«Turistaz beterik dago beti»; «masifikatua dago arruntean; erotuta zaude?»; «hagitz polita, baina turismoak irentsi du», errieta egin didate, behin eta berriz, hainbat lagunek Pragara joan behar dudala erran diedanean. Hegazkina hartzeko unean puri-purian dago Euskal Herrian orain guti arte pentsaezina zen eztabaida: turismoaren ondorioak eta kalteak. Kalean eta hedabideetan ez da bertze konturik. Masifikazioa, gentrifikazioa, alokairuen garestitzea, Airbnb-tzea... solasgai dira nonahi; bereziki, Donostian.
Eta ezin dut ukatu, koherente izateko etengabeko saiakera horren barnean, Europako hiribururik turistikoenetako eta masifikatuenetako batera joateak sortzen dizkidala kontraerranak, bizitzako bertze hainbertze erabakik bezalatsu. Aitzakia dirudi, baina bidaia berezia izanen da. Urte gogorra izan da etxean, aitaren eritasuna tarteko, eta amaren aspaldiko nahia betetzera goaz. Bera eta izeba bat eramanen ditugu Patxi bikotekideak eta biok. Lau lagun, astebetez, Pragan.
Orain hemezortzi urte izan nintzen Txekiar Errepublikako hiriburuan. Orduko hartan, motxila bizkarrean, bakarrik egin nuen bidaia herrialdean barna. Orduko hartan bezala, oraingoan ere, turista moduan noa, hegazkina Bilbotik hartuta. Hemezortzi urte geroago 100 bat euro merkeago lortu dut hegazkin txartela, %33 merkeago. Aterpetxeetan egon beharrean, hotel ttiki batean egonen gara; motxilaren ordez, maleta gurpildunarekin goaz.
Europa erdialdeko hiri garrantzitsuