Euskal Herriko oholtzen zerrenda luzea eginda, erretiroa hartzea erabaki du Ion Martinez Esnaola Txiki umoregileak (Donostia, 1980). Euskaldunen jatorria, historia eta irria izanen da haren azken bakarrizketa, eta hemendik abendura arte emanaldiak egiten arituko da.
Behin Txiki handitu denean, badoa?
Bai, badoa. Ibilbide polita izan da, leku asko ezagutu ditut, eta antolatzaile eta artista lagun asko egin ditut. Baina etapak bukatu egiten dira, eta honi ere iritsi zaio bukaera. Barrutik asko handitu da Txiki, eta barru horretatik sentitzen dut bidea bukatu egin dela.
Agur bira baten ondotik beti etortzen da itzulera bira.
Hori gertatzen da Berri Txarrak edo halakoren batekin; ni nire mailan aritzen naiz. Gertatu zait oholtza handiak betetzea, baina baita jende gutxiren aurrean aritzea ere. Dena den, sareetan erretiroa iragarri nuenetik leku askotatik deitu naute, eta agenda nahiko betea dut bukaerara arte; pozgarria da hori.
Aparteko arrazoirik gabe bukatu da, beraz?
Bueno, arrazoiak badaude. Lagun batek esan zidan «sistemak irabazi» egin zidala, eta halaxe da. Sistema saiatu da gu bezalako artistak kentzen eta kultura kapitalista bihurtzen. Gure kasuan oso zaila da sormen lan bat egin eta gero horrekin emanaldi bira bat egitea. Nik, zorionez, ibilbide luzea egin dut, eta beti deitu naute emanaldiak egiteko; baina, azkenean, aukerak geroz eta urriagoak izateak nekatu egiten du. 22 urtez underground artista izan naiz, eta hala izaten hilko naiz; baina oso zaila da undergrounda izatea. Zirkuitua profesionaltasunetik mugitzen ari da, eta horrek pena handia ematen dit.
Umorea egiteak nekatu egiten du, ala?
Umorea egiteak ez du inoiz nekatzen; batik bat, gure bizitzan beharrezkoa delako. Lantokian, lagunekin, etxean... Bi mailatan erabiltzen dut, gainera: profesionalean eta pertsonalean. Baina egia da nik ere umorea erabiltzen ikasi egin dudala, eta orain zaindu egiten dut norekin atera pertsonaia hori.
Badakizu hitz egiten umorerik erabili gabe?
Umorez gauza asko egin ditut, baina serio eta sakon ere egiten dut asko. Hurbileko jendearekin, adibidez, elkarrizketa sakonak izaten ditut; umorea aparteago uzten dut askotan. Nahiago dut haiekin alde pertsonalaz hitz egin eta umorea une puntualetarako utzi.
Nolakoa irudikatzen duzu azken emanaldia: handia?
Dagoeneko hasia naiz nolakoa izango den irudikatzen eta antolatzaileekin hainbat gauza lotzen. Egia esatea nahi baduzu, bikote batek ezkontza bat irudikatzen duen eran ikusten dut azken emanaldia. Handia, ederra. Mimoz eta irudimenez ari naiz guztia zaintzen: badakit zer ardo jarriko dudan, zer artista etorriko diren, zer egingo dudan, nor nahi dudan han egotea... Asko maite eta zaintzen dut azken momentu hori; azken batean, niretzat, eszenatokian hiltzea izango da. Momentu hori goxoa izatea nahi dut, zinez.
Eta zein izanen dira azken hitzak?
Zeinen garrantzitsua den kultura eta hizkuntza gure herrian; niretzat ezinbestekoa izan da, bai artista bezala, bai eta ikusle moduan ere. Susmoa dut ez ote zaigun ahazten ari. Transmititu nahiko nuke zeinen beharrezkoa den oholtzak eta eserlekuak betetzea, baina ez BECekoak edo Kursaalekoak bakarrik, baizik eta guzti-guztiak. Euskal kultura zaindu egin behar da, eta gure mailako artistak ere zaindu egin behar dira.
Azkenaren aitzinetik, halere, emanaldi batzuk gelditzen zaizkizu.
Euskal Herriko zazpi probintzietara joaten saiatu naiz; Nafarroa Beherea kenduta, gainerakoetan lortu dut emanaldiak lotzea. Hurrengoa Maulen egingo dut, ostiralean.
Inprobisatu eginen duzu?
Bai, behin testua barneratuta dagoenean inprobisazioak bere lekua hartzen du. Denbora, momentua eta istanta ditu. Freskotasuna ematen dio, adibidez, lekuan lekuko elementuak sartzeak.
Zeure buruarengan konfiantza behar da umoregilea izateko eta oholtzara ateratzeko.
Urteen poderioz eta emanaldi asko egin ondoren, segurtasun handia irabazi dut. Sakrifizioa ere eskatzen du, baina bueltan jasotzen denak merezi du; eta asko, gainera. Txikitik hasi behar da, ezin da hasieratik oholtza handietara igo. Baina horrek, bide konstante horrek, segurtasun eta lasaitasun handia ematen du. Lursaila ezagutu egin behar da lehendabizi, eta gero, landu.
Zer eman dizu umoregintzak?
Euskal Herriko kultur mugimendu pila bat ezagutzea. Gure herrian beti egon da eta egongo da boluntario asko, kultura eta hizkuntza maite dituen jende asko; zorionez, horiek ezagutzeko aukera izan dut. Deitu nauten bakoitzean baiezkoa eman dut, iruditzen zaidalako sekulako lana egiten dutela gure alde eta zaintzen ari garen horren guztiaren alde.
Txiki abenduan joanen da, baina zatitxo bat Ionen barrenean geldituko da?
Hori da psikologoak esaten didana: Txikiren zatitxo bat barrenean utzi behar dudala. Oholtzan ikasi dudana nirekin geldituko da, hori bai. Bolada batean egia da Txiki gehiago egon zela Ion baino, baina orain gehiago bereizten ditut. Txikiren alde onak biltegian gordeko ditut, behar denean ateratzeko.
LOTSABAKO
Emanaldi bat?
Umore errazeko gai bat?
Bergarako [Gipuzkoa] gaztetxekoa, Jon Plazaolarekin.Euskal Herria bera.
Ukitu ez duzun gairik?
Drogak edo ligoteoa.