ATZEKOZ AURRERA. Zuhaitz Gurrutxaga. Umoregilea eta futbol jokalari ohia

«Txapeldunordearen lekutik begiratzen diot bizitzari»

Oholtzan topatu du Gurrutxagak futbol zelaian topatu ez duen erosotasuna. Intimoa dena eskuzabaltasunez kontatu, eta umoretik heldu dio osasun mentalaren gaiari, Ander Izagirreren eskua lagun.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2023ko azaroaren 16a
00:00
Entzun

Baloi bat mila puskatan zatituta ageri da Zuhaitz Gurrutxagak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1980) Ander Izagirrerekin batera idatzitako Subcampeón (Txapeldunordea) liburuaren azalean. Gurrutxagaren autobiografia kontatu dute lan horretan, lau eskutara. FutbolisTOC bakarrizketan bezala, umorea lagun, futbolari zenean presioaren ondorioz izandako osasun mentaleko arazoak mamitu dituzte.

Zergatik Txapeldunorde izena?

Lehen kapitulua horrekin hasten da: Realeko jokalari nintzen garaian, [Espainiako] Ligako txapeldunorde gelditu ginen, 2002-2003ko denboraldian. Inportantzia handia dauka momentu horrek, liburuan kontatzen diren gauza askorengatik. Baina, bestalde, iruditzen zaidalako txapeldunorde izatea dela gertatzen zaizkizun gauzei begiratzeko modu bat; hortik begiratzen diot nik bizitzari. Bada leku bat non arrakasta duzun, baina ez guztiz. Ni bezala, irabazi bai, baina galtzaile ere bada. Enpatia gehien sortzen duen lekua iruditzen zait.

Osasun mentalaren tabua hautsi duzu liburuarekin eta bakarrizketarekin. Zergatik erabaki zenuen kontatzea?

Oso gaizki pasatu izan dut osasun mentaleko arazoengatik, batez ere nahaste obsesibo konpultsiboarekin. Hobetu ahala, bakarrizketak egiten hasi nintzen, eta iruditu zitzaidan neronek nituen bizipenak material narratibo ona zirela, erabili gabekoak: futbolari profesional bat osasun mentaleko arazoekin.

Gizon futbolariak pribilegioen tontorrean ikusten ditu jendeak. Horrek dakarren presioa, ordea, ez da hainbeste ikusten?

Argi dago lan pribilegiatu bat dela, eta, gainera, diru asko irabazten da, futbolak pasio asko mugitzen baititu. Baina pasio horrek beste presio batzuk sortzen ditu, ni bezalako jende batentzat jasangaitzak direnak edo izan direnak.

Apurtu nahi izan duzu futbolari indartsu eta ahalguztidunaren irudia?

Bai, futbolean ikusten ditugun horiek ez direlako korrika ari diren pertsona plano batzuk, eta badituztelako haien gauzak barruan. Asko hitz egiten da futbolaz, baina benetan barruan gertatzen dena jende gutxik daki, oso hermetikoa da. Ez da beti hitz egiten ez dakitelako, baizik eta ez zaielako komeni gehiegi kontatzea, bihar titular batean agertu nahi ez badute.

Adinak eragin zizun presio horretan?

Guztiz. Beti pentsatu izan dut adin horrekin horrelako presiopean arrakasta izateko bi aukera daudela: bata da adin horretan tokatzen zaizuna baino helduagoa izatea, eta bestea inkontziente bat izatea, eta ez ohartzea zure akatsek zer ondorio izan ditzaketen. Ni, zoritxarrez, ez nintzen bietako bat ere izan.

Zer ondorio ekarri zizkizun zuri?

Presio hori jasangaitza izan zen; nahiago nuen ez jokatu, beldurra ematen zidalako zelaira atera eta huts egiteak. Droga batekin esperientzia txar bat eduki nuen behin, eta hark segur aski barruan zegoen nahasmendu hori piztu zuen. Handik aurrera, antsietatea sentitzen hasi nintzen, gero depresioa, eta bukatu nuen nahasmen obsesibo konpultsibo gogor batekin.

Umorez kontatu duzu istorio gordina, ordea. Sendagarria izan da?

Guztiz. Azkenean, nahaste hori daukan norbaiten obsesioak oso absurdoak dira. Norbera ere ohartzen da, baina ezin diozu kontra egin. Txiste bat egiteak distantzia ematen dizu errealitatearekiko. Horrez gain, balio izan zidan disimulatzeko. Egunean hogei aldiz eskuak garbitzen ari banaiz, txiste bat egitea serio ari naizela ezkutatzeko modu bat da. Ez nuen nahi biktimismorik edo dramatismorik erakutsi; argi neukan kontatu behar banuen barrez izan behar zuela.

Zergatik jo zenuen Ander Izagirrerengana?

Batez ere inguruan ditugun idazlerik onenetarikoa delako eta umorea oso fin erabiltzen duelako. Txirrindularitzari buruzko haren liburuak irakurtzen ari nintzela, konturatzen nintzen kirolariei buruz ari zela, baina umorea erabiliz, ironia, bigarren zentzua... Ander mago bat da horretan. Ez neukan esperantza handirik, baina, berak dioen bezala, 2023ko plan guztiak utzi zituen hau bion artean idazteko. Guri, umoregileoi, hiru kilometrora ikusten zaigu txiste batekin gatozela, eta berak ezkutatzen daki.

Hain intimoa den zerbaiti buruz biluzteak eman al dizu erreparorik?

Esaten dit jendeak ausarta izan behar dela hori kontatzeko, baina ni gero ez naiz ausartzen jatetxe batera joan eta mahai bat eskatzen. Gehien kezkatu nauena izan da jende errealaren izenak jarri ditugula, nire taldekide ohiak, eta haiek gaizki hartzea edo gaizki uztea. Nire intimitatea kontatzeko ez dut sekula arazorik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.