Maitane Urbieta. Irrati esataria

«Txikitan Iñaki Mujika bezalakoa izan nahi nuen»

Realaren partidak kontatzen ditu Urbietak Euskadi Irratian. Haurtzarotik zuen kirol kazetaritzan lan egiteko ametsa. Zuzenean, mikro baten aurrean, «eraldatu» egiten da.

JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun

Euskadi Irratiko kiroletan 2008an hasi zen Maitane Urbieta (Zumaia, Gipuzkoa, 1983). Europako Ligako partiden kontakizuna egiten ari direnen artean, bera da emakume bakarra.

Urbietak berezko du neurketen kontakizunetarako grina. Golen ospakizunetan ere, zinez da indartsua. Esate baterako, hark jarri zion ahotsa joan de urriaren 21ean Realak Sturm Graz taldearen aurka Austrian izandako norgehiagokari. Partidaren bigarren zatian heldu zen donostiarren gola: Aleksander Isak egin zuen, 69. minutuan. Hala kontatu zuen Urbietak:

Gorka Urbizuk kantatuko du igandeko derbian, Anoetan. Gogoko duzu Urbizu?

Ez naiz oso musikazalea. Jakin dut partida hasi aurretik eta atsedenaldian kantatuko duela. Realzale amorratua omen da; ea taldeari zortea ematen dion.

Aurten, berri txarrak baino gehiago dira onak Realarentzat, nesken eta mutilen taldean.

Orokorrean, kluba oso bolada gozoan dago. Emakumezkoen taldea goiko postuetan dago, gizonezkoena Europan, eta Reala B, berriz, Bigarren Mailan. Loraldian da Reala; gozatzeko garaia da.

Zaleekin jokatuko da igandeko Reala-Athletic. Zaleekin edo zalerik gabe, ez da kontu bera.

Ez da gauza bera. Asko aldatzen da. Hori ikasi dugu, eta baloratzen hasi gara. Estadioan bakarrik egon beharrean —jokalarien hotsak, baloi hotsa, paseak... entzuten— harmailetako giroa entzuteak ez du zerikusirik guretzat, kontakizuna egiterako garaian. Beste giro batean sartzen zara, eta askoz ederragoa da harmailak beteta daudenean.

Azken Reala-Athletic garrantzitsua Espainiako Kopako finala izan zen. Nola bizi izan zenuen hura?

Historikoa izan zen. Eta pena izan zen ekitaldi garrantzitsu bat zelako, eta asko nabaritu zelako zaleen hutsunea estadioan.

Espainiako Ligako 11 jardunaldi, eta Reala goi-goian. Kontakizunak beste sentimendu batekin egiten dira horrela?

Sentimendua bera da: sentimendua ez da aldatzen. Gauzak ondo doazenean, ordea, beste erraztasun bat dago inguruan. Beste poztasun bat erakusten du inguruak. Baina nik Realarekiko sentimendua txikitatik izan dut, eta hori ez da aldatuko taldea ondo ala gaizki joan.

Europako Ligako partidak zertan dira bereziak?

Ereserkiaren tartea oso berezia da, nahiz eta Txapeldunen Ligakoa ez izan. Bestetik, Espainiako Ligako kanpoko partidetan ez dugu bidaiatzen; irratiak aurten apustu bat egin du Europako Ligan, eta bidaiatu egiten dugu. Horrek aukera ematen du beste herrialde batzuk eta beste estadio batzuk ezagutzeko: Grazen [Austria] izan nintzen; Eindhovenen [Herbehereak] ere bai. Monako izango da hurrengo irteera. Profesionalki ere eskertzen da.

Realaren makina bat partida kontatu dituzu irratian. Baina Juan Antonio Larrañagak zenbat, jada? 1.500etik gertu, ezta?

Mordoxka bat izango dira. Hamahiru urte daramatzat kiroletan, eta Larrañaga gurekin dago ordutik. Asko eskertzen dugu futbola ikusteko daukan erraztasuna. Aurten Gari Uranga Realeko jokalari ohia ere hasi da. Ondarru beteranoa hor daukagu. Ane Bergara ere aritzen da Europan.

Nor gustatzen zaizu gehien irratian golak kantatzen?

Iñaki Mujikaren kontaketa gustatzen zitzaidan. Gure etxean Herri Irratia entzuten zen, eta Mujikaren estiloa asko gustatzen zitzaidan. Sentitzen nuen oso pasionala zela. Txikitan Iñaki Mujika bezalakoa izan nahi nuen.

Entzun dudanez, garai batean lotsatiagoa zinen.

Orain ere banaiz. Baina heldutasunak eta esperientziak beste patxada bat eman didate. Beti jo dut neure burua lotsatitzat, baina lotsa eta horma batzuk galduz joan naiz azkenerako. Lotsagabe bihurtu gabe, betiere.

Gaur egun, boladan daude grabatutako audioak, podcastak... Baina nolako zirrara eragiten du zuzenean gertatzen ari den zerbait kontatzeak?

Zuzenekoa berezia da; beste zerbait dauka. Nahiago dut gauzak zuzenean egin, grabatuta hasten naizenean akats gehiago egiten baititut. Nahiz eta egun txarra izan, mikro aurrean jarri, eta zuzenean eraldatu egiten naiz.

Emakumezko kirolariei merezi duten tratua ematen zaie?

Egia da emakumezkoen lau euskal talde daudela, eta irratian ez ditugula ematen haien partidak. Ordutegiak ez dira onenak; ezingo litzateke programazioa hankaz gora jarri. Baina gu beti ahalegindu gara emakumezko kirolariei tokia egiten.

Euskal selekzioa Munduko Kopan jokatzen irudikatuta, nola biziko zenuke halako lehia bat?

Amets bat litzateke. Askok nahi dugu hori, eta benetan ederra litzateke euskal selekzioaren Munduko Kopako partida bat irratian kontatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.