Ur Biltegiko eremuak aldatu eta itxura berria hartu zuen, haurren eta helduen ikusmina pizteko pentsatutako arte instalazio bihurtu baitzen. Haurrak sorkuntza lanetan ari ziren hainbat objektu eta elementurekin: koloretako ehunak, argiztatutako formak, labirintoak eta beste hamaika txoko ezkutu. Eremu interaktiboa gozamenaren eta deskubrimenduaren gune zen. Sartu eta berehala hasi ziren haurrak jolasean; gehiago kostatu zitzaien gurasoei.
Gasteizko Montehermoso kulturguneko Ur Biltegia artea eta familien gozamena uztartzen zituen toki bihurtu zen atzo goizean. Instalazio handi bat ireki zuten, 2 eta 6 urte arteko haurrek gurasoekin edo beste helduren batekin esperimentatu eta murgiltzeko aukera izan zezaten.Denbora Espazioko Itziar Nanclares de Ganboa Garcia gorputz artearen terapeuta, diziplina anitzeko artista eta sexologoak garatu zuen egitasmoa: «Ikus-entzunezkoen, manipulazio elementuen eta irudimenaren bidez familiek artea deskubritu eta harekin elkarreraginean aritzeko diseinatua». Bertaratuek gogotsu hartu zuten jarduera, eta familia askok guneak eskaintzen zituen esperientzia sentsorialez gozatzeko aukera baliatu zuten. Edukiera mugatua izan zen, eta momentu jakin batzuetan itxaron beharra zegoen; horrek, hala ere, ez zuen inoren esperientzia baldintzatu, txandak antolatu baitzituzten guztiek instalazioaz gozatzeko aukera izan zezaten.
Labirintoan jolasteko aukera bereziki erakargarria suertatu zen, eta labirintotik kanpo, hainbat haur komuneko paperarekin jolasean zebiltzan txoko batean; paperak mozten, biltzen eta formak sortzen. «Badaezpada ez dut paper asko jarri, guztia gastatuko dute bestela», esan du Nanclares de Ganboak, txantxati.
Umeek ez zuten berba askorik egin nahi, jolastuz sortzea baitzen haien asmo bakarra. Mario Caminos aita haurra laguntzera joan zen lau zutaberen artean lotutako ehunka sokaz osatutako sorkuntzara. «Gasteizko Udaleko agendan ikusi genuen hau zegoela, eta etortzea erabaki genuen. Haurrek hemen izugarrizko aukera dute askatasuna eta irudimena aktibatzeko» adierazi zuen Caminosek. «Ni ere inplikatu behar izan naiz, baina gustura nago ikusten».
Eremuak eskaintzen zituen zirrikitu eta txoko ezkutuetan, haurrek hainbat objekturekin esperimentatzen jarraitu zuten: koloretako ehunak, argiztatutako formak eta ukimenezko elementu desberdinak. Haur bakoitzak modu ezberdinean erreakzionatu zuen; batzuk buru belarri jolasean aritu ziren, eta beste batzuk, helduen laguntzaz, instalazioaren sinpletasunaren eta sorkuntza aukeraren bidez artearen magia sentitzen hasi ziren: «Artista batzuen sorkuntzetan inspiratu naiz dena sortzeko. Erakusketetan normalean ezin dira gauzak ukitu, ez dira interaktiboak; baina hemen horretarako aukera dute familiek», nabarmendu du arte terapeutak.
Tokia, argien eta testuren jolasez betea, guztiz bete zen goiz osoan. Gurasoek ere, hasieran atseginez begiratzen zieten arren, haurren dinamikan parte hartu zuten azkenerako. Halako jarduerek guraso eta haurren arteko lotura indartzeko balio dezaketela adierazi zuen Nanclares de Ganboak: «Zerbait berezia da artea bizipen bezala partekatzea, eta bide batez haurren ikuspegia eta irudimena hurbiletik ezagutzea. Haurrentzat da, baina baita gurasoentzat ere. Haurrek nola jolasten den gogorarazten diete helduei».