ATZEKOZ AURRERA

Txapela Biloben errimentzat

Aramaioko Ibabeko Bertaren Bilobak taldeak irabazi du Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa. Lehia albo batera utzita, festa giroa nagusitu da egun guztian.

Arratsaldeko finalaren atarian, bertsoz alaitu zituzten Gasteizko kaleak eguerditik hasita. Kalez kale aritu ziren festa giroan. JUANAN RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Aramaioko Ibabeko Bertaren bilobak taldeak jantzi du 2018ko Arabako Bertso Kuadrilla Arteko txapela. Manex Agirre, Andere Arriolabengoa eta Xabi Igoa bertsolariek ordezkatutako taldea gailendu zen, atzo, Gasteizko Landatxo kiroldegian jokatutako finalean. Gasteizko Errekaleor Bizirik eta Arabako Errioxako Txandrio kuadrillei nagusitu zitzaien Gorbeialdeko taldea. 2010ean lortutako garaipena berritu zuten, horrenbestez.

Ez zuten erronka makala izan parte hartzaileek. Finalean egin beharreko lana nahikoa ez, eta hotzari ere aurre egin behar izan zioten bertsolariek. Ez ziren kikildu, ordea, eta umoretsu hasi zuten saioa. Bertsoa eta musika uztartuta, dantzan jarri zituzten ikus-entzuleak. Handik aurrera ere, bide beretik jarraitu zuten. Horren adibide dira, esaterako, Ruben Sanchez bertsolari gonbidatuarekin izan zituzten uneak, edota puntutan osatutako bertsoak ere. Askotariko gaiak jorratu zituzten, nolanahi ere. Zortziko txikian aurrena, seiko motzean gero, ofizioz eta koplaka ere aritu ziren kartzelako probara iritsi aurretik. Bikain erantzun zioten guztiei.

2010ean sortu ondotik, bi urtean behin egin da Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa; bosgarren aldia zuen aurtengoak. Orotara, 320 parte hartzaile izan dira bat-batekoan zein idatzizkoan aritu direnak. Urtarrilaren 19an hasi zuten lehia, eta hamalau kanporaketen ondoren, atzo jokatu zuten finala, Gasteizen.

Festa giroa

Goizetik giro berezia nabari zen Gasteizko alde zaharreko kaleetan. Eguzki printzen laguntzarekin, dozenaka lagun elkartu baitziren finalaren atarikorako. Landatxo kiroldegitik hasita, idatzizko eta bat-bateko taldeak aritu ziren alde zaharreko kaleak errimaz eta doinuz alaitzen; eskarmentu handikoak batzuk, hasiberriak beste batzuk, baina denak gozatzeko helburu berarekin. Horixe baita txapelketaren helburua antolatzaileen hitzetan: «Norbanakotik kolektibora igarota, bertsolaritza herrikoia sustatzea». Talde gisa parte hartzeak babesa ematen baitie bertsotan hasi nahi dutenei, baita hasiberriak direnei ere.

Esku batean edalontzia zutela, eta bestean mikrofonoa, tabernaz taberna aritu ziren bertsotan. Aiaraldekoak, Mendialdekoak, Gorbeialdekoak, Lautadakoak... Arabako eskualde guztietako ordezkariak bildu ziren egunaz gozatzera. Hantxe ziren, esaterako, finalean sartzerik lortu ez zutenak. Haiek ere bazuten zeresana egun handian: «Finalera heldu nahi genuen, geratu gara bidean/Hemen gaude, ordea, kantatzen, finalaren egunean» Barre algara artean entzun zuten bertsoa han zirenek.

Ez ziren kalez kale kantuz ari ziren bakarrak, ordea. Metro batzuetako tartean, milaka eta milaka pentsiodun ari baitziren protestan. Haiekin oroitu zenik ere izan zen: «Gaurko honetan gure ondoan, dauzkagu bai ezagunak/ eta goraipatu nahi nituzke, kanpoko pentsiodunak», bota zuen beste batek. Arratsaldeko ordu biak jotzear zirela, ordea, sekulako kazkabarra bota zuen Arabako hiriburuan. Abisua zen: barrenak berotu eta indarrak hartzeko garaia zen. Bazkari herrikoia zain zuten ordurako.

Lehia izan zenik ezin uka, baina txapela nork jantzi baino garrantzitsuagoa izan zen egunak utzitakoa. Bertsoa ardatz hartuta, lagunarteko «festa borobila» izan baitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.