Ia prest dute Tiangong. Txinako espazio estazioa hiru modulu iraunkorrek osatzen dute dagoeneko. Astelehenean, Mengtian esperimentuetarako bigarren modulua jaurti, eta Tianhe erdiko moduluan ongi akoplatu zuten. Hamahiru ordu baino gutxiagoan egin zuten hori. Modulua paratuta, bukatu dute estazioa eraikitzeko lanen lehenbiziko fasea, eta esperimentu zientifikoak ahalmen osoz egiteko aukera izanen dute aurrerantzean. Estazioaren lehenbiziko modulua 2021eko apirilean paratu zuten orbitan.
Tianhek bi esperimentu modulu ditu akoplaturik: Wentian eta Mengtian. Lehenbizikoa irailean mugitu zuten erditik eskuineko portura. Orain, Mengtian erdiko portutik ezkerrekora mugitu beharko dute. Eguzki panel malguak ahalik eta gehien zabaldu behar dituzte lehenbizi, eta, gero, tokiz aldatu. Mugimendu horien ondoren, T forma izanen du estazioak, baina oraingoz L asimetriko bat da.
Mengtian moduluak 23 tonako masa du, 14,88 metroko luzera eta 4,2 metroko gehienezko diametroa. Eguzki panelak erabat zabaldurik, 56 metroko tamaina du. Modulu horrek zortzi rack edo dispositibo teknologikoak gordetzeko egitura ditu —Wentianek lau rack ditu, eta Tianhek, bi—, eta hutsean karga erabilgarriak jartzeko konporta ere badauka. Beraz, estazioko laborategi zientifiko nagusia izanen da.
Wentianen helburu nagusia Tianhe erdiko moduluaren oinarrizko sistemak osatzea eta zabaltzea zen: giroskopoak, espazioko ibilaldietarako konporta, bizi euskarriko sistemak... Horretaz gain, aukera ematen du sei astronauta denbora batez han gelditzeko tripulazioen txanda aldaketetan.
Abiadura bizian
Urte eta erdi baino gutxiago behar izan du Txinak 70 tonako espazio estazio iraunkor bat eraikitzeko. Gainera, dagoeneko bederatzi pertsona bizi izan dira han, eta sei espazio ibilaldi egin dituzte. Azaroaren 12an, Tianzhou 5 zamaontzia jaurtiko dute, Tianzhou 4 ordezkatu dezan, zeina Tianheren atzeko portuan baitago. Gainera, Mengtian ezkerreko portuan dagoenean, hiru astronauta abiatuko dira Shenzhou 15 espazio hegaldian. Hiru astronauta daude han, ekainaz geroztik; beraz, Sehnzhou 15eko tripulazioa Shenzhou 14koarekin batuko da. Txinako espazioko programan lehen aldia izanen da sei herrikide orbitan dituztela.
Txinak burutu du bere estazioa eraikitzeko lanen lehen fasea
Mengtian laborategi modulua ongi ahokatu zaio Tiangong estazioari. Estazioko laborategi zientifiko nagusia izanen da modulu hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu