Badago hamaika bider erabili izan diren esaldi horietako bat, zera dioena: jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezakeela. Baina, etengabe erabilia izanagatik, aipuak ez du zentzua galdu, ez, behintzat, leku txikietan gauza txikiak egiten ari den jende txiki askorentzat. Artatxiki Bioguneak bost urte egin berri ditu utopiaranzko urratsak egiten. Donostiako Intxaurrondo Zaharreko bihotzean dagoen denda horrek 2020ko urtarrilaren 27an zabaldu zituen ateak. Ane Mujikak eta Josune Altzatek txikitasunaren handitasuna azpimarratu dute, eta «xarma» ere bai, esan dute, aho batez.
Irabazi-asmorik gabeko elkarte hori sortu zutenerako, auzoan jada ez zen dendarik geratzen. Mujikaren hitzetan, komunitatea sortzea ere bazen helburua: «Garai batean, izugarrizko bizitza egon zen hemen, kalea dendaz beterik zegoen, baina hori desagertu egin zen. Egitasmoa bat dator auzoaren nortasunarekin, eta auzotarrek asko eskertu dute. Hau ez da leku erabat inpertsonala, supermerkatu handi horiek bezala». Altzate iritzi berekoa da: «Hau ez da denda bat bakarrik, gune bat da; mila gauza sortzen dira hemen, kultur ekintzak ere antolatzen ditugu, eta auzoari bizitza eman». Euskararentzat ere arnasgune bat dela dio.
Artatxikik 210 bazkide ditu gaur egun. Urtean 50 euroko kuota ordaintzen dute, eta, trukean, %6ko deskontua daukate erosketa guztietan. Hasieran eztabaidagai izan zuten denda soilik bazkideentzat zabaldu edo ez, baina orain argi dute bete-betean asmatu zutela erabakitakoarekin: «Honek duen gauza polita da bezeroen erdiak ez direla bazkideak, eta egunero etortzen direla erosketak egitera. Pandemian hemen letxuga bat erosi, eta etortzeko ohitura hartu dute geroztik. Gure proiektua bizi-bizirik dago». Altzate bera egoten da dendan goizetan. Artatxikik dituen bi langileetako bat da. Atzean dagoen filosofia laburbildu du: «Zero kilometro filosofiarekin bat egiten dugu, eta lehentasuna ematen diegu bai bertako ekoizle txikiei bai garaian garaiko produktu ekologikoei. Kontsumo arduratsua sustatu nahi dugu». Ironiaz dio oraingoz ez dagoela bertako laranjarik, baina uste du burujabetza hortik hasten dela: «Dena da politika, egiten ditugun ekintza guztiak, baita erostea eta jatea ere. Politika gauza txikiekin egiten da». Mujikarentzat, ingurumena zaintzea ezinbestekoa da: «Ahuakateak Getariatik [Gipuzkoa] ekartzen ditugu, eta, bukatzen direnean, Andaluziatik [Espainia]. Urrunagotik ez ditugu ekartzen. Costa Ricatik ekarriko bagenitu, garraioan kutsadura itzela sortuko litzateke, eta auskalo langileek zer baldintzatan egiten duten lan...».

Donostiako beste muturrean dago Iko Igeldoko Kooperatiba. Eneko Dorronsoro da, aitaren eta aitonaren lekukoa hartuz, kooperatiba izandako nekazarien guneari bultzada ematea erabaki zutenetako bat: «Ondazarte baserrikoa naiz. Igeldoko Nekazarien Kooperatiba 1911n sortu zuten, garai hartako beharrei erantzuteko, baina 1999-2000 inguruan aktibitatea eten zen. Harrezkero, eraikina oso hondatuta zegoen, eta, gurea zenez, erabaki genuen batzarra berritzea eta teilatua konpontzea. Nekazaritzak ez du orduko pisu bera, eta herriko kooperatiba bat gara orain».
Tokikoa eta sasoikoa
Ikok ere bost urte beteko ditu aurki, uztailean zehazki, eta Dorronsoro pozarren dago izandako harrerarekin: «Babes handia izan dugu sorreraz geroztik. Hasiera bonba baten parekoa izan zen. Ez genuen halako erantzunik espero. 2018an aurkeztu genuen proiektua; urte hartan, herrian zegoen denda bakarra itxi zuten, eta bultzada handia jaso genuen hasiera-hasieratik». Igeldon mila lagun inguru bizi dira, eta kooperatibak ehundik gora bazkide ditu. Bezeroak, baina, ez du zertan bazkide izan. «Denda denon bilgunea da. Egunero behar duguna herrian eskura izatea da kontua. Zuzeneko salmenta egiten dugu, tokikoa eta sasoikoa. Kalitatezko produktuak eskaintzen ditugu, prezio justuan, eta herrian bertan inbertitzen dugu. Zergatik bilatu kanpoan bertan daukagun hori bera?».
Dorronsoro Igeldoko Herri Kontseiluko presidentea ere bada, eta uste du kooperatiba herri proiektu zabalago baten parte dela. «Denda soil bat baino askoz gehiago da hau; herria biziberritzeko egitasmo bat ere bada, herritik abiatuz eta herriarentzat egindakoa. Oso egonkortuta dago, eta sendotzea da asmoa orain, beste urrats batzuk egiteko. Lehen pausoa baino ez da hau: herri proiektua aurrera ateratzeko hainbat ekinaldi abiatu nahi ditugu».
Donostia ekialdean eta mendebaldean dauden bi denda horien eredua hiriburuetatik kanpo ere aurkitu daiteke, ordea. Euskal Herrian gero eta denda gehiago daude irabazi-asmorik gabeko elkarte edo kooperatiba izaera dutenak. Fenomenoa gero eta zabalduago eta errotuago dago, bai hirietako auzoetan eta baita herri txikietan ere. Bakaiku (Nafarroa) herrikoa izan da zabaltzen azkenetakoa. Sakanako herri horretan 330 lagun baino ez dira bizi, eta herri kooperatiba elkartzeko gune ere bilakatu da. Lander Urritzak proiektuaren alde onak zerrendatu ditu: «Bat egiten dugu ekonomia soziala eta eraldatzailea sustatzen duen mugimenduarekin. Gizarte justuago bat eraiki nahi dugu, eta ekoizleekin eta lurrarekin beste harreman bat sustatu. Sinetsita gaude gauzak beste modu batean egin daitezkeela. Bizitza erdigunean jarri nahi dugu».

Bakaikuarrok denda, beraz, ideia politiko bat ere bada. Udalarena berarena izan zen egitasmoa martxan jartzeko ideia, herrian zegoen denda bakarra itxi egin baitzuten. «Olatukoop-eko Beñat Irasuegi etorri zen hitzaldi bat ematera, eta ondoren batzar bat egin genuen. Aho batez erabaki genuen herri kooperatiba sortzea. Prozesua luzea izan da, estatutuak-eta zehaztu behar baitziren, baina oso pozik gaude». Urritzaren hitzetan, dendak zerbitzu bat ere ematen du, eta asmoa da harago joatea: «Denda lehenengo proiektua da, baina beste alor komunitario batzuk ere garatu nahi ditugu: energia, zaintza, komunikazioa...». 2022ko urrian zabaldutako herri kooperatibak 135 bazkide ditu, eta beste prozesu bat abiatzear dira herritar gehiagorengana iristeko.
Olatukoop-en sarea
Olatukoop lan eskerga egiten ari da ekonomia eraldatzailearen inguruko askotariko proiektuak sustatzen, laguntzen eta garatzen. Sistema sozioekonomiko alternatibo baterantz jo nahi duten egitasmoak biltzen ditu, eta jada hirurogei dira sarean dauden kooperatiba, elkarte eta erakunde komunitarioak. Egun, Bergaran, Hernanin, Lazkaon, Oiartzunen, Usurbilen, Zarautzen (Gipuzkoa) eta beste hainbat eta hainbat herritan daude antzeko dendak. Bide guztiak, dena den, ez dira samurrak izaten. Arroabean (Zestoa, Gipuzkoa) dagoen kooperatiba elkarte txikia ixtekotan egon zen iaz.

Pili Perurenak eta Maia Ossak arnasa hartu dute abenduan herritarrei bidalitako gutunak izan duen erantzuna dela medio. «Arroabean 700-800 lagun bizi gara. Zestoako auzo bat da berez, baina guretzat herri bat da. Hemen ez zegoen dendarik, eta ez genuen nahi loleku bilakatzea. Auzo elkartean hasi ginen ideia lantzen, deialdi bat egin genuen, eta herriak duen behar bati erantzuna emateko zabaldu genuen denda, duela lau urte». Ossak argi dauka egiten dutena, soldatapeko lana baino gehiago, militantzia dela: «Oinarrizko zerbitzu bat ematen dugu, elikaduraren inguruan kontzientzia pizten ere saiatzen gara, baina funtzio sozial eta praktiko garrantzitsua ere betetzen du dendak: herrian antolatzen diren gauzen berri izateko, izen emateak egiteko, giltzak jasotzeko, hartu-emanetarako...».
Kontua da kinka larrian egon direla eta abenduan herritarrei konpromiso handiagoa eskatu zietela gutun bidez. Helburua zen gogoraraztea dendak denon aletxoa behar zela zerbitzua ematen jarrai zezan. Eta lortu dute herritarren aletxoa. «Ultimatum moduko bat izan zen, eta oso harrera ona izan du. Txarak irautea denon esku dago. Denda jende guztiarentzat dago irekia, bazkide izan edo ez, eta, urte askoan bizirik egotea espero dugu».
Txara jarri zioten izena dendari. Arroabetik gertu dagoen baso baten izena dela azaldu du Ossak: «Eremu industrialaren erdian dago; sasiz eta sastrakaz beteta dago, eta leku basatia da. Hori da Txara. Izen polita iruditu zitzaigun gure proiektuarentzat».