkiarrak.
Elosegik datu bat eman du: azken hogei urteetan nekazaritza eremuari lotutako hegaztien populazioa %40,7 jaitsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ehizaren presioa duten hegaztiak aipatu ditu —galeperra, usapal europarra, eper gorria...—, baina aleak jaten dituzten hegaztiek kezkatzen dute bereziki. «Hazi blindatuak erabiltzen dira, parasitoengandik oso ongi babestuak, baina pozoitsuak dira hegaztientzat ere».
Habitat galera da hegaztien populazioen gainbeheraren arrazoi nagusia. Edorta Unamuno Urdaibaiko Bird Centerreko biologoak hala dio. Enararen adibidea jarri du, baserrietako ohiko hegaztia. «Enara eta halakoentzako arazorik larrienada behar dituztela baserri inguruak, landa zabala, sasiak, ortuak, ganadua... Euskal Herrian izugarri aldatzen ari da hori, eta zer esanik ez Urdaibain». Bizkaian eta Gipuzkoan, nekazaritza intentsiboa baino, baserrien galera da arazoa, bere ustez.
Basoetan salbu
Hegazti harkaiztarrak —sai zuria eta ugatza, kasurako— ere ez daude egoera onean. Mendietan ungulatu handiak ez daude eremu zabaletan; beraz, bazkarik gabe geratzen dira. Elosegik beste arazo «beldurgarri» bat aipatu du, Nafarroako hegoaldean batik bat: pozoitutako bazka. Pozoituta hildako animalia elikatze katean sartzen da, eta hegazti batek jaten badu, pozoitu egiten da. Gainera, hilikitegietan geratzen dira asko. Hirietako hegaztiak ere —enara, enara azpizuria...—gain behera doaz, nahiz eta batzuk ongi moldatu diren ingurura, usoak kasu.
Basoetakoak dira egoera onenean direnak: okila, kaskabeltza, paridoa, arrano txikia, miru beltza... Basozainek ere hala dela esan esan diote Elosegiri. Pentsatu izan da basoak humanizatuegiak daudela eta pinu asko sartu dela, eta, beraz, bioaniztasun gutxi dutela. «Egurraren prezioa oso baxua denez, orain basoak ez dira mozten; heltzen eta zahartzen ari dira, eta haietan bizi diren hegaztiak egoera onean daude».
Europako Batzordearen txostenak badu albiste onik: kontserbaziorako hartutako neurri zehatzak arrakastatsuak izan direla. Hala, Natura 2000 Sarea goraipatu egiten du. Europako Batasunaren azaleraren %18 dago barruan, eta Hego Euskal Herriko azaleraren laurdena, gutxi gora behera.
Hitzetatik ekintzetara
Aditu guziak ados dira horrekin. Dena den, Elosegik esan duen bezala, askotan babestutako eremuak ahantzi egiten dira interes ekonomikoen mesedetan. Zilbetiko harrobia eta EAEko haustura hidraulikoa jarri ditu horren adibide. «Gogor borrokatu behar da babesa eraginkorra izateko. Ingurumena babesteko kultura handitu beharra dugu, eta, zoritxarrez, horrelakorik ez dago egun».
Dean kexu da, legeak eskatutako txostenak «berandu, gaizki eta beharturik» egin direlakoan. Bere aburuz, bioaniztasunarekin batera, baliabideak galtzen dira, badelako horrengatik ordaintzeko prest dagoen jendea. «Alde batetik, hemen bizi behar dugunon bizi kalitatea makurtzen da, eta, bestetik, baliabide ekonomiko hori desagertzen da». Costa Rica jarri du adibide gisa, gordetzen dituen baliabideez bizi baita.
Unamunok, berriz, gogora ekarri du sare baten parte direla habitat guziak. Hau da, ez duela balio bi gune babestea migrazio ibilbide osoa suntsitzen bada. Horregatik, elkarlana nabarmendu du. «Guk altxor hau ez badugu babesten, beste toki batzuei ere kalte egin edo eragingo diegu».
Txioka, arriskuaz ohartarazteko
'Naturaren Egoera' txostenaren arabera, Europako hiru hegaztitatik bat arriskuan dago. Nekazaritza ereduaren eragin nabarmenaz eta habitaten egoera txarraz ohartarazten du. Hegaztiak ingurumenaren osasuna neurtzeko bioadierazle direnez, datuek kezka sortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu