Festak Gasteizen 

Txikienak ere, festa handira

Egun handia dute gaur gaztetxoenek, haientzat prestaturiko egitarauarekin. Udaletxeko balkoitik suziria botako dute Zeledon Txikik eta Neska Txikik, jendez beteriko plazaren aurrean.

Iaz bezala, neska-mutilez beteko da Plaza Berria, Zeledon eta Neska txikiei harrera egiteko. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2016ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Gasteizko jaietan herritar guztiek dute zer egina eta zer ikusia, baita gaztetxoenek ere. Gaur haien egun handia da, eta haiek izango dira protagonista. 12:00etan dute ekitaldi garrantzitsua: Zeledon Txikik eta Neska Txikik jaitsiera egingo dute, Plaza Berrian, eta plaza ilusioz beteriko haurrez beteko da haiei egingo zaien omenaldi sinbolikoan.

Blusa eta neska kuadrilletako kide diren neska-mutilei ematen zaie ekitaldi horretan parte hartzeko ohorea. Aurten, Xabi Santamaria eta Aitana Nanclares izango dira Zeledon Txiki eta Neska Txiki. Haiek arduratuko dira suziria jaurtitzeaz.

Galtzagorri taldekoa da Santamaria, eta Martinikos taldekoa Nanclares. 12 urte ditu Zeledon Txikik, eta 10 urte Neska Txikik. Oso gazteak izan arren, blusa eta nesken izpiritua txiki-txikitatik barneratua dute. 2-3 urte inguru zituztenetik izan dira euren taldeetako kide, eta, beraz, heldu batek bezainbesteko ilusioz eta gogozbizi izan dituzte Gasteizko jaiak.

Azaroan jaso zuten Zeledon eta Neska txikiak izateko proposamena. Eta zinez aitortu dute Santamariak zein Nanclaresek «ohore» eta «plazer» handia izango dela horrelako ekitaldi batean euren arrastoa uztea. Ekitaldiaren atarian, «urduritasun» pixka bat badutela aitortu dute, baina ziur daude une «hunkigarria» eta «ahaztezina» izango dela. Aurtengo jaiak oso bereziak izango direla nabarmendu dute.

Hainbeste gustatzen zaizkien joan-etorriez gain, Blusa eta Neska txikien ordezkariak izango dira. Egin beharrekoa hamaika bider entseatu dute, ez dezan ezerk hutsik egin.

Egiteko ugari izango dute gaur. Hasteko, 11:00etan, San Migel elizara joango dira Zeledon eta Neska txikiak, eta elizako kaperanlore eskaintza egingo dute. Andre Maria Zuriari loreak eskaintzeaz gain, agurra dantzatuko dute Santamariak eta Nanclaresek.Dantza ere maiz entseatu dute, ahalik eta zehatzen dantzatzeko. Zeledon eta Neska txikien ondoan izango dira Ortzai antzerki taldeko lagunak ere, antzezpen bat egiten.

Lore eskaintzaren eta agurraren ondotik, erdialdeko kaleetan eta plazetan barna ibiliko dira,erraldoiak, buru handiak eta zaldiak lagun dituztela. Buruhandiekin eta erraldoiekin dantza egiteko, entretenitzeko eta jolas egiteko aukera izango dute gaztetxoenek tarte horretan. Haur kuadrillak Plaza Berria izango dute helmuga, han egingo baita ekitaldirik garrantzitsuena: panpinazko Zeledon Txiki eta Neska Txiki jaitsiko dira. Panpinak jaisten diren bitartean, hezur-haragizko Zeledon eta Neska txikiak udaletxeko balkoira igoko dira, eta, aterkia eskuetan dutela, suziria botako dute.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak zorterik «onena» opatu die, eta ekitaldiaz gozatzeko mezua igorri.

Plazan bildutako jendetzaren oihuak udaleko musika eta txistulari bandaren doinuekin nahastuko dira. Eta erraldoien konpartsak ere dantza egingo du, musikaren erritmoan. Indarrak izan bitartean, festa giroan jarraitzeko hamaika aukera izango dute gaztetxoenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.