Interpretatzea gustatzen zaio Ainhoa Aierberi (Donostia, 1974); antzerkia, zinema edota telebista, gutxi axola du horrek , betiere antzezteko aukera baldin badu. Aktore lanetan han-hemenka urte asko badaramatza ere, itsasaldeko herri txiki batera iritsi zenean egin zen ezagun, berau izan baitzen, hain zuzen, Arraldera Karibeko berotasuna eraman zuena, Goenkaleko Leonorren paperean.
Ez al zizun lotsarik eman Kubako azentua egin beharrak?
Ikaragarria! Kristoren lotsa ematen zidan! Etxean aritzen nintzen entseatzen, eta ahizpak esaten zidan: 'Ainho, edo oso ondo egiten duzu, edo sekulako erridikulua egingo duzu!'. Lehenengo egunean plato guztiak barre egin zuen; baina, dirudienez, ondo egingo nuen, oraindik hor jarraitzen dut eta...
Dagoeneko zenbat urte Goenkale-n?
1997tik, ia 15 urte.
Eta ez al da garaia Leonorrek euskal azentu pixka bat hartzeko?
Pila bat hartu du! Errieta eta guzti egiten didate! Aurrekoan zuzendariak ere esan zidan: 'Jo, Ainho, ezin duzu horrenbeste euskaldundu; azkenean, gure kubatarra galdu egingo dugu'. Kubatar hartaz gutxi geratzen da, nola mugitzen zen, nola hitz egiten zuen... Eskerrak Maria, nire iloba Itsasorena egiten duena, sartu zen, bestela...
Goenkale-tik kanpo egiten duzuna egiten duzula ere Leonor izango zara beti. Badakizu, ezta?
Bai, bai! Goenkale-n hasi eta berehala hasi zitzaizkidan pasilloetan Leonor gora eta Leonor behera! Lehen egiten nituen funtzioetan nire pertsonaia egiten nuen, eta listo; gero, inork ez zidan ezer esaten. Baina, orain bai. Oso asimilatuta daukat. Hala ere, behin pertsonaia utzita, seguru jendea bi egunetan ahaztu egingo dela. Hori du telebistak.
Eta, zuretzat, zein alde on eta txar ditu ezagun izateak?
Begira, txarrik ez. Gu ez gara hain ezagunak, eta, orokorrean, jendeak errespetuz tratatzen gaitu. Egia da batzuetan, parranda-eta egiten dudanean, lotsatu egiten naizela... Nahiko eroa naiz, eta asko gustatzen zait dantzan aritzea edo txorakeriak egitea; orduan, begira ari zaizkidala konturatzen naizenean lotsatu egiten naiz. Baina, beharbada, gehiago da nire sentsazioa errealitatea baino. Hori izango litzateke okerrena,intimitate puntutxo hori gal dezakezula. Eta ona? Beste dena.
Zer moduz daramazu aktore lanetan aritzeak duen segurtasun eza? Batzuetan lan asko izatea, baina beste batzuetan ezer ez izateko arrisku hori?
Badakit aktore batzuek ondo daramatela, baina nik ez. Goenkale-ren kasuan, Eguberriak iristen direnean, ea hurrengo urtean lanik izango dugun pentsatzen hasten gara, pertsonaiak jarraituko duen edo ez... Horregatik, beste gauza batzuetan ere muturra sartzen saiatzen naiz. Baina orain zaila dago...
Krisia nabaritzen da, ala?
Izugarri! Bai, bai, ikaragarria da. Gaur egun, zerbait muntatzen hastea ia suizidio bat da. Badago jende ausarta, baina oso zail dago dena.
Orduan, ez duzu beste proiekturik buruan?
Bai, gauza txikiak, baina ez dakit ezer aterako den... Nire kabuz ari naiz txorakeriatxo bat idazten, entretenitzeagatik-edo. Ni ez naiz idazlea, baina denbora-pasa polita da niretzat.
Txikitatik argi zeneukan aktorea izan nahi zenuela?
Nik artista izan nahi nuen. Gainera horixe esaten nuen txikitatik: 'Ama, nik artista izan nahi dut'.
Lortu duzu...
Bai. Nik uste dut hori ez duela inork sinesten! Beti izan naiz oso pailazoa, nire amaren familiakook betidanik egin izan ditugu txorakeriak, kantatzea ere asko gustatu izan zait... Bai, atentzioa ematea gustatzen zitzaidan, eta atera egin zait. Zortea izan dut.
Antzerkia eta zinema ere egin izan duzu. Telebista, antzerkia, zinema... Zer gustatzen zaizu gehiago?
Zinema nik oso gutxi ukitu dut, pentsatzen dut gehiago egin beharko nukeela horri erantzuteko... Gero, telebista eta antzerkiaren artean? Niri, antzerkia pila bat gustatzen zait. Baina antzerkiaz bizi ahal izateko, asko egin behar duzu; bestela, ezinezkoa da. Gainera, urduritasun puntu hori dauka, eta hori oso polita da, nahiz eta egun txarretan pentsatzen duzun: 'Hain gaizki pasatzeko sartu al naiz ni hemen?'. Baina oso-oso polita da. Telebista, berriz, nire eguneroko lana da, eta oso kontrolatua dut. Gainera, primeran pasatzen dut! Baina, hiruren artean bat aukeratzekotan, ez dakit, bakoitzak dauka bere puntua.
Ainhoa Aierbe
«Txikitatik esaten nuen: 'Ama, nik artista izan nahi dut'»
Oso emakume bizia eta moldagarria da Ainhoa Aierbe; beharko izan, aktoreek hamaika aurpegi izaten baitituzte beren lanetan. Irribarre errazekoa da, eta ondo darama Euskal Herrian ezaguna izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu