Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (I)

Txabolartekoa

BERRIAk antolatutako lehiaketako lanik onenak argitaratuko dira gaurtik igandera. Gaurko kronika Euskal Herrian, Debagoienean, hainbat familiak haurrekin egindako lau eguneko mendi zeharkaldi bat da.

MENDI KRONIKEN LEHIAKETA. DEBAGOIENA
Kasatxo elkartera iritsi berritan, euripean. MANEX AGIRRE ARRIOLABENGOA
Manex Agirre Arriolabengoa
2023ko abenduaren 26a
05:00
Entzun

«Galletak, olioa, txorizoa, hegaluzea, tomate saltsa». «Umeentzako ibuprofenoa nik hartuko dut. Tiritak ere bai». «Esnea, anakardoak, azeitunak». «Nocilla poteak txof egin du supermerkatutik honako bidean. Alternatiba pentsatu beharko da». «Inork hartu du koltxonetak puztekoa? Guk badaukagu zahar bat». «Jogurtak, eguzkitako krema, gazta».

Sua dario Whatsapp taldeari uztailaren amaierako egun beroetan. Urduri gaude parte hartzaileok. Ez da gutxiagorako: mendi zeharkaldi bat antolatzen ari gara, eta ibilaldia egingo duten taldekideen erdia baino gehiago ez dago Whatsapp taldean. Badakite, gutxi gorabehera, zer egitera goazen, eta pozik hartu dute proposamena. Zalantza dabil airean, ordea, planari nola eutsiko dioten, izan martxan goazenean, izan egunerokoak dakartzan gorabeheretan. Umeak dira. Eta, gainera, hamabost dira. Bi urtetik hamar urtera artekoa da adin tartea; gehienek 6 urte baino gutxiago dituzte.

Taldean gauden hamahiru helduotako batena izan da ideia. Mendi zeharkaldi bat, gure udalerrian bertan, egun bat baino gehiagokoa, lo egiteko lekuen araberako etapetan banatua. Etxetik bospasei kilometroko erradioaren barruan, baina etxerik zapaldu gabe. Aramaion (Araba) posible da hori, irakurleari arrotz egingo ez zaizkion elementuz zipriztinduta baitauzkagu mendi inguruak. Beharrak aginduta sortu eta bizimodu aldaketaren eraginez aisialdirako biziberritutako txabolak dira gure ibilbidea diseinatzeko erreferentzia. Ardi- edo korta-usainik ez, gaur egun: sukaldeak, komunak, eta baita, batzuetan, lo-leku erosoak ere. Baldintzak ez dira txarrenak, beraz. Heroismoa dosi txikietan, abentura neurtua.

MENDI KRONIKEN LEHIAKETA. DEBAGOIENA
Tellerixa bidean gora, Errotabarritik Arriola auzora bidean. MANEX AGIRRE ARRIOLABENGOA

Asmoak azpiegitura eta antolaketa majoa eskatzen du, ordea. Eta, guztiaren gainetik, adostasun bat: ume saldo batekin goaz, eta taldearen tamaina kontuan hartuta, ezin ditugu behar ditugun gauza guztiak gainean eraman. Arropa, jatekoa eta edatekoa, eta, bereziki, kanpin dendak: txaboletan lo-leku erosoa bai, baina ez denontzat nahikoa. 4x4 ibilgailua eta atzean lotutako karroa izango ditugu ezinbesteko logistika sostengu.

2023ko uztailaren 22ko goiza. Bagoaz!

1. eguna: Errotabarri-Haitzondo

Aramaioko Ibarratik bertan dagoen Errotabarri auzunean dugu hitzordua. Giro bikaina dago, hastera goaz, eta animatuta gaude. Hori bai: multzo osoa elkartu dugun lehenengo aldia da, eta hotzikaratxoa ematen du zenbat garen ikusteak. Talde argazkia. Goazen.

Aramaio ezagutzen duenak badaki: Debagoieneko orografiaren hegoaldeko azken muturra da, Leintz Gatzagarekin batera. Kurtzeta mendatearen beste aldean, Legutiotik aurrera, hasiko da Arabaren irudi lau, lehor, estereotipatuagoa. Ez da harritzekoa bidea aldapa eder batekin hastea: logistika arduradun 4x4duna antolakuntza lanak egiten atzean utzita, Arriola auzorantz goaz, Tellerixa ibilbide seinaleztatua jarraituta. Sasoi bateko teila egileen lantegi txikiek eman diote bideari izena, bailarara egun-pasa datorrenaren gozagarri: beharrak sortua, aisialdirako egokitua. Artzain eta teilaginek, lantegi eta txabola atarietatik, bere garaian, gure talde hau ikusi izan balute, ai ama. Mikeleteei gutxiagogatik ere deituko zieten.

