Bada hitz ezagun bat wolof hizkuntzan, Senegalgo etxeetan kanpotarrei eskaintzen zaien harrera goxoa deskribatzeko: teranga. Ezezagunak lagun eta atzerritarrak senide balira bezala tratatzea, horixe da teranga Senegalen. Sorterritik milaka kilometrora egonagatik, antzeko harrera egin dio Iruñeko Txantrea auzoak Moussa Diagne senegaldar jatorriko bizilagunari. Ekaineko azken egunetan, Espainiako Poliziak salaketa jarri zion kalean arropa saltzeagatik, eta kanporatze agindua helarazi diote jada. Ordutik, atzerako kontaketa bihurtu zaio bizitza. Egoerari buelta eman nahian, elkartasun jaialdia egin dute Txantreako Arriurdiñeta plazan, prozesu judizialaren gastuei aurre egiteko xedez. Herri bazkaria eguerdian, eta kontzertua arratsaldean, Mendeku eta The Lio taldeekin.
Jendetza bildu da plazan goizean goizetik. Mahaiak paratu dituzte Kaskallueta elkartearen kanpoaldean, eta paella prestatzen hasi dira sukaldariak. Diagne bera ari da barazkiak eta itsaskiak zartaginera botatzen. Jende ugari hurbildu zaio agurtzera, besarkatzera edo animoak ematera. «Animo, Moussa! Eutsi!». Aitortu du «oso urduri» egon dela salaketa jarri ziotenetik, baina lasaitua hartu duela auzokoen elkartasuna ikusita. Ehundik gora pertsonak eman dute izena bazkarian, eta bertaratzeko aukerarik ez duten askok ere tiketa erosi dute Harpea tabernan, laguntzeko. «Pozik esnatu naiz gaur, aspaldiko partez», esan du txantrear-senegaldarrak, irribarrez.
«Poliziak ahulenak ditu jomugan beti», laburbildu du Isa Egigurenek, jaialdiaren antolatzaileetako batek. «Migratzaileei jazartzen zaizkie kaleko salmentan aritzeagatik, batez ere beltzak badira, baina ez dute jotzen faltsifikazio horiek ekoizten, banatzen eta merkaturatzen dituzten enpresen kontra». Moussa Diagneren kasuan, gainera, Nike multinazionalak berak eskua sartu du auzian, eta kalte ordaina eskatu dio: 1.362,11 euro. Horri gehitu beharko zaio fiskaltzak eskatutako isuna, eta prozesu judizialetik eratorritako gastuak, besteak beste, abokatu eta prokuradoreenak. 4.500 eta 5.000 euro artean, guztira. Horren parte bat ordaintzeko erabiliko dute jaialdian bildutako dirua.
«Abokatuak tratua egin nahi du fiskaltzarekin, batetik, zigorra ahalik eta arinena izateko, eta bestetik, denbora irabazteko: izan ere, zigorraren araberakoa izanen da paperak tramitatzen hasi bitartean eman beharko duen denbora ere», esplikatu du Egigurenek. Hori konpondu arte, buru gainean bueltaka izanen du kanporatze aginduaren mamu beltza, eta hura uxatzeko helduleku bakarra du Moussa Diagnek: Txantrean aurkitu dituen lagunak. Teranga.