Txantxetarako tartea

Inozente eguna ospatu zen atzo Hego Euskal Herrian. 'Inozente, inozente, txakurrak buztana tente!', errepikatuko zuen txantxazale batek baino gehiagok atzo.

INUXENTE EGUNA
Txantxak egiteko produktuak, Gasteizko La Casa de las Fiestas dendan. U. E.
unai etxenausia
2023ko abenduaren 29a
05:00
Entzun

Goizean goizetik sinesgarritasuna zalantzan zuten iragarkiz bete ziren sare sozialak, eta barrea ez ezik nahasmena ere eragin zuen horrek. Gasteizko kaleetan, oinezkoak umorezko txantxen nahi gabeko konplize edo egile bihurtu ziren atzo. Komunikabideak ez ziren atzean geratu, albiste bitxiekin mesfidantza sortu baitzuten irakurlerik sineskorrenengan. «Goizean irakurri dut bikotea trukatzeko klub bat irekiko dutela Gasteizen. Sinetsi egin dut hasieran, baina barrezka hasi naiz irakurri dudanean heliportu bat eraiki behar dutela diskretuagoa izan dadin». Edurne Oncinas orduan konturatu zen Inozente eguna zela, baina irentsi du. Beraz,inozente, inozente, txakurrak buztana tente!

Urtero, abenduaren 28an, Inozente eguna ospatzen da Hego Euskal Herrian. Tradizio horren jatorria kristautasunean dagoen arren, gaur egun ez du inongo zerikusirik: barre eta bihurrikerien artean, Inozente egunak aukera ematen du ohartzeko zer-nolako garrantzia daukan barreak bizitzan. Txantxetarako jostailu absurdoak erakusten dituzten erakusleihoetan biltzen da jendea, lerroburu zoroz betetzen dira komunikabideak, eta ezin sinetsizko gauzak kontatzen dituzte lagunek.

Gezurrezko kaka mokordoa, zigarro faltsuak, usain txarreko bonba, puzker faltsuak, behatzak harrapatzen dituen txikle pakete faltsua... Itziar Rodrigez, bere bi semeekin batera, txantxak egiteko objektuei begira zegoen Gasteizko La Casa de las Fiestas dendan atzo. Haurtzaroarekin lotzen ditu bromak: «Ume nintzela, broma asko egiten nituen Inozente egunean. Denda honetan, urteak daramatzate txantxak egiteko jostailuak saltzen. Horregatik etorri naiz nire semeekin, eta gauza pare bat erosiko ditugu».

Dendan, baina, ez zegoen deskarga elektriko txikiak ematen dituen edo «gogorregiak» diren txantxak egiteko objekturik. Ainhoa Barrio gerenteak azaldu du horren zergatia: «Duela 45 urte ireki genuen, eta txantxetarako milaka objektu saldu ditugu orain arte. Gaur egun, ezin ditugu horietako asko saldu, osasun arazoak dituen jende askorentzat arriskutsuak izan daitezkeelako. Ondo iruditzen zait hala izatea, baina berrasmatu beharrean, egiteari utzi zioten fabrikatzaileek». 

Badira jostailuekin txantxak egiten dituztenak, eta hitzak eta engainua erabiltzea nahiago dutenak. Inozente egunak barre eta momentu dibertigarrien arrastoa utzi zuen atzean, datorren urtera arte memoria kolektiboan egongo direnak. Oncinasentzat hori baita umorearekin gozatzeko modurik onena, «minik egiteko asmo barik» egiten dena. «Bi aldeek ondo pasatzeko egin behar dira txantxak, eta ez bakarrik gaur: urte osoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.