MAITE DUT MAITE... IRRATIA. Juan Kruz Lakasta. Kazetaria

«Txikitatik izan dut mikrofono aitzinean aritzeko grina»

Irratia, lanbidea ez ezik, bizitza ulertzeko modu bat da Juan Kruz Lakastarentzat. Memoriaren uhinetan, elkarri lotzen zaizkio gaztaroko saio «punkiak» eta urteetako ibilbide profesionala.

IñIGO URIZ / @FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
FM frekuentziaren murmur goxoa alboan du ia une oro: goizaldean esnatzen denetik, late night magazinetako ahotsekin lokartzen den arte. Irratia maite du Juan Kruz Lakastak (Jaka, Espainia, 1970).

Lotura estua duzu irratiarekin. Noiztik?

Txiki-txikitatik datorkit irratiarekiko zaletasuna. Gogoan dut 10 bat urte nituela udal ikastolara bisitan etorri zitzaizkigula Radio Requete irratiko Micrófono Infantil saiokoak. Sekulako bulkada sentitu nuen, eta argi izan nuen nik mikrofono horren aurrean hitz egin nahi nuela. Urte batzuk geroago, institutu garaian, Eguzki irratia entzuten hasi ginen kuadrillakoak. Bereziki gustuko genuen Inmersión en la alcantarilla, Marco Antonio Sanz de Acedo Eskroto zenak zuzentzen zuen saio lisergikoa.

Noiz egin zenuen mikrofonoaren aurrean aritzeko urratsa?

1987an hasi nintzen irratigintzan, Eguzki irratian, 16 urterekin. Saio sasi-punki tamalgarria egiten genuen: Ostibeltza. Fanzine zatiak irakurtzen genituen ikaragarri gaizki, baina, tira, asko ikasi genuen. Sasoi bizia izan zen hura: garai hartan, Iruñeko Aurrezki Kutxarena zen etxebizitza okupatu batean zegoen Eguzki irratiaren egoitza, eta jabeek Polizia bidaltzearekin mehatxu egin zigutenean, norbaiten izenean erostea adostu genuen. Horrek arriskua zekarren, berunezko urte horietan gauzak gordin esaten zirelako mikrofonoen aitzinean. Espainiako erregea Iruñera etorri zenean, adibidez, arazoak izan genituen Poliziarekin, antenan esandakoengatik.

Beste oztopo bat: kartzela. 1988an, intsumiso izateagatik espetxeratu zintuzten.

Bai. Garai hartan, Osasunari eta futbolari buruzko saio umoretsua egiten genuen Eguzki irratian Fermin eta Mikel Lakasta lehengusuek eta hirurok: De tu blusa y tu bandera. Intsumisioaren kontura, bigarren graduko kartzelaldia ezarri zidaten niri, eta hirugarren gradua lehengusuei. Hortaz, haiek aukera izan zuten saioa egiten segitzeko, eta nik ez. Behin, saioa hasi zenean, presoak aditu nituen sintonia abesten. Kontatu zidatenez, sekulako giroa sortzen zen espetxean astelehenero, saio horren kontura.

Euskalerria irratian lanean hasi zinen duela hogei bat urte. Zerk erakarri zintuen?

Euskalerria irratiak badu tokiko kazetaritzaren ikuspegi propio eta zabala, baina, horrez gain, badugu formula arrakastatsu bat ere. Normalean, euskarazko tokiko hedabideentzat, zaila da hiriburuetan garatzea, ez baitago euskal komunitate trinkorik, baina guk beste bide batetik heldu genion lanari: komunitatea irratiko programazioan engaiatu genuen, kolaboratzailearen rolaren bidez. Hala, jendea erakarri genuen, gurean kolaboratu zezan eta, pixkanaka, Iruñerriko euskal komunitate osoa identifikatua sentitu zen gure proiektuarekin eta programazioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.