Arriola auzoa alderik alde igaro, eta segi gorantz, Orixol mendiaren azpialdera. Ondo goazela dirudi, multzoa banatu den arren. Pinudien itzalpeko mendi pista zabalak elkarrizketarako aukera dakar, helduon artean: Statkraft multinazionalaren parke eolikoaren proiektua, eskolaz kanpokoak, perretxikoguneak. Umeen protesta oihuek arreta desbideratu duten arte. Ondorioa: ez dira aldapagatik ari, urduritasuna da. Behar bezala azaltzen saiatu arren, ez dira guztiz jabetzen zer egitera goazen. Ibili, kanpin dendan lo egin, esnatu, berriz martxa. Izarra izeneko pagadira iristea kosta egin zaigu, baina animo, eutsi: bazkaltzeko ordua da.

Geure burua antolatzen hasi gara, eta gauza askotarako eman du arratsalde-iluntzeak: gonbito saio bat, urtebetetze festa bat, haserrealdiren bat edo beste, barre algarak.

Gain-gainean dugu Arangioko mendilerroa, eta, gure ondoan, saien bazkaleku den harrobi zaharra. Zuhaizpetik irten eta harkaitza da nagusi hemen: ingurune karstikoa, biluzia, irekia, isila. Akabatutako animalien hezur multzoak bidetik bertan. Zer gehiago behar dute umeek? Bazkalondorengo indarberritzean dena da lagungarri: deskantsua, tripa beteta edukitzea, paisaia aldaketa eta eguneko helmuga begi bistan izatea.

Arangioren hegoaldeko ertzaren azpi-azpian dago Haitzondo txabola, leku ikusgarrian. Bailara osoa dugu aurrean, ekialderantz begiratuta, eta mendilerroaren hasiera zakar ebakitzen duen haitz-lerroaren hasiera dugu bizkarrean. Logistika arduraduna ere iritsi da, gurekin batera. Arnasa hartu dugu, geure burua antolatzen hasi gara, eta gauza askotarako eman du arratsalde-iluntzeak: gonbito saio bat, urtebetetze festa bat, haserrealdiren bat edo beste, barre algarak. Kanpin denden distribuzioa, eta afaria. Beheko sua martxan uztailean. Lotara.

2. eguna: Haitzondo-Mendiku

Ai, gaua. Ezer gertatzen ez den eta dena gertatzen den aldi hori. Lo egin aurretxoan, ingurura etorritako basurderen baten hotsa zen gure kezka; ez genuen irudikatuko bizpahiru kilometrora, herriko frontoian, gazte erakunde batek antolatutako kontzertuen soinua iritsiko zitzaigunik, bolumen aski harrigarrian, haizeak zuzen ekarrita, loaren kalterako. Mendi zeharkaldia zibilizaziotik urrunago ez egitearen ajeak.

Gosaldu, antolatu, ekin, bagoaz... itxaron. Mendiku txabola dugu helburu, Arangioren beste aldean dagoen Etxaguen auzoaren gaineko kaskoan. Bi aukera ditugu: mendilerroaren gainetik joan, Santikurtz baseliza ederra eta Orixol tontorra zapalduta, edo azpialdetik egin bidea, harrobitik pasatu eta Ipurtotz baserritik auzora jaitsita. Bigarren aukera laburregia da, ados gaude; lehenengoa luzeegia izan daiteke taldeko txikienentzat.

Gaueko festa giroak animatu gaitu, ordea, eta lehenengo aukerari heldu diogu. Haitzondotik hegoaldera hasi gara, eta Larrazabalgo eremuan hartu dugu Orixolera igotzeko bide ezagunena, Kurtzeta mendatearen ondo-ondoan dagoen San Kristobalgo pagaditik hasten dena. Urkiolako parke naturalaren hasierako seinalearen ondotik pasatu, eta laster utzi dugu hartxintxarrezko mendi-bide zabala, Kastillo izenez ezagutzen dugun tontortxora doan xenda hartzeko. Txilar-zelaien artean goaz, giro paregabea dago, eta, dena esanda, gutako askoren harridurarako, umeak zoriontsu doaz; zer egiten ari garen ulertu dutela uste dugu.

