Txerria txerri eginda

Mespretxuz eta erdeinuz begiratu izan zaio txerriari askotan, zikina eta zantarra denari haren izena jartzeraino. Jose Antonio Azpiazu antropologo eta historialariak jaso du orain haren historia, eta garbi dauka: «Gizakiok bihurtu dugu zikin zerria».

Euskal Txerria arrazako txerri bat,  Bidania-Goiatzen (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU
Euskal Txerria arrazako txerri bat, Bidania-Goiatzen (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2024ko maiatzaren 21a
05:00
Entzun

Txerri-txerri eginda iristen da lokatzetan plisti-plasta ibili dena. Txerri askara botatzen da inork nahi ez duena. Txerri jana baita jateko balekoa ez dena. «Urde zerria!», esan behar zaio, ozen, ganoraz iseka egin nahi zaionari. «Zerri ahulak ezkurra amets» dio esaera zaharrak. Txerritokia dauka gela ordenatua eduki beharrean baldarrak. Bada txerriak bezala izerditzen denik, eta bada haren ibilkera bera ere jango lukeenik. Oharkabean edo ohartuta, mespretxuz eta erdeinuz begiratu izan zaio txerriari askotan, eta txerriaren aldeko aldarria egin du Jose Antonio Azpiazu historialariak (Legazpia, Gipuzkoa, 1944) bere azken liburuan: El cerdo en la historia de los vascos (Txerria euskal herritarren historian). Donostian aurkeztuko du gaur, euskaraz, San Telmo museoan (19:00).

Antropologoa, historialaria eta irakaslea da Azpiazu. «Ni beti libre samar ibili izan naiz gai hauetan», onartu du txerria ikergai gisa zergatik aukeratu ote zuen galdetuta: «Historialari kontuetan berandu samar hasi nintzen. Lesakan [Nafarroa] bizi izan nintzen, eta Beran [Nafarroa] ezagutu nuen Julio Caro Baroja. Harreman oso estua izan nuen berarekin. Berak zuzendu zuen nire tesia: Gipuzkoako merkatariei buruzkoa». Gauza «berria» izan ei zen hura, eta ondoren ere halako gaiekin ibili izan da: euskal emakumeen historia, esklabotzarena, baleontziena, kortsarioena, izurri beltzarena... «Ikerketa horiek guztiak egiteko hainbat dokumentu jaso eta ikusi nituen. Eta askotan agertzen zen txerria. Batean txerria, bestean txerria... txerriari tiraka jarraitzea erabaki nuen. Dokumentazio aberatsa jaso dut, eta saiatu naiz horri liburu forma ematen». Historiaz, istorioz, datuz eta dataz ondu du, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin argitaratu.

Euskal Txerria arrazako txerri bat, Elizondon (Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Euskal Txerria arrazako txerri bat, Elizondon (Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Besteak beste, Simancasen (Espainia), eta Tolosan eta Oñatin (Gipuzkoa) aritu da artxibategietan aztarrika. «Txerriari buruzko dokumentazioa egon bazegoen, baina ez zion inork heltzen. Nik uste dut historiagileek esaten zutela: ‘Txerria, txerria... nork egingo dio kasu horri. Horren mespretxatua izan den animalia bati’. Kalera irten naiz, landa lana egin dut, baserrietara-eta gerturatu, eta orain jendea ari zait esaten: ‘Aizu! Oso interesgarria, egin duzuna’. Baserri inguruko jendeak errekonozimendu gisa ikusten du lana: errekonozimendua txerriari, eta errekonozimendua baserriari».

Hainbat ataletan banatu du 183 orrialdeko liburua, eta azaldu du etxekotu zutenetik txerriak zer bide egin duen euskal gizartean. XVI. mendeko dokumentuetan du haren lanak oinarria, baina joan da atzerago eta etorri da gaur eguneraino ere. «Garbi dagoena da jende arruntaren jaki eta proteina iturri bakarra izan zela txerria urte askoan. Baserrietan behiak esnetarako ziren, eta oiloen arrautzak ferian saltzeko. Etxerako gelditzen zen bakarra txerria zen. Eta txerri boda festa handi bat bihurtzen zen baserri haietan. Denboran irauten zuten jaki bakarrenetakoa zen, gainera, gazituta. Oso inportantea zen txerria baserrian, baina ez han bakarrik, baita merkataritzan ere».

Eta Azpiazuk dio kultura gehienetan izan dela hala, nahiz eta erlijio jakin batzuk haren kontsumoa eta harekiko kontaktua debekatu, «arrazoi absurdoengatik eta sinesgarriak ez diren argudioengatik». Historialariak dioenez, azken ikerketek agerian utzi dute debeku eta mespretxu horien atzean zeuden arrazoiek, kasu gehienetan, ez zutela zerikusirik erlijioarekin, «arrazoi ekologikoak» zeudela atzean: «Arabiarrak eta juduak desertu inguruetan bizi izan dira, eta nomadak izan dira asko. Gamelua zen haietako askoren salbazioa: esnea ematen zuen, ur gutxi behar zuen, eta bidaia luzeak egiteko balio zien. Txerria baztertzeko arrazoi erlijiosoak jarri zituzten, baina aitzakiak baino ez dira horiek. Ura eta errekak izan balituzte, txerria ongi haziko zuten, eta gustura jan. Ez debekatu. Atlas inguruan eta Afrikako beste hainbat tokitan txerria janari gisa kontsumitu izan dute. Ura falta zuten tokietan, txerria lehiakidea zen ura lortzeko garaian».

Euskal Txerria arrazako txerri talde bat, Elizondon (Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Euskal Txerria arrazako txerri talde bat, Elizondon (Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ura edo lokatza. Txerriak «hezetasuna» behar duela dio Azpiazuk, eta agian gutxik jakingo duten datua eman: «Txerriak ez dauka izerdi guruinik, eta horregatik behar du ura. Eta urik ez dagoen tokian, ur zikina, edo lokatza. ‘Txerria bezala izerditan’ esamoldeak ez du zentzurik. Izerdia aterako duzu, baina ez zerriak bezala, zerriak ez baitira izerditzen».

Eta horrekin lotuta, beste uste faltsu bat: animalia zikina dela. «Txerria zikina? Gizakiok bihurtu dugu zikin txerria». Adibidez: «Txerria basoan dagoenean, animalia erabat garbia da. Nafarroan badira oraindik lur komunalak. Liburua egiteko, Lesakako eta Arbizuko jendearekin egon nintzen, besteak beste. Hango jendeak esan zidan nola eramaten zituzten txerriak basora, eta nola egiten zizkieten etxola moduko batzuk basoan bertan. Zioten txiza eta kaka egitera etxolatik kanpora irteten zirela, eta, lotara, toki garbira».

«Txerriari buruzko dokumentazioa egon bazegoen, baina ez zion inork heltzen. Nik uste dut historiagileek esaten zutela: ‘Txerria, txerria... nork egingo dio kasu horri. Horren mespretxatua izan den animalia bati’».

JOSE ANTONIO AZPIAZUAntropologoa eta historialaria

Txerriak jasotako mespretxu eta erdeinuaren aipamenak eta adibideak jaso ditu Azpiazuk liburuan. Errepaso bat datu historikoz eta pasadizoz emana. Eta aldarrikatu du txerriaren «alde soziologikoa» ere: «Inportantea da hori. Elkarlan hori. Baserrian txerria hiltzen zuenak auzoen laguntza izaten zuen askotan, edo auzoen artean banatu behar zituen hildako txerriaren puska batzuk. Ustez, beste baserrikoak ere txerria hiltzen zuenean, emango zizkiolako haren puskak. Etxeko haurrek egiten zuten banaketa hori, eta bazuten buruz ikasia halako esaldi bat: ‘Amak esan du gutxi dela, baina onartuko duzuela...’. Sozializatzeko oso inportantea zen txerria». Eta horrekin lotuta dator liburuan pasadizo oso polit bat, Pernando Amezketarrarena: ba omen zen haren herrian baserri bat txerria gauez hiltzen zuena, ezkutuan, haren puskak inori banatu beharrik ez izateko. Pernando, horren jakitun, txerria hiltzen hasi eta ileak erretzeko sua egin zutenean, sakristauaren etxera joan zen korrika abisua ematera: ‘Halako baserrik su hartu du!’. Eta sakristauak su-kanpaiak jo zituen, eta herri guztia esnarazi. Joan ziren herritarrak baserri hartara laguntzera, eta orduan jakin zuten txerria hiltzen ari zirela. Guztien aurrean gelditu ziren esamesgarri.

Txerriaren habitata, txerri hiltzailearen figura, txerriaren arrazak, txerri bodak... guztiak aztertzen ditu Azpiazuk liburuan. Balea arrantzaleen dietan txerrikiak izandako garrantzia ere bai. «Gatzarketan gazitzen zituzten pernilak eta saihetsak. Hilabete eta erdi inguru egiten zuten han. Balea arrantzaleek eraman behar zuten zerbait Ternuara, eta haragi hura ez zen horren erraz usteltzen», azaldu du Azpiazuk. 1549ko dokumentu bat xehatu du: «Dokumentuak dio Mutrikun [Gipuzkoa] bazegoela itsasontzi bat Ternuara zihoana otsailean, eta ontziaren jabeetako bat joan zela ‘Frantziaren mugalderaino’, eta erosi zituela 28 txerri. Ekarri zituen oinez handik Behobiara [Lapurdi], bertako auzapezaren baimenarekin, eta ordainduta. Handik Markinara [Bizkaia], hangoa zelako bera. Han txerriak hil, gatzatu, eta otsailean handik Mutrikura. 28 txerriren haragia eraman zuten espedizio hartan Ternuara, zortzi edo bederatzi hilabeterako».

Oñatiko (Gipuzkoa) Unibertsitateko irakasleek ere txerriak hazten eta jaten zituztela kontatzen du liburuak, eta txerriak literaturan izandako presentzia ere jasotzen du. Besteak beste, Patxi Zubizarretaren Zerria lan saritua, edo George Orwellen Abereen etxaldea klasikoa: «Totalitarismoaren kontrako fabula bat izanda, gizakien kontrako matxinada zuzentzen dutenak eta boterea hartzen dutenak txerriak izatea erabaki zuen Orwellek, eta ez dut uste kasualitatea denik».

Liburuaren azaleko argazkiak laburbiltzen du mezua. Indalezio Ojanguren eibartarrak duela ehun urte ateratakoa da. Amona bat agertzen da baserriaren atarian bi bilobekin: magalean hartuta dauka bata, lepasaski batekin dago bestea. Erdian, txerri bat uxarrean. «Familiako beste kide bat balitz bezala».

Jose Antonio Azpiazuren liburuaren azala: 'El cerdo en la historia de los vascos'.
Jose Antonio Azpiazuren liburuaren azala: 'El cerdo en la historia de los vascos'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.