Bertsolaritzaren memoria historikoa jasotzen eta irratian herritarrei plazaratzen egin zituen ordu, egun, aste, hilabete eta urte ugari. Irratiari eta errimari emanak. Makina bat entzule akordatuko dira Herri Irratian eta Euskadi Irratian egin zuen lanarekin. Nikolas Aldai kazetaria (Errezil, Gipuzkoa, 1947) atzo hil zen.
Artziola baserrian jaio zen Aldai, eta, 10 urte betetzear zela, fraideekin ikastera joan zen, pasiotarretara. «Baina ez nuen ikusten nire bidea zenik. Artean, sinetsita nengoen hainbat gauzatan, baina nik landu beharreko baratzea beste bat zen», kontatu zion Karlos Aizpuruari, BERRIAn, 2005ean. Filosofia ikasketak egin zituen, eta teologia baztertu egin zuen.
Soldaduska egiten ari zela, Herri Irratian hasi zen, musika saioetan lehenbizi: han egin zuen aurreneko irratsaioa bertsolaritzari buruz. 1970eko hamarkada zen.Deia egunkarian aritu zen beharrean gero, Iruñean.
1982an, berriz, Euskadi Irratiaren sorreran parte hartu zuen kazetarietako bat izan zen; hasierako ordezkari sindikalekoa ere izan zen (ELAkoa). Magazinetan aritu zen aurreneko urteetan. 1987an, berriz, bertsolaritzari buruzko programa egiteko ardura eman zioten Euskadi Irratian. Lehenbizi, Euskal perlak saioa gidatu zuen; Patxi Mujikak grabatzen zituen bertso saioetatik alerik ederrenak ematen zituzten (Zaldubirenak ere aipatu izan ditu Aldaik). 1989ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa iritsi zenean, plazako momentu hartako bertsolaritzari heldu behar izan zion. Lehengo eta oraingo bertsolaritza biltzen eta lantzen jardun zuen hurrengo urteetan: 1993. urtean, Eta hitza jolas bihurtu zen irratsaioa sortu zuen —Hitza Jolas izena hartu zuen 2006an—. Horretan jardun zuen, 2008an erretiroa hartu zuen arte. «Erretiratu nintzenerako, osatu nuen datu baseak aukera ematen zuen bilaketa kronologikoki egiteko tokiaren arabera, bertsolariaren arabera, aurkezlearen arabera», kontatu zuen Aldaik, Bertsolari aldizkariaren azkeneko zenbakian. Egunotan argitaratu da.
Bertsolarien biografiak
Irratian ez ezik, liburuetan eta testuetan ere landu zuen azkeneko hamarkadetako bertsolaritza. Baita lehenagokoa ere. «XVII., XVIII. eta XIX. mendeetako bertsolaritza ahal den neurrian bildu eta datatu dut», azaldu zuen BERRIAn, erretiroa hartu berritan. Bertsolaritzarekin lotutako makina bat liburu idatzi zituen: Jose Lizaso: nere aldiko kronika; Mattin irriaren giltza: bertso hautatzailea; Uztapide berriro plazara... Iñaxi Etxaberen biografia ere idatzi zuen, Bidegileak bildumarako.
Odile Kruzeta Euskadi Irratiko zuzendari ohiak nabarmendu du Aldai gizon «konprometitua» izan zela: euskalgintzan, kazetaritzan eta bertsolaritzan. «Patxi Mujikaren grabaketak, bertso saioenak, gordinean hartu, eta sailkatu, orraztu eta datu base batean sartu zituen. Sekulako lana egin zuen, txindurri lana». Kruzetaren ustez, Xabier Sukiak bertsolaritza saioaren erreleboa hartu zuenean «bide bat urratua» zegoen.
Hondarribian (Gipuzkoa) bizi zen Aldai, eta arraunzalea zen. Izan ere, bere bi semeak arraunlariak izan dira.
Nikolas Aldai
Txindurri lanean, bertsoz bertso
Nikolas Aldai kazetaria hil da, 73 urte zituela. Herri Irratiko esataria izan zen. Ondotik, Euskadi Irratiaren sorreran parte hartu zuen, eta bertsolaritzari buruzko irratsaioak gidatu zituen urte luzez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu