Datorren asteko estreinaldiak

Txina garaikideko aldaketen behatzailea

Hiru atal kronologikotan banatu du Jia Zhang Ke zinemagileak bere azken filma: 'Shan he gu ren'. Atal bakoitza formatu batean filmatu du zuzendari txinatarrak. Lehendabiziko aldiz, Txinatik kanpo aritu da grabatzen

Iazko Cannesko Zinemaldian ere parte hartu zuen Jia Zhang Ke zinemagile txinatarrak, Shan he gu ren filmarekin, eta oso kritika onak jaso zituen. BERRIA.
Gontzal Agote.
2016ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Azken urteotan, Cannesen ohikoak bihurtu dira Jia Zhang Ke zuzendariaren filmak. Munduko zinemaldirik entzutetsuenean parte hartzeak mundu osoko ateak ireki dizkio zinemagile txinatarrari, nahiz eta haren pelikulek ez duten bertan sari handirik eskuratu. Soilik, orain dela hiru urteko Tian zhu ding filmak lortu zuen sari txiki bat: gidoirik onenaren saria. Hala eta guztiz ere, Cannesen asko baloratzen dute Zhang Ke ren lana, eta hango epaimahaikide ere izana da.

Shan he gu ren filmak ere iazko aldian hartu zuen parte. Oro har, kritika onak izan zituen Zhang Keren azkenak, baina, beste behin ere, esku hutsik joan zen.

Sariak sari, erregistro aldaketa ekarri zuen pelikulak, betiko gaiei eutsi arren —Txina barneko aldaketak, familia, bakardadea…—, joera narratiboago erakutsi baitu oraingoan. Era berean, lehenengo aldiz, etorkizunean girotutako pasarte bat du film berriak.

Haren beste hainbat pelikulatan bezala, Fenyang sorterrian dago girotuta Shan he gu ren, eta egitura hiru ataletan dago banatuta. Lehena, 90eko hamarkadan gertatzen da; bigarrena, orainaldian, eta, azkena, etorkizun hurbil batean, 2025. urtean. Atal bakoitza formatu ezberdin batean filmatu du zuzendariak.

Lehen aldiz Txinatik kanpo filmatu du Zhang Kek, pelikularen azken atala Australian gertatzen baita. Ingelesez egin behar izateak eta kontrolatzen ez zuen ekoizpen sistema batean egin izanak zailtasunak eragin zituztela aitortu du zinemagileak. Horrez gain, filmak sorpresa bat du, Pet Shop Boys taldearen Go West kanta ezagunaren gaineko koreografia batek zabalduko baitu filma.

Tao Fenyangen bizi den gazte bat da, eta, haurtzarotik, bi gizonen artean erdibitua du bihotza. Zang gasolindegi baten jabea da, eta, itxuraz, etorkizun ekonomiko oparoa du aurretik. Liangek, berriz, ikatz meategi batean egiten du lan. Askatasun eta segurtasunaren arteko betiko hautuarekin borrokatu beharko da Tao.

Begirada kritikoa

Pinturan eta literaturan hainbat saiakera egin ostean, azkenean, Jia Zhang Kek zinemagintzaren bidetik jotzea erabaki zuen. Beijingen zinema ikasketak egin ostean, 1997an eman zen ezagutzera, bere lehen film luzearekin: Xiao Wu. Hiru urte geroago etorriko zen Zhantai, nazioartean ezagutarazi zuen filma. Pelikula horrekin, Veneziako zinemaldian parte hartzea lortu zuen.

Hortik aurrera, zuzendariak Txina garaikidean gertatzen ari diren aldaketa sozialak islatzen segitu du, dokumentala eta fikziozko istorioak uztartuz. Politikoak izan gabe, ikuspegi kritikoa dute haren filmek, eta, horren ondorioz, zenbait arazo izan ditu Txinako agintariekin.

'SHAN HE GU REN'

Zuzendaria: Jia Zhang Ke.

Aktoreak: Tao Zhao, Zhang Yi, Liang Jingdong, Dong Zijian, Sylvia Chang.

Herrialdea: Txina.

Urtea: 2015.

Iraupena: 131 minutu.

Generoa: Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.