Zientzia

Txina, potentzia espazioan ere

Nazioarteko gutxiespenak eta gobernuaren informazio faltak lorpenak lausotu dituzte, baina Txina espazioko teknologiaren eta ikerketaren erreferentzia bihurtu da hogei urte eskasean: ibilgailu batek Marten lur hartzea lortu du; espazio estazio bat eraikitzen hasi da; eta hura da Ilargian lan gehien egiten ari den herrialdea.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2021eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Txinak espaziora bidalitako suziri baten zati bat kontrolik gabe sartu zen Lurreko atmosferanmaiatzaren hasieran. Esan zuten litekeena zela atmosferara sartzean desegin gabe geratutako zatiak munduko eremu zabal batean erortzea, Euskal Herrian barne. Iragan asteburuan, berriz, Txinak bidalitako ibilgailu batek Marten lur hartzea lortu zuen. Txinaren espazioko proiektuei buruz galdetuz gero, litekeena da jende gehiagok aipatzea suziriarekin egindako akatsa, Marteko lorpena baino. Txinak handik kanpo, Mendebaldeko herrialdeetan batez ere, eragiten duen mesfidantzaren eta uste txarraren erakusle da hori. Txinako Gobernuak halako gertaerei eta lorpenei buruzko informazioa ez zabaltzeak ere hauspotu egiten du jokaera hori.

Suziriaren zatiak Indiako Ozeanoan erori ziren, Maldivetatik ez oso urrun. Tianwen-1 misioko lurreratze moduluak, berriz, ostiralean lur hartu zuen Marten —larunbata Txinan—, Utopia Planitia deitutako eremu lau eta zabalean, planetaren ipar hemisferioan. Tianwen-1 misioko zunda otsailaren 10etik zebilen Marteren orbitan bueltaka, eta iragan ostiralean askatu zen handik lurreratze modulua. Modulu horren goiko aldean dago Zhurong (suaren jainkoa Txinako mitologian) rover ibilgailua. CNSA Txinako Espazio Agentziak herenegun zabaldu zituen Zhurong-en kamerak ateratako lehen irudiak. Argazkietan ikus zitekeenez, arrapalak prestatu zituzten ibilgailua lurrera jaisteko.

NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziaren roverrak, Perseverance-k, otsailaren 18an lur hartu zuen Marten. Garrantzitsua izan zen. Lorpena. Txinaren Zhurong-ek egitea, ordea, historikoa da. Erakustaldia. Txinarenak meritu handiagoa du, lehen saioan lortu baitu, NASAk Marten eta Martetik kanpo pilatutako eskarmenturik gabe.

Harrigarria da zer lortu duen, baina baita zer abiaduratan ere. Misio bakarrean lortu du NASAk hamarkadatan egin duena. «Txundigarria» da Daniel Marin astrofisikari, zientzia dibulgatzaile eta Eureka blogaren arduradunarentzat: «Aintzat hartu behar da Txinak 2007an jaurti zuela bere lehen zunda espaziala, Ilargira». Chang'e-1 izan zen.

Ez da erraza Marten lur hartzea. Hango airea finagoa da; erresistentzia gutxiago eragiten du, eta lurreratzeko abiadura izugarria da: 4,8 kilometro segundokoa. Airearen marruskadurak sekulako beroa sortzen du, eta ezkutu termiko batekin babestu behar izaten da modulua. Abiadura moteltzeko, aurrena, paraxuta zabaldu behar da: Txinako misioaren kasuan, abiadura orduko 1.650 kilometrokoa zenean zabaldu zen. Gero, askatu egin behar dira, bai babes ezkutua, bai paraxuta —abiadura 340 kilometro ordukoa zen horiek askatzean—. Eta, paraxutik gabe, retromotorrak martxan jarri behar dira abiadura moteltzen jarraitzeko; nabigazio optikoaren bidez leku egokira zuzendu, eta, azkenik, gozo-gozo lur hartu. Hori guztia, programatutako operazio baten bitartez, Lurretik zuzenean eragiteko aukerarik gabe. Izu minutuak deitzen diete.

«Jauzi kualitatiboa»

Marinek uste du Txinak sekulako meritua duela. «Jauzi kualitatibo bat da», haren iritziz: «Txinak aurretik erakutsi zuen bazekiela Ilargira joaten, baina, Ilargiko programari meriturik kendu gabe, Ilargia hemen ondoan dago, eta errazagoa da komunikatzea eta lur hartzea. Marte askoz ere zailagoa da, eta Txinak balentria lortu du». Txinak orbitatzaile bat, lur hartzeko modulu bat eta rover ibilgailu bat bidali ditu Tianwen-1 misioan.

Berez, 92 eguneko misioa izango da. Gerta daiteke, ordea, misioa luzatzea. Zhurong ibilgailuak halako misioek izan ohi duten ohiko tresneria du: kamerak, radar bat lur azpiko egiturak ikusteko —izotza, besteak beste— eta laser bidezko espektrometro bat, harrien eta mineralen osagaiak jakiteko (Frantziarekin elkarlanean garatua, Perseverance-rena bezala). Duela milioika urte Utopia Planitia ozeano baten azpian egon zitekeela uste dute ikertzaileek. Zhurong-ek magnetometro bat ere badu, inguruko eremu magnetikoak aztertzeko.

Hori bai, Perseverance-k ez bezala, eguzki plakak erabiliko ditu argindarra sortzeko, Marteko hautsa plaken gainetik kentzeko sistema eta guzti, bai hautsa aldaraziz, bai plakak zutik jarriz, hautsa erortzeko. «Ez da Perseverance bezain aurreratua eta zientifikoki handinahia, baina, lehen misioa izateko, ahalmen handiko tresna zientifikoak ditu», nabarmendu du Marinek. Txinako Gobernuak eta CNSAk oso informazio gutxi zabaldu dute Zhurong-en egitekoaz. Zunda ibilgailuaren osagarri izango da, bai Lurrarekin komunikatzeko, bai Marte ikertzeko.

Txina Martera iristea lorpen handia da, baina Txina ez da Marten bakarrik ari lanean. Komunikabide gehienek aipatzen ez badute ere, eta Txinako Gobernuak publizitate askorik egiten ez badu ere, ibilbide oparoa egiten ari da espazioan. Martez gain, beste bi proiektu nagusi ditu: Ilargia eta espazio estazioa.

Tianhe espazio estazioaren lehen modulua Lurrari biraka du apirilaren bukaeratik; 29an bidali zuen. Daniel Marini Martekoa baino «harrigarriagoa» iruditzen zaio espazio estazioarenak hain oihartzun txikia izatea: «Funtsezko urratsa da Txinaren espazio programarako. Gizateriak bi espazio estazio izango ditu: Txinarena eta ISS Nazioarteko Espazio Estazioa».

'Taikonautak' 2022an

Txinak 2022aren amaierarako bukatu nahi du estazioa. Ekainaren 10ean bidaliko ditu lehen astronautak —taikonauta-k, txineraz—, eta irailera arte egongo dira han. Espazioan denbora gehien egingo duten astronauta txinatarrak izango dira. Hurrengo urtetik aurrera, astronautak egongo dira han etengabe.

Ez dago batere argi ISSk zer etorkizun izango duen 2024tik aurrera. AEBek ISSn inbertsio eta bazkide pribatuak sartzeko aukera aipatu dute; Errusiak, bere zatiak hartu eta espazio estazio propioa sortzekoa. Gerta daiteke ISS desegitea edo zatikatzea, eta Txinarena izatea espazio estazio egonkor bakarra espazioan.

Lurretik Ilargiaz gozatzen den bitartean, Txina bete-betean lanean ari da han, ezkutuko aldean. Alde horretan lur hartu duen munduko lehen herrialdea izan da. Chang'e-4 zunda eta Yutu-2 rover ibilgailua ditu han. Iazko abenduan, Chang'e-5 zundak Ilargitik lurrera laginak ekartzea lortu zuen: 1,7 kilo arroka eta erregolito (Ilargiko hauts geruza fina). AEBek eta Errusiak ere ekarri izan dituzte laginak Ilargitik, baina ez azkeneko 44 urteetan. Marinek uste du «oharkabean» pasatzen ari dela, eta Txinarekiko «gutxiespena» ere badela.

Txinak Ilargiko hego poloa ikertu nahi du. Ikerketarako base automatiko bat sortu ere bai, Errusiarekin batera. NASAren eta beste espazio agentzia batzuen helburuen artean ere badago Ilargiko hego poloa, Ilargiko izotza ikerketarako gai garrantzitsua bihurtu baita. Txina gainerakoak baino urrats bat aurrerago dago, ordea. «Misio tripulatuak bidaltzeko asmoa ere badu», Marinek zehaztu duenez: «Astronauta txinatar bat jarriko lukete 2030 inguruan».

AEBekin lehia

NASAk ere badu astronautak Ilargira eramateko misio bat: Artemisa. Berez, hasieran, esan zuten 2024an egingo zutela, baina 2024a gain-gainean dago, eta ezinezkoa dirudi. «Esaten ari dira atzeratu egingo dutela, 2028ra edo 2030era», Marinen arabera.

Beraz, Txinak eta AEBek lehia izango dute denbora askoan Ilargira lehen astronauta eramateko. Litekeena da Marten ere lehia izatea: biek laginak ekarri nahi dituzte Martetik Lurrera. NASAk, ESA Europako Espazio Agentziarekin elkarlanean; dena ondo ateraz gero, 2031n.

«Aktore berri bat iritsi da Martera». Marin Txinaz ari da, AEBak gogoan. Orain artean NASAren eremua izan da Marte, baina, bat-batean, auzokide berri bat du. Ikuspegi zientifikotik, AEBek abantaila handia dute, baina Marinek uste du ikuspegi politikotik ondorioren bat izan dezakeela: «Txina Ilargian aritu denean, AEBek gutxietsi egin dute: esan dute haiek hori guztia egin dutela, ez dela oso interesgarria eta haiek, Ilargian beharrean, Marten zeudela; orain, ordea, Txina ere Marten dago. Ea horrek zer ondorio dituen. Egoera interesgarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.