Txapela, Arabako patatarentzat

Otogoiengo Borda Berri erretegiko Mitxel Suarez sukaldariak eginiko 'Txingurri' pintxoak lortu du aurten Euskal Herriko Pintxo Txapelketako txapela. Gasteizko Kea jatetxeak eskuratu du bigarren postua, eta Bilboko La Pizarrak hirugarrena. Epaimahaiak adierazi du hautaketa «zaila» izan dela.

. Gasteizko Kea jatetxearentzat izan da bigarren saria. Maikel Santos eta Maria Laskibar sukaldariek ondu dute Panseta pintxoa, elikagaiekin hitz joko bat egiteko asmoz. jaizki fontaneda / foku JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Kontu handiz eta elikagaiak mimatuz osatzen dituzte parte hartzaileek pintxoak agertokiaren gainean. Kaxetan dakartzate osagaiak, txukun eta garbi; higiene neurriak ondo zainduta. Banaka dabiltza batzuk lanean, eta binaka beste batzuk. Txandaka ari dira jardunean, bakoitzak hamar minutu baititu gutxi gorabehera pintxoetako bakoitza osatzeko. Guztira, 11 egin behar dituzte; epaimahai ofizialarentzat izango dira lehenengo bostak; beste bost, herri epaimahaiko kide banarentzat; eta beste bat erakusketarako izango da, publikoak ikus dezan. Zerbitzariak arduratzen dira pintxo horiek epaimahaiko kideei eramateaz; aldi berean, oreka erakustaldi bat eginez; izan ere, delikatuak dira, eta egindako lanak ez erortzea da gaurko jokoaren legeetako bat.

Hain zuzen, Euskal Herriko Pintxo Txapelketaren hamaseigarren aldia izan zen atzo, Gasteizko Europa biltzar etxean, eta, orotara, hamar finalistak parte hartu zuten, aurreko bi egunetan kanporaketak egin ostean. Epaimahaikideei zegokien sukaldariek eginiko pintxoak dastatzea eta erabaki bat hartzea, eta, beraz, Leandro Gil chef nafarrak eta epaimahaiko kideak hartu zuen hitza. Hark eman zuen azken erabakiaren berri. Batetik, nabarmendu zuen «zaila» izan zela pintxo irabazlea hautatzea, eta puntuazioen artean «puntu eskas batzuk» besterik ez zeudela, eta, bestetik, erantsi zuen garrantzitsua iruditzen zaiela pintxoetan bertako produktuak erabiltzea. Hala ere, nahi ala nahi ez, irabazle bat aukeratu behar zuten, eta, azkenean, Mitxel Suarez sukaldariak lortu zuen aurtengo txapela, bertan bildutako guztien txaloen artean.

Borda Berri erretegiaren (Otogoien, Araba) izenean hartu zuen parte Suarezek lehiaketan, eta Txingurri pintxoarekin eskuratu zuen lehen saria. Emandako azalpenen arabera, helburu nagusia Arabako patata irudikatzea izan zen, eta, horretarako, lehenbizi, silikonazko elikagai molde bat sortu zuen; patatari kolorea emateko, berriz, tinta zuria, horia eta marroia erabili zituen, eta baita piperbeltz pixka bat ere, produktu horrek izan ohi dituen puntu beltzak egiteko. Barnean, euskal txerriaren sekretuarekin egindako gisatu bat sartu zuen, eta yakiniku izeneko saltsa korearrarekin eta haragi zuku pixka batekin ere osatu zuen pintxoa. Azkenik, lurraldea hizpide izanda, baba freskoak, Arangizeko patatarekin egindako purea eta Martiodako frutak ere erabili zituen.

Bigarren sariak ere lehenaren norabidea jarraitu zuen, eta Araban gelditu zen. Maikel Santos eta Maria Laskibar sukaldariek lortu zuten zilarrezko domina. Gasteizko Kea jatetxeko kideak dira, eta Panseta izeneko pintxoa egin zuten. Erabilitako elikagaiekin, hitz joko bat egin nahi izan zuten titulu horretarako, betiere gazteleraz pentsatuz gero. «Ogiaren, hirugiharraren eta perretxikoaren arteko joko bat da», adierazi zuten agertokira igotzean. Pintxoaren osaketari dagokionez, azaldu zuten kristalezko ogi bat dela zurtoina, eta hirugiharrarekin eta saihetsarekin eginiko gisatu batekin beteta dagoela; txapelari dagokionez, perretxikozko merenge lehor bat da, eta onddoak ditu barnean.

Hirugarren sariak, ordea, ez zuen Arabako lurraldearen esentziari eustea lortu, eta Bilbora eman zuen jauzi. Javier Jimenezek eta Jackeline Karolek eskuratu zuten postu hori, Nigiria de txuleta con pimientos asados pintxoarekin. Haien helburuetako bat, azaldu zutenez, txuletaren garrantzia azpimarratzea zen, eta baita haren zaporean zentratzea ere. Bilboko La Pizarra jatetxeko kideak dira biak, eta herri epaimahairen saria ere lortu zuten.

Hiru sari horiez gain, epaimahaiak aipamen bereziaren saria ere ematen du, eta Joakin eta Gorka Aginaga aita-semeentzat izan zen. Iruñeko Iruñazarra jatetxearen izenean hartu zuten parte, eta Irati pintxoa aurkeztu zuten, familiaren erroak gogoan izanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.