ATZEKOZ AURRERA. Paula Garcia. Herri Sanferminetako kidea

«Txandarik gabeko jaiak pentsaezinak lirateke»

Militantzia eta besta uztartzen ditu Garciak sanferminetan. Herri mugimenduen aldarriak karrikara ateratzearen alde agertu da. Iruñeko bestetan 'kuadrillismoa' goratzen dela esan du.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Aurten ez da txosnarik sanferminetan. Izan ere, Enrique Maia alkateak aukera bakarra eman zion Herri Sanferminak plataformari: txosnagunea Arrotxapea auzoan muntatzea, bestatik urruti. Hala ere, egitarau txiki bat prestatu dute Alde Zaharreko zenbait herrigunetan. Herri Sanferminak plataforman dabil Paula Garcia (Iruñea, 1995). Lasterka dabil batetik bestera: orain elkarrizketa, orain txanda, orain bazkari bat prestatu, elkarrizketa pare bat egin... Herri mugimenduetan dabiltzanen bestak halakoak baitira, harat-honat beti; batzuek parranda egin dezaten, beste batzuek txandak bete behar baitituzte. Ez da kexu. Maite ditu sanferminak horrela bizitzea. Zaldi Zurian izan da elkarrizketa, bestaren zurrunbilotik kanpoko baretasun oasian.

Aurten txosnarik ez dagoenez, etxean gelditu zara, ezta?

Kar-kar! Ez, txosnarik ez, baina oso gogotsu hartu ditugu sanferminak. Uste dut denek genuela gogoa sanferminak berriz ospatzeko. Oztopoak oztopo, sanferminak iritsi dira eta herri mugimendua ere presente dago eta egongo da, txosnarik ez izan arren.

Egitarau xume bat egiteko aukera izan duzue, behintzat. Nola prestatu duzue?

Udalak Arrotxapeko espazioa soilikeskaini zigunean, egitaraua ia osorik lotua genuen. Aztertu genituen aukeren artean, bururatu zitzaigun Iruñeko beste espazioekin eta eragileekin hitz egitea gure egitaraua haien guneetan egiteko. Bereziki Zabaldi eta Matalaz guneetan antolatu ditugu ekitaldiak. Egitarau xumea da, baina duina.

Harri artean loratzen diren loreak irudikatu dituzue aurten kartelean eta leloan. Zer da herri mugimendua sanferminetan?

Herri mugimendua arnasgune bat da, urte osoan zehar, baina sanferminetan ere bai. Sanferminak herrikoiak dira, eta sanferminak iruindarrek egiten ditugu. Herri mugimenduak urtez urte herri izaera hori indartu eta mantendu du.

Jaia bai, borroka ere bai. Ia egunero dago manifestazio edo kalejira aldarrikatzaile bat. Garrantzitsua da bestan aldarriak egotea?

Bai, sanferminak bezalako jaiak sekulako erakusleihoa dira aldarrikapenak egiteko. Uztailaren 6an gure ikurrak Udaletxe plazan atereaz, 7an manifestazio antitaurinoarekin, independentzia eguna egin zen, egun feminista antolatu da, atzo kalean gaudela aldarrikatzeko manifestazioa egin genuen... Gure aldarrikapenak hiri osora eta mundu osora zabaldu behar ditugu.

Parranda eta militantzia uztartzea zaila da?

Zaila ez dakit, baina gogorra da parranda gustatzen bazaizu, eta ni horietakoa naiz. Egun hauetan lo gutxi egiten dugu, hanketako mina dugu egun osoan zutik egoteagatik edo batetik bestera oinez edo korrika ibiltzeagatik, baina hau sanferminak bizitzeko beste modu bat da, plus bat: txandak egitea, gauzak antolatzea... Niretzat pentsaezinak lirateke txandarik gabeko jai batzuk.

Txandarik gabe, bestarik ez? Herri mugimenduetan zabiltzatenek ez duzue txanden dependentziarik izanen?

Norbaitek lan egin behar du besteak parrandan aritzeko, eta egun batzuetan lanean aritzea tokatzen da.

Besta ere egiten duzula esan duzu. Zer maite duzun gehien?

Kuadrillarekin dantzan aritzea. Sanferminetan denak elkartzen gara berriz, kuadrillismoa-ren apologia egiten da, nahiz eta askotan galdu egiten garen.

Pasatu zara Gazteluko plazako txosnagunetik?

Pasatu naiz, bai, baina korrika, plaza zeharkatu behar nuelako. Eta azkenean ez dut teknorik aditu. Egunkarian agertu zen Gazteluko plazan egonen zela ezkontzetako musika: Tractor amarillo, mexikarrak... Ez dakit zer nahiago dudan, teknoa edo Tractor amarillo. Oraingoz, ez dut asmorik joateko, baina argi dut han ez dudala deus kontsumituko.

Sanferminetan badago zerbait aldatu beharrekoa?

Bada garaia hausnarketa prozesu bat abiatzeko. Iruñean pentsatu beharko genuke jai ereduaren inguruan, zezenketen inguruan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.