MENDI KRONIKEN LEHIAKETA. DEBAGOIENA
4X4 auto laguntzailea, ezinbesteko laguna. MANEX AGIRRE ARRIOLABENGOA

Santikurtz baselizaren ondorengo bide hautsi eta nekosoa pasatu, eta Orixol tontorrera iritsi garenerako, zoriontasunak badirau, baina hasi dira pena batzuk agertzen. Txikienek motxiletan hartu dute abegi, baina ai, motxilan jada joan ezin diren baina oraindik txiki diren horiek. Luze egin zaie Arangio alde batetik bestera zeharkatzen duen xenda zoragarria, orbelez betetako kanal estali eder hori. Leziagako lepora jaitsi eta Etxaguenerako bidean jarri dugu martxan erreskate plan ondo hausnartua, nekatuenei bidearen azken zatian laguntzeko. Himalaiazaleak inbidiaz leudekeela esaten diogu elkarri.

Arratsaldeak asko eman du gaurkoan ere. Bazkaldu, mundua konpondu, konspiratu. Uztailaren 23a da: aurretiaz posta bidezko botoa emana ez zutenetakoren bat logistika arduradunarekin batera joan da hauteslekura. Mendi zeharkaldia zibilizaziotik urrun ez egitearen onurak. Iluntzen ari duenean gogoratu gara kanpin dendak muntatu behar ditugula. Pellet-labe eramangarriaren ke usainak arindu digu lana: pizza festa dugu zain. Umeei itzuli zaie zoriona. Gaur seko egingo dugu lo.

3. eguna. Mendiku-Masusta

Meteoblue. Euskalmet. Seko egin dugu lo, eta nagia ematen du eguraldiaren aplikazioei begiratzeak. Iragarpena ez zen ona uztailaren 24rako, bagenekien. Mendikutik kanpora atera, airea usaindu, eta martxan jartzea erabaki dugu azkenean.

Lainopean desegin dugu bezperan Leziagako lepotik Etxaguenera egindako bidea. Eskalatzaile jendearen elkargune den harkaitzaren azpitik pasatu garenean ateri eusten dio oraindik, eta gustura goaz, freskuran, taldean. Etxaguengo eta Gantzagako haitzen azpitik egin dugu bidea, ira-landare arteko bidean zehar. Ipizteko tontorra eta Santa Kruz abadearen kobazuloa ditugu bidaide, lainoak dena estali duen arte. Kasatxoko elkartera iritsi garenerako harrapatu gaitu zaparradak. Eutsi goiari, jan anakardo batzuk, edan ura, ez zaigu asko falta.

Ipizteko tontorra eta Santa Kruz abadearen kobazuloa ditugu bidaide, lainoak dena estali duen arte. Kasatxoko elkartera iritsi garenerako harrapatu gaitu zaparradak.

Atertzera doa, baina lainoa ez da uxatu. Ipiztikoarriagako belardi zabaletara jaisterakoan, arran-hotsek salatzen dituzte inguruan ditugun behiak eta behorrak. Ikusi ez arren, badakigu Tellamendiko gurutzea dugula aurrean, eta azpi-azpian dago gaurko helmuga: Masusta txabola. Iritsi garenerako martxan dago beheko sua. Bustitako arropak aldatu bitartean, airean dabil burutazioa: ez dauka parekorik etxetik bertan egon baina apur bat urrun sentitze honek. Eskerrak ez dagoen gure artean jende askonahirik, mendi turismoaren negozio berritzaile-ustekoak gutxiagogatik jarri dituzte martxan eta.

Ateri ilundu du egunak. Bisitariak etorri zaizkigu afaltzera. Ipuinak irakurri ditugu kopetako argiekin, eta heldu talde batek konspiratzen jarraitu du ilunpetan, inguruan lo-arnas hots pausatuak dituztela.

4. eguna. Masusta-Atxabal

Amaierek ohikoa duten poz arraroak iratzarri gaitu Masustan. Jaso, garbitu, prestatu, tristurak kontsolatu, animoak berotu, eta ipar-ekialderantz abiatu gara, Tellamendiren ostetik Besaide alderako bidea hartzeko asmoz. Umeren batek pijama jantzita egingo du azken txanpa; eraman beharreko arropa kopuruaren kalkuluan austeritate irizpidea ezartzearen ondorio.

Tellamendi eta Lurgorriko haitza inguratu, eta pinu artean goaz Gipuzkoako mugarantz. Besaide ez dugu ikusiko, lehenago hartuko baitugu Arrasateko Gesalibar auzora jaisten den pista zabala. Zabolain zalditegiaren parean, zorteko gaude: animaliak ukuilura sartzeko ordua da. Trostan ikusi ditugu.

AHTaren zubiaren ondotik pasatu, eta berehala iritsi gara Atxabalgo txabolara. Nekatuta eta harro egin dugu bazkari-legea, logistika arduradunari esker. Bazkalondoan, argazki bat, eta agur denoi, deskantsatu, parkean ikusiko dugu elkar.

Etxerakoan, sua dario Whatsapp taldeari: umeak, dutxatu ostean, komunetako eta egongeletako zoruan lo gelditzen ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.