Txikien abordatzea euripean

Zenbait dantzarekin gorputzak berotuta eta euritan, baltsak haurrez bete, eta abordatzea egin dute Donostiako Pirata Bihurriek. Abordatzeaz gain, herri bazkaria, pailazoak eta jolasak izan dituzte.

Euria ez zen oztopo izan; uretan zeudenak zein ontzi barruan zihoazenak ederki ibili ziren abordatzean, eta denek amaitu zuten blai eginda. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Donostia
2019ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Donostiako kaia pirata txikienak jasotzeko prest dago. Ateri dago, baina badirudi gertu dela enbata. Hala ere, plastikozko baltsak puztu, eta abordatzera ateratzeko prest daude. Denak ilaran ipini dituzte Pirata Bihurrietako gazteek. Berehala hasi dira familia ugari Flamenkatik kaira joaten. Izan ere, Haurren Eguna izan zuten Donostiako Piratek, atzo, eta abordatze txikia egin zuten.

Hamaiketarako gutxi falta da. Herenegungo geldialdiaren ondoren, martxan jarri dira berriz ere piratak, goiz-goizetik. Musika eta giro ederrean ari dira dena prestatzen: besoan zenbakiak ipini, zapiak eta txaleko berdeak jantzi, eta dantzan hasi dira asko: Eskuetan, bizitza eskuetan... Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kantua entzun da bozgorailutik, eta gorago dauden antolatzaileei segika, dantzan hasi dira denak.

Familia askorentzat egun berezia da abordatze txikiarena. Nahia Alkorta eta Asier Goikoetxea abordatze txikian parte hartzera joan diren Aner eta Xuharren gurasoak dira, eta haiei beharrezkoa iruditzen zaie haurrek sentitzea festen parte direla. «Polita da ikustea, berez, helduentzako den jai eredu batean, haurrek ere badutela lekua, eta helduentzako antolatzen diren zenbait jarduera moldatuta, egun ederraz gozatzeko aukera izaten dutela seme- alabek», esan du Alkortak.

Leire Vazquez Pirata Bihurrietako gazteak dioenez, duela zortzi urte piztu zitzaien piratei haurrak jai girora ekartzeko gogoa. «Edozein jaitan, adin guztietako jendea kontuan hartzea garrantzitsua da, eta guk horixe egin nahi izan genuen. Maiz, ahaztu egiten gara haietaz, eta haurrentzako jarduerak oso mugatuak izaten dira festa askotan. Guraso, haur eta gazte talde bat elkartu, eta buelta bat eman genion horri», esan du Vazquezek.

Iritsi da Ezkila kapitaina, eta prest daude lehenengo piratak, beste txalupak abordatuz zapiaren bila ateratzeko. Euri tanta bat, beste bat... zaparrada zerutik behera; abordatzea hastearekin, iritsi da euri jasa, baina ez da inorentzako oztopo. Irten dira lehenengo barkuak; haurrak barrenean doaz, eta gurasoak eta antolatzaileak uretan daude haiei bultzaka. Paseatzen dabiltzan turistek harrituta begiratzen dute uretara. Azkar batean iritsi dira lehenak zapitxoetara. Gehienak busti-busti eginda daude, uretako pirata zahar bihurriek uretara bota eta ederki busti baitituzte.

Luze joan da abordatzea, eta, amaitutakoan, uretik irten, arropa lehorrak jantzi, eta kalejiran joan dira denak Flamenkara; han, zain zuten bazkaria.

Herri bazkarian bapo jan, eta pailazo batek bisitatu ditu gero pirata bihurriak. Egunarekin bukatzeko, olinpiadak egin dituzte; jolasekin eta herri kirolekin neka- neka eginda bukatu dute eguna pirata askok, eta, hurrengo urteko Pirata Bihurrien abordatzearen zain, deskantsura joan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.