Komunikazioa

Txapa irrati librearen programazio berriak hamalau irratsaio propio ditu

Arrosa sareari esker, 'Kalegorrian', 'Zebrabidea' eta 'Suelta la olla' entzun daitezke Bergarako irratian

Bergarako gazteak dira Txapa irrati libreko ardatz nagusia. BERRIA.
Donostia
2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Aro digitalak irrati libreen gaineko eztabaida sortu zuen. Batzuek, ordea, 27 urte bete dituzte jada, beste komunikabide eredu bat posible dela frogatuz.

Txapa irratia 80ko hamarkadan jaio zen, irrati libre gehienak bezala, eta guztien antzera, hasiera makurra izan zuen. Herriko sindikatu batek utzitako lokalean egin zituzten lehen irratsaioak. Eta 1989an, Bergarako Udalarekin akordio bat lortuta, udalak utzitako lokal batera aldatu ziren. Gaur egun, Txapa irratia Bergarako gaztetxean dago. Bergarako herritarrei irekitako irrati bat da, batzarrean oinarritua eta autogestioa, autofinantzaketa eta burujabetza jarraibide dituena.

Urte hauetan guztietan mota guztietako programak egin dituzte, eta 2011-2012 denboraldian ere programazio zabala eskainiko dute. Denboraldi berriaren aurkezpena Petti kantariaren kontzertu batekin egin zuten, duela egun batzuk.

'Made in' Txapa

Denboraldi berrian hamalau irratsaio propio izango ditu Txapa irratiak. Tokian tokiko irratia dela ahaztu gabe, Bergarako herria eta herritarrak izango dira ardatz nagusia. Sasi guztien azpitik saioak Bergarako gaiak jorratuko ditu, eta Xelebregara saioan herriko xelebrekeriak izango dituzte hizpide. Gazte batzarrak ere izango du bere proiektuentzat lekurik, Bergara sutan saioan, eguneko albisteekin batera.

Bergarako kaleetatik hasita mundu zabaleko hiriak blaitzen dituzten musika doinuak landuko dituzte hainbat irratsaiotan: 90 Segundu, Jar itzazu tapoiak, Berbenir, Kaleko mobida eta Gaztetxeko kontzertuak. Ametsetako lurra saioan ideiak, emozioak eta ametsak lortu eta sortzen saiatuko dira, betiere musikaren bitartez.

Bestelako gaiek ere lekua izango dute irratian: umoreak Haundikeittan saioan, garapen pertsonalak eta osasunak Anuaso saioan eta eguraldiak eta ilargiak Gure paradisuan saioan. Gurasoentzat ere izango da tarterik. Bestalde, 2005. urtetik martxan den irratsaio kontrainformatiboak, Kolax-ek, jarraitu egingo du denboraldi berrian.

Irrati libreak, elkarlanean

Arrosa irrati sareko hainbat irratsaiorekin osatuko dute 2011-2012ko denboraldiko programazioa. Arrosa irrati sarea Euskal Herri osoko irrati mordoxka baten elkarlanaren ondorioa da. Bertan biltzen dira hainbat eskualdetako irrati txikiak.

Musika, internazionalismoa, literatura, kultura eta beste ardatz hartuta, berrikuntza ugari etorriko dira beste irrati batzuen bidez. Zebra bidea, Hala Bedi, Tas-tas eta Antxeta irratiek ekoitzitako euskarazko magazina izango da entzungai astelehenetik ostiralera. Bestalde, iazko dinamikari jarraituz, goizean goiz Kalegorrian Info7ko magazinak irekiko du eguna; eta, ondoren, Suelta la olla Hala Bedi, Eguzki eta Tas-Tas irratien magazina izango da. Gainera, 13:30ean eta 20:00etan Info7ko albistegiekin bat egingo dute.

Aurten, unitate mugikorra ipiniko du martxan Txapa irratiak, eta horrekin, herrian antolatzen diren hitzaldi, mahai inguru eta bestelakoetan zuzenean egoteko asmoa dute.

Hala, teknologia berrietan eta Arrosa irrati sarean oinarrituta, kalitatezko programazio bat eskaintzeko helburua du Bergarako irratiak, eta herritar ororekin bat egin nahi du abian den denboraldi berrian, FM bitartez zein Internet bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.