Arantxa Idieder. Irrati esataria

«Twitterren euskaldunen %5 inguru gara Iparraldekoak»

Ipar Euskal Herriko Euskal Irratietan 'Hitz eta putz' saioa aurkezten du arratsaldero Idiederrek (17:00). Interneten dauden edukiak uhineratzen ditu, modu freskoan.

urtzi urkizu
2014ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Gure Irratian, Irulegiko Irratian, Xiberoko Botzan eta Antxeta Irratian entzun daiteke arratsaldero Arantxa Idiederren ahotsa (Baiona, 1985).

Hitz eta putz irratsaioaren leloa Telebista utz eta irratia pitz da. Zer filosofia dago horren atzean?

Esaldiak dena salatzen du. Tonu bat da, lasaikiago mintzatzeko. Garrantzitsua da telebista alde batera uztea, telebistaren gauza asko txarrak direlako gure osasun mentalerako. Irratia balia dezagun beste manera batean, eta aldarrika dezagun irratiak baduela bere interesa. Gauzak ezberdin proposatzeko aukera ematen du irratiak. Hitzak eta gaiak hobeto landu daitezke.

Internetetik asko edaten duzu saioan. Ez al da zaila izaten sare sozialetako zurrunbilotik lastoa eta mamia bereiztea?

Bai, arrunt. Informazio anitz da Interneten. Eztabaida ugari daude, eta horiek irratira eraman nahi ditugu. Informazio batzuei kasu egin behar zaie, baina kazetari irizpide bati atxikita. Zenbaitetan, informazioa egiazkoa den ikusi behar da, eta nondik ateratzen den. Filtro lana egiten saiatzen naiz.

Ipar Euskal Herriko kazetari eta kulturgileak ez al dira gutxi aritzen sare sozialetan?

Bai. Ni berriki sartu naiz Twitterreko munduan, zuzendaritzak bultzaturik. Ohartzen naiz sare sozialetan Ipar Euskal Herriko jarratzaileen falta handia dugula. Umapen estatistika batzuk aztertu zituen lankide batek. Euskaraz ari direnen artean, %5 inguru baino ez dira Ipar Euskal Herrikoak.

Euskal Irratietako kazetarien iritzia ere entzun daiteke saioan.

Aurten hasi gara Euskal Irratietako kazetari guztiei hitza ematen, haiek ere nahi dutenaz hitz egin dezaten minutu bat eta erdiz. Partekatu nahi dutena parteka dezakete. Bestalde, saioan kolaboratzaileak ditugu hainbat gairen inguruan mintzatzeko: Fred Berruet, Martin Kitto, Joanes Etxebarria, Marko, Loretxu Bergunian eta Iraitz Zufiaurre. Ideia litzateke tertuliak ere egitea kolaboratzaile berriekin.

Saioak modernitate kutsua ematen al die Euskal Irratiei?

Ez dakit saioa modernoa den ala ez. Aitortu behar da Euskal Irratiek modernitate falta pixka bat dutela batzuetan. Zenbaitek diotenez, Hitz eta putz gazteentzat da. Hala ere, saiatzen naiz Twitterri buruz ari naizenean 80 urteko entzule batentzat ere mintzatzen. Tonua bai da Euskal Irratetako ohikotik ezberdina, lasaia, baina ez oraindik bururaino eramana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.