Bilboko Aste Nagusia

Txikiak ere nagusi

Haurrek ere badute zertaz gozatu Bilboko Aste Nagusian. Tailerrak, puzgarriak, ikuskizunak... zabala da eskaintzaKonpartsek ere dozenaka ekintza prestatu dituzte haurrentzat egun hauetan

Bilbo
2013ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Guraso direnek, zikinduta barik, arropa higatuekin bukatu ohi dute Bilboko Aste Nagusia. Seme-alabek etengabe heltzen diete kamisetatik, norabait joan nahi dutela adierazteko. Hala iritsi da Unai Santurtun Doña Casilda parkean dagoen Txikigunera, bere seme Aitzolen gidaritzapean. «Albotik pasatu gara, eta semeak hemen zegoena ikusi du».

Txalupa txiki batean nabigatzen dabil haurra, espaloien gainean muntatuta dagoenigerileku moduko batean. Ez da Aitzolek probatu duen atrakzio bakarra, dozenaka baitaude, pasealekuan zehar barreiaturik. «Gero eta jolas eta ekintza gehiago daude», ziurtatu du Agurtzane Olanok. Lau urte daramatza Txikigunean lan egiten, eta «abilidade jolasen» ardura egokitu zaio aurten, Tamara Viejorekin batera. Banku batean eserita daude biak, euritu egin duelako, eta lurra bustita egonda ezin dituztelako jolasak egin; «segurtasunagatik», zehaztu du Viejok. Puzgarriak eta Gargantua ere itxi dituzte, baina eguzkia atera bezain pronto berriz sortu dira ume eta guraso ilarak.

Txikigunea parkean dagoen bigarren urtea da hau, lehen Erripako kaian baitzegoen. Udalak kokalekua aldatu izana konpartsen kexuak ekarri zituen bere garaian, gunea jai esparrutik aldentzen zelako, lehen txosnen alboan zegoen, itsasadarraren beste aldean. «Orain bertatik txosnetara joateko nahiko aparte dago, egia esan», aitortu du Garbiñe Longartek. Bere haurrekin eta lagunekin bertaratu da Txikigunera, eta bi ordu daramatza. Jarraian Zazpikaleetara joateko asmoa du, bazkaltzera; eta gero txosnetara, «tragoren bat hartzera». Goiza haurrentzako eta arratsaldea nagusientzako, beraz. «Ez da zaila moldatzea, baina guneen artean distantzia handia egoteak zailagoa bilakatzen du».

Baina Txikigunera jende gehiago doa Doña Casildan finkatu zenez geroztik, Agurtzane Olano Txikiguneko langileak adierazi duenez. Parkea ekintzak egiteko leku «hobea» dela azaldu du langileak, «parkean egonda, jendea gusturago dago». Bertatik txosnetara jaisteko, «txu-txu trena» erabiltzea da aukera bat. Hori egingo du Santurtunek, Aitzolek nabigatzeari uzten dionean.

Txikigunea 14:30era arte egoten da zabalik, eta arratsaldean berriz irekitzen da, 17:00etatik 19:30era. Ordu horietan musika ez da behin ere gelditzen. Txikigunerako espresuki sortutako Karolina Irratia arduratzen da horretaz. Komantxe konpartsaren txosnan, berriz, Irola Irratia arduratu da musika jartzeaz, haurrak eskalatzen dauden bitartean. Txosnaren alboko paretan boulder bat dute jarria konpartsako kideek, eta umeentzako eskalada tailerra antolatu dute.

Baina hori ez da konpartsek umeentzako eskaintzen duten gauza bakarra. Ikuskizunak, tailerrak... haurrek ere makina bat ekintzez goza dezakete, gurasoak poteoan dabiltzan bitartean. Unai Agirre, adibidez, Puski eta Txurruski pailazoak ikustera joango da, bere seme-alabekin, eurek eskalatzen bukatzen dutenean. Konpartsen egitaraua hobera jo du Agirrerentzat, baina Txikigunea Erripan zegoenean «izugarria» zela gaineratu du. Doña Casildara ez da ia bertaratzen, konpartsen eskaintza «oso ondo» dagoelako. «Konpartsek eskaintza handiagoa egiten dute, eta normalean bertan geratzen gara».

Batzuetan kanpoko taldeak deitzen dituzte konpartsek umeentzako tailer zein ikuskizunetarako. Baina beste batzuetan konpartsa kideek hartzen dute ardura. Hori da Uribarri konpartsaren kasua. Hango kide Miguel Angel Carballok laborategiko mantala jantzi du, zientzia tailerra egiteko. Hiru urte daramatza tailerra egiten. Hasieran hainbat gai jorratzen zituen, baina aurten gai batean zentratzea erabaki du: presio atmosferikoa. Umeek aho zabalik entzun eta ikusi dituzte haren azalpen eta esperimentuak.

Baina ideia bat albo batera utzi behar izan du Carballok: elektrostatikari buruzko tailerra egitea. «Ez dut guztiz perfekzionatzea lortu, beste baterako utziko dugu».

Barrakak, «urrun eta garesti»

Goizean ez dago inor Etxebarri Parkean, hiruzpalau ibiltari eta zirkuko dromedario bikote bat salbu. Barraken gunea desertu bat da goizean. Atrakzio guztiak itxita daude, eta langileak konponketa eta garbiketa lanak egiten dabiltza.

«Jendea bostak inguruan etortzen da, egiten duen beroaren arabera», azaldu du barraken alboan jarri ohi diren taberna mugikorretan dagoen zerbitzari batek, arratsalderako dena prestatzeari gelditu gabe.

Barraken prezio altuak dira barraketara ez joateko argudio nagusia, «eta oso aparte daudela», gaineratu du Longartek. Iritzi berekoa da Agirre. Hura eta seme-alabek zirkura joateko ohitura daukate, «baina sarrerak doan lortzen ditugulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.