ATZEKOZ AURRERA. Kote Camacho. Bideogilea

«Txillardegirekiko interesa piztea da lanaren asmoa»

Txillardegi eta hark egindako lana «ezkutuan eta desitxuratua» dagoela uste du Camachok. Pertsonaren alderdiak, ekarpenak eta lanak agerian utzi nahi ditu hari buruz egiten ari den lanarekin.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Nagore Etxeberria.
Oiartzun
2017ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
«Euskara Txillardegiri esker salbatu zen». Kote Camacho bideogilearen (Oiartzun, Gipuzkoa, 1980) hitzak dira. Horra idazleak euskalgintzari egindako ekarpenetako bat. Camachoren ustez, askok ez dakite Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k egindakoaren laurdena ere. Idazlea eta hark egindako lana gizarteratzeko asmoz, Txillardegiren egunkari ezkutua dokumentala prestatzen dabil, buru-belarri.

Ostiralean jende aurrean aurkeztu zenuen orain arte egindako lana. Zer-nolako harrera izan zuen?

Oraindik amaitu gabeko lana da. Larunbatean, baina, Txillardegiren heriotzaren bosgarren urteurrena bete zen, eta martxan den dokumentalaren lagin bat erakustea nahi zuen Txillardegi Udal Liburutegia herri egitasmoak. Ikusleen artean,unibertsitateko irakasleak, idazleak eta kultura munduko jendea zegoen, eta, beraz, urduri samar jarri nintzen. Baina, egia esan, harrera ona izan zuen, eta horrek poztu eta, aldi berean, lasaitu egiten nau.

Lana amaitzeko denboratxo bat beharko duzu...

Bai. Informazio pila bat daukat, eta guztia moldatu beharra dut. Ondoren, ildo bat izango du istorioak, animazioak sartuko dizkiot, eta erritmoa eman. Denboratxo bat beharko dut lana erabat osatzeko. Txillardegiren heriotzaren seigarren urteurrenerako lana amaituta eta aurkezpen itxurazko bat egiteko moduan izatea espero dut; agian, baita lehenago ere.

Zure burutazioa izan zen Txillardegiri buruzko dokumentala egitea?

Ez, ez zitzaidan niri bururatu. Txillardegiren irudia oso desitxuratua zegoela eta hark egindako lana eta ekarpena ezkutuan geratzen zela ikusirik, Fito Rodriguez idazlea kultura munduko jendea elkarrizketatzen hasi zen. Fitoren helburua, baina, ez zen dokumental astun eta jaso bat egitea, herritar orori interesatuko litzaiokeen lan bat egitea baizik. Dokumentalari gertutasun hori eman nahian, niregana jo zuen, bildutako informazioa osa eta ilustra nezan. Ordurako, Txillardegiren inguruan informazioa bilatzen hasia nengoen neure kabuz, idazlearen gaineko interesa nuelako. Proposamena onartuta, Fitok eta biok egin dugu gidoia.

Zer erakutsi nahi izan duzu dokumentalarekin?

Txillardegi ezagutzen ez duen pertsona baten ikuspegitik kontatuta dago istorioa. Hala, idazlea nor den jakin nahian ingurukoei galdezka hasten da protagonista, eta, pixkanaka, idazlearen alderdi ezberdinak, egindako lanak eta ekarpenak ezagutuz joaten da jendeak kontatzen dizkion istorioetatik. Azken batean, asmoa da idazlea ezagutaraztea. Ezagutzeko plazera izan duten guztiak ados daude esatean hark egindako ekarpenak funtsezkoak izan direla euskalgintzan eta herrigintzan, eta ezagutu beharreko pertsona dela. Hori da, hain zuzen, dokumentalean azaleratu nahi duguna. Askok, baina, ez dute ezagutzen hark egindako lana. Zergatik? Haren lana, ekarpena eta irudia zokoratuta eta desitxuratuta dagoelako izan daiteke. Hori ere salatu nahi izan dugu. Ezjakintasunaren haritik tiraka, idazlearekiko interesa piztea da asmoa. Zaila da Txillardegik egin eta ekarri zuen guztia ordu erdiko dokumental batean kontatzea. Iraupen oso luzeko film bat beharko nuke guztia kontatzeko.

Nola oroitzen duzu Txillardegi?

Egia esan, ez nuen ezagutzen gehiegi haren ibilbidea eta egindako lana. Baina aspaldian hasi nintzen Txillardegiri buruz ikertzen, eta, orain, informazio ugari eta oso interesgarria aurkitzen ari naiz dokumentalarekin. Uste dut oso pertsona erakargarria dela.

Asko ikasten ari zara, beraz?

Lanak Txillardegi sakonago ezagutzeko aukera eman dit. Informazio pila dut batua, eta horrek proiektuan eta dokumentalean aurreratzea eragozten dit. Informazioaren nahaspilan murgildurik nago.

Ez da erraza izango halako ibilbide luzea duen pertsona baten bizitza minutu gutxian laburtzea, ezta?

Ez, batere ez. Bildutako datu, hausnarketa eta pasarte asko eta asko oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Baina, zoritxarrez, informazio asko dokumentaletik kanpora geratuko da, guztia sartzea ezinezkoa delako. Jendearen interesa eta jakin gosea pizteko amu batzuk botako ditut.

Donostiako udal liburutegiak Txillardegiren izena jartzea eskatzen du Txillardegi Udal Liburutegia herri egitasmoak. Zer iruditzen zaizu?

Gure herriari, kulturari eta euskarari egin dion ekarpena kontuan izanda, harrigarria da nolatan ez dagoen Txillardegi izeneko kalerik edo plazarik inon. Merezimendu gutxiago duen jende askok du bere izeneko kalea. Haren figura eta lana ezagutu dugun guztiok ez dugu inolako zalantzarik liburutegiak haren izena izan beharko lukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.