SERIEA. Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (eta V). Irabazlea.

Txartatu gabeko ha(e)rribitxia

Kirgizistanera egindako bidaia baten kontaketak lortu du lehiaketako lehen saria, Mendiak eta Herriak agentziarekin Cervino mendiaren inguruan ibilaldi bat egiteko aukera. Kronikak ondo erakusten du kirgizistandarren bizimodua.

Babash Ata mendilerroaren ikuspegia. ITSASO DIEGO JAUREGI-ARRABURU.
Itsaso Diego Jauregi-Arraburu
2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Kirgizistan. Nola? Stan zer? Eta bakarrik? Halakoak izan ziren udako planen berri ematean jaso nituen erantzunetako batzuk, harridura eta kezka nahasten zituzten aurpegierak tarteko. Inbidia puntu bat sumatu nien, aldiz, herrialdearen berri bazutenei. Hilabete eta erdiko bidaia izan da. Bada zer ikusi, zer ikasi eta zer kontatu izateko nahikoa tarte, nahiz bidaiari kurioso aseezinarentzat hori ere motz geratu.

Pilulatan jaso nahi izan ditut ikusi eta entzundakoak, irudiak eta ahotsak. Elkar helduriko ordeka eta gailur segida delako Kirgizistan, eta horiek lekutzen dituzten ganadu talde eta pertsonak.

INTXAURRONDO ETA HAITZEN TARTEAN
LEHENA

Behatz keinua egin eta bidegurutzean jaso nauen frutaz kargatutako furgoneta batean iritsi naiz Arslanbob-era. Sarrerako azokan geratu da gidaria. Fruta, barazki, arropa eta bestelako salgaien artean mamitzen dira herritarren arteko harremanak. Eguerdiko bero sapatik ihes egin nahian lo lekuranzko bidea hartu dut. Pauso gutxiren buruan, zalaparta apaldu eta bareak hartu dio erreleboa. Maldan gora doan Lada Niva zaharraren motor zaratak, behi parea etxeratu nahian dabilen mutikoaren txistuak, zein amak alfonbrak garbitu bitarteko haurren olgetek bakarrik eten dute gainontzean nagusi den errekako ur hotzaren hotsa.

Ikusi gehiago:Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (I). Ez diren lurraldeetan

Ostatura iristean, irribarre xalo batekin eman dit ongietorria Fieruzak. Eguzkiak gogor berotzen du ezer egiteko, beraz, etxe aurreko gerizpean itxarotea erabaki dut, freskatuko duen esperantzaz. Liburutik burua jaso bakoitzean Fieruza ikusten dut, atzera-aurrera lanean, begi zeharka bakoitzean irribarre lotsati bat gurutzatuz.

17 urte ditu, eskola bukatzean medikuntza ikasi nahi du Jalal Abad-eko unibertsitatean. Ordura arte, nebarenean bizi da, honen emazte eta 5 urteko alabarekin batera, ama hil eta aitak irakasle lana utzita errusiara emigratuz geroztik. Nebak bestelako planak ditu; bi urte barru ezkontzeko adinean egongo da, hala jakinarazi dio.

BIGARRENA

Bero handienak heldu aurretik ekin diot ur-jauzi handirako bideari. Ur jauzia bera baino askoz erakargarriagoa zait atzean markoratutako postala. Babash Ata mendilerroaren hegoaldetik jarraituta intxaurrondo basora heldu naiz; munduko intxaurrondo baso handiena da, eta handitasun horretan eskertu dut mugikorreko mapen aplikazioa erabilgarri izatea, berriz ere herrira itzuli ahal izateko.

Lenin Peak (7.134 m.), 2022-07-26. / ITSASO DIEGO JAUREGI-ARRABURU

Arratsaldean, ogi egin berriaren usainak erakarrita, etxe aurrera irten naiz. Fieruzak labe txiki elektriko bat dauka, leiho azpian entxufatu eta naan-ak bertan egosteko. Aurreztutako sosekin erositako ingeles ikasliburua eskuan, harro hurbildu da nigana. Etxeko eginbeharrek utzitako denbora-tarte laburrak aprobetxatzen ditu dakiena errepasatu eta hitz berriak ikasteko. Gero, ni bezala, ostatura heltzen diren atzerritarrekin praktikatzea gustatzen zaio. Bederatzi ogi laberatu ditu banan-banan, eta batetik besterako itxaron denboran hartaz eta hontaz, baina batez ere gutaz aritu gara. Amak utzi zion naan-aren errezeta ere oparitu dit.

PAMIR HEGOALDEAN, ALAI IPARREAN
HIRUGARRENA

Seietarako argitu du egunak Tulpar lakuaren inguruetan. Noizbehinkako laino arin batek Lenin gailurra (7.134m) ferekatzen badu ere, zeru urdinak kontraste garbia egiten du pamirtar tontorren linea zuriarekin. Paisaiak eskaintzen digun edertasunak arindu egin dit igarobidera heltzeko azken malda. Arnasa oraindik lar estutu gabe, Traveller's Pass-en (4.150m) ezkerraldeko muinora igo gara.

Ikusi gehiago:Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (II): Arokatsuetatik Pazifikora, ibaien sare aldrebesean

Txiki sentitzen naiz erraldoi hauen aurrean, baina barrena hamaiketakoak beste betetzen didan esker ona ezin handiagoa da. Soa 360 graduan biraka, non pausatu ezin erabaki nabil. Leninetik behera datorren glaziarrak zuritasuna galtzen du mingaina estutu ahala. Beste aldean, umetan klarionez eta gatzez bete nituen botiletan nola, elurrak estali gabeko magaletan ere, geruza okre, gorri eta grisak gainjartzen dira. Ezin, baina, atsedenaldia betikotu. Goi mendietako espedizioek bigarren kanpamenturantz jarraitu bitartean, kide suitzarrak eta biok, Pamir mendikatea bizkartzain, isilik ekin diogu bueltako bideari.

LAUGARRENA

Sary Moguleko ostatuko ate aurrean eseri naiz. Etxeko gizon edadetuak gerizpera joateko imintzio egin dit. Ezetz erantzun nik, gustura nagoela goiz erdiko eguzkipean. Elur zuritutako mendi-zerrenda luzatzen da ortzi-mugan, Kirgizistango eta Tajikistango gobernuen arteko gatazkak belztu duten muga.

Nirekin batera eseri da etxeko erraina, urtebeteko haurrari titia emateko. Eserita ikusi dudan aldi bakarrenetakoa izan da. Marifa du izena, 18 urte ditu, eta aita- amaginarreben etxean bizi da senarraren gainontzeko senideekin batera. Senarra, aldiz, errusiara joan da ikastera, haurraren zaintza eta etxeko lanak Marifaren gain utzita. Elkarrengandik zentimetro gutxi batzuetara egonda ere, luze-zabala da bion arteko distantzia.

Ikusi gehiago:Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (III). Albanian zubiari 'ura' esaten zaio, eta diruari, 'leka'

Arratsaldean bueltaxka bat eman dut kale huts hautseztatuetan. 10 urte justuan betetako hiru gaztetxo pasa dira zaldiz lasterrean. Izebaz oroitu naiz; «Ene, horreik umiok salbajetute jazan». Basati baino, aske. Baina hemen ERE, kaleak hartzeko, ulu egiteko, baloiari ostikadak emateko, errekan bainua hartzeko, harria urrunago nork bota apustu egiteko edo zaldi lasterketa inprobisatuetarako lizentzia eta askatasuna mutil etiketadunentzat erreserbatuta dago.

UDA SASOIA SONG KOL-EN
BOSGARRENA

Kyzartetik Song Kol-erako bidea lagun austriar batekin egingo dut. Gaua Kilemche deituriko puntuan igaro dugu. Gogotik egin du euria, eta haizeak erruz astindu du denda; hala ere, eguzkitsu esnatu da goiza. Martxari ekin eta ordu eta erdi beranduago iritsi gara ibilbideko puntu gorenera. Haizearekin firi-fara dabil behe-lainoa iheskor. Haizeari kontra egin beharrean egunaren hondarrera iritsi, familia baten yurtan gaua pasatzeko aukeraz galdegin, eta sartzera gonbidatu gaituzte.

SEIGARRENA

Hain goxo hartu gaituztela eta, egonaldia beste gau batez luzatzea erabaki dugu. Goiz osoa pasako nuke gosaritarako ateratako behi-esne freskoarekin egindako gurin krematsua eta albertxiko marmelada ogi gainean jarrita jaten. Digestioa eginda, inguruan bueltaxka bat ematera irten, eta lakuan bainu azkar bat hartzera ere ausartu gara. Bazkaritarako dimlama: barazkiak eta okela su geldoan egositako eltzekaria. Goizean hiltzen ikusi dugun ardi zaharraren haragi samurraz. Otordu guztietan presente dauden tea, ogia, borsok-a, marmelada eta gozoak ere ez dira falta. Zorionez, ez dira lar tematu kymyz-a (behor-esne fermentatua) eskaini eta ezetz erantzutean.

Arslanbob, 2022-07-22. / ITSASO DIEGO JAUREGI-ARRABURU

Egun bakarrez izan bada ere, Akulbek familiaren uda sasoiko egunerokoa kuxkuxeatzen aritu gara. Aitajauna eta iloba karta-jokoan, ataurrean irakurtzen edo katalosarekin urrunekoak behatzen ibili bitartean, masail gorritutako haurrek jolasean jarraitu dute, eta ama-alabak yurtako bizimoduak eskatzen dituen lanetan aritu dira: inguruak atondu, bazkaria prestatu, esnea jetzi, ogia egin... Aitak nahikoa du ganadua gobernatzen.

ARTZAIN USTETAN JETI OGUZ-EN
ZAZPIGARRENA

Errekaren ur eramanaren zaratak lo gutxirako aukera utzi dit. Dendaren telaz bestalde, gustura sentitu dut eguna argitzen. Atzo hasitako bidetik, Teleti haranera heldu naiz. Urruneko laino ilunek tontorrak estaltzen dituzte; euri arriskuaren aurrean, bustitzeko gogorik ez, eta buelta ematea erabaki dut. Laurehun buruko artaldea eta hau gobernatzen ari ziren hiru artzainekin topo egitean, martxa moteldu behar izan dut. Aurreratu ezin nituenez, artzain lanak egin nahian hasi naiz; grazia egin die, antza. Ahozkotik baino imintziotik gehiago duen hizkuntzan, hala moduz iritsi gara elkar ulertzera.

Ikusi gehiago:Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (IV): Pentagona

Nola gertatu den ondo ulertu gabe, Narzut artzainaren Jeti Oguz-eko etxean amaitu dut eguna. Eskerrak bere emazte Guliza ingeles irakaslea den. Etxeko beste bat gehiago bezala hartu naute, eta afalostean tertulian aritu gara. 29 urte ditu Narzutek eta 33 Gulizak. Gutxi dela ezkondu ziren, berandu hemengo batezbestekoaz alderatuta. Narzutentzat ohorea da gurasoak eta anaia zaharrena bezala artzaintzan lan egitea; ezin du ulertu Euskal Herrian galbidean dagoen ofizioa izatea. Nekatuta gaude eta oheratzeko ordua iritsi da; aurretik, baina, biharamunerako haur jaioberri baten ongi-etorri erriturako gonbidapena egin didate.

AGURRA

Oraindik abuztuaren hondarretan egon arren, uda azkenera heltzen hasia da eta negua helduko da gero. Kirgizistanen, negua benetan da negu: hotz, elurtu, ilun. Gogortasun hori samurtzeko aurre prestaketetan utzita, gero arte batez agurtu ditut denak. Albertxiko eta fruitu gorri marmeladen usainak ihes egiten du sukaldeetatik; barazki kontserbak hasi dira pilatzen apaletan; patata, tipula eta zerealak etxe inguruko zoruetan zabalduta daude, sikatu zain; ganadua behe landetara bidean; eta kamioiak lasto fardoz gainezka, azken horiek ere zer jan izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.