Txikitu aurretik aprobetxatzeko

Autoak desegiteko negozioek bilakaera handia izan dute: ingurumenaren aldeko jarrera barneratu, eta digitalizaziora egokitu dira. Bigarren eskuko piezen salmenta eta hondakinen kudeaketa jasangarria dira gaur egungo helburu nagusiak.

Garcia y Arrausi autoak suntsitzeko enpresa, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Garcia y Arrausi autoak suntsitzeko enpresa, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
unai etxenausia
2025eko otsailaren 12a
05:00
Entzun

Automobilgintzaren mundua etengabe aldatzen ari da, eta autoak desegiteko negozioek ere bilakaera hori islatu dute. Bigarren eskuko piezak saltzea eta hondakinak modu jasangarrian kudeatzea dute helburu, eta online merkataritzara egokitu dira horretarako. Bezeroek munduko edozein lekutatik eskuratu ditzakete desmuntatutako piezak; ondorioz, negozioa eraginkorrago bilakatu da, ingurumenari kalte gutxiago egiten dio eta automobil zaharrei beste bizialdi bat ematen die.

Gasteiz kanpoaldean, 40 urte baino gehiagoko historia duen negozio bat, Desguaces Garcia y Arrausi SM, etengabe aldatzen ari da merkatuaren eskaerei aurre egiteko. Garcia y Arrausi ez da autoen hilerri huts bat; horren ordez, azken urteotan hondakinen kudeaketa eta bigarren eskuko piezen salmenta digitala uztartu dituzte autoak desmuntatzeko tokian.

Nahikari Balanzategi langileak xehetasunez azaldu du nolakoa den ibilgailu bat desmuntatzeko «prozesu konplexua», autoa tokira ekartzen dutenetik guztiz desmuntatuta geratzen den arte. Lehenik, harrera gunea erakutsi du: bertan «batez beste, sei edo zazpi auto» jasotzen dituzte egunero. Hogei bat ibilgailu daude pilatuta, harrera guneko atea ia erabat estaliz; sarbidea non dagoen bereiztea zailtzen du horrek. «Autoak harrera gunera iristen direnean, oraindik ez ditugu hondakintzat jotzen. Behin baja emanda, ordea, hondakin bihurtzen dira», azaldu du Balanzategik.

Bezeroen auto jasotzen. RAUL BOGAJO / FOKU
Langile bat Gasteizko Desguaces Garcia y Arrausi enpresan, bezero baten autoa jasotzen. RAUL BOGAJO / FOKU

Ondoren, deskontaminazio eremura eramaten dituzte ibilgailuak, eta ingurumenarentzat arriskutsuak diren likido guztiak kentzen dizkiete. Hozgarria, balazta-likidoa eta erregaiak bereizten dituzte prozesu zorrotz baten bidez; gero, produktu horiek modu kontrolatuan bildu, eta tratamendu egokia ematen diete. Horrez gain, beste hainbat material ere bereizten dituzte, hala nola olioak, metagailuak eta beste hondakin toxiko batzuk, ingurumena babesteko legeak betetzeko helburuarekin. «Deskontaminazioa ezinbestekoa da ingurumenaren babesa bermatzeko eta araudi guztiak betetzeko», azaldu du Balanzategik; azpimarratu du prozesu hori funtsezkoa dela ingurumena babesteko eta automobilak legearen arabera suntsitu ahal izateko.

Bi langile pieza baliagarriak eta berrerabil daitezkeenak kentzen ari dira autoetatik, aprobetxa daitezkeen osagaiak arretaz bereiziz. Balanzategik azaldu duenez, ezin da zehaztu zein den gehien aprobetxatzen duten pieza. Izan ere, beharra sasoiaren arabera aldatzen da. «Zaila da esatea zer saltzen den gehien. Neguan, adibidez, aire berogailuko piezak». Aprobetxa daitezkeen piezak kendu eta gero, autoak atzealdean pilatzen dituzte. Hala ere, ez dituzte bertan suntsitzen; leku berezietara eramaten dituzte horretarako, prozesua modu egokian amaitzeko eta autoa birrintzeko.

Langile bat autoa deskontaminatzen. RAUL BOGAJO / FOKU
Langile bat, Gasteizen, auto bat deskontaminatzen. RAUL BOGAJO / FOKU

Auto suntsituen piezak biltegi erraldoi batean gordetzen dituzte, hainbat kategoriatan sailkatuta: ateak, bateriak, motorrak... Langile bat pakete guztiak katalogatzeaz eta bidalketarako prestatzeaz arduratzen da, online salmenta errazteko. Izan ere, enpresa hori da piezak online saltzen dituen Gasteizko negozio bakarra. Hain justu, gero eta pieza gehiago saltzen dituzte online: transakzioen «%80-%90» plataforma digitalen bidez egiten dituzte gaur egun. Balanzategiren hitzetan, negozio eredu horren arrakasta antolaketan datza: pieza bakoitza desmuntatu eta argazkia egin behar zaio, bezeroek konfiantzaz eros dezaten.

Gasteizko enpresa horrek berrogei pakete bidaltzen ditu egunero, barruan birziklatutako piezaren bat dutela; hala azaldu du Balanzategik: «Europa osotik erosten dizkigute piezak; are gehiago, mundu osotik». Negozioaren modernizazioari esker, lehen dendetan soilik eskuragarri zeuden piezak mundu osora irits daitezke orain klik gutxi batzuk eginda.

Salduko dituzten piezak gordetzeko biltegia. RAUL BOGAJO / FOKU
Salduko dituzten piezak gordetzeko biltegia, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU

Uholdeak eta txingorra

Valentziako (Herrialde Katalanak) iazko uholdeek eta Euskal Herrian hain ohikoa den txingorrak egoera kritikoak sortu dituzte automobilgintzan. AEDRA eta ADECOVA elkarteek, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak protokolo bat ezarri berri dute Valentziako uholdeek kaltetutako ibilgailuak kudeatzeko. Helburua da ibilgailu horiek segurtasunez eta ingurumena errespetatuz desmuntatzea eta jabeek egin beharreko izapideak arintzea.

Valentziako gertakariei dagokienez, ibilgailuak berreskuratzeko ahalegina goraipatu du Balanzategik, baina prozesuan izandako irregulartasunak salatu ditu: «Autoak baimenik gabe eraman zituzten, eta, are larriagoa dena, deskontaminatu gabe suntsitu zituzten; guztiz legez kanpokoa da hori». Txingorrari dagokionez, ibilgailu askok kalte estetikoak jasan dituzte, baina gehienak erabiltzeko moduan daude. Horrek ez du eragin esanguratsurik izan, ez piezen eskarian, ezta auto berrien salerosketan ere.

Izan ere, ikusita bigarren eskuko autoen salmenta handitu egin dela, automobilgintzan eztabaidagai da ez ote diren ibilgailu gehiegi ekoizten. «Duela bi edo hiru urte baino askoz gehiago balio dute autoek», dio Balanzategik. Ondorioz, gidari askok autoa konpontzen dute auto berria erosi beharrean, eta, beraz, bigarren eskuko piezen salmenta nabarmen hazi da azkenaldian.

Era berean, negozioa autoen merkatuaren gorabeherei lotuta dago. «Abenduan ibilgailu gehiago jasotzen ditugu, jendeak urte berriko zerga saihestu nahi duelako, baina kasu askotan ez dute lortzen. Jendeak uste du aberastu egingo dela autoa hona ekarrita, eta ez da horrela. Zerbait ordain diezaiekegu, bai, baina ez aberasteko beste», argitu du Balanzategik.

Enpresako harrera gunea. RAUL BOGAJO / FOKU
Enpresako harrera gunea. RAUL BOGAJO / FOKU

Alderdi ekonomikoa alde batera utzita, autoak desmuntatzeko tokien lana funtsezkoa da jasangarritasunari dagokionez. «Pieza bakoitzari bigarren bizitza bat ematen saiatzen gara», baieztatu du Balanzategik. Kontsumo azkarreko gizarte honetan, autoetako piezak birziklatzea ez da hondakinak murrizteko modu bat soilik; ibilgailuak konpontzeko aukera merkeago eta ekologikoago bat ere bada.

Autoak desmuntatzeko tokiak ez dira lehen ziren modukoak: gune kaotikoak izaten ziren lehen, baina enpresa eraginkor eta digitalizatuak dira orain, eta aurrera doaz ingurumen eragina murrizteko eta piezak prezio ekonomikoan saltzeko bidean. Balanzategik azpimarratu du euren enpresak argi erakusten duela nola bihur daitekeen «negozio tradizional bat enpresa moderno eta jasangarri, garaiko beharretara egokituz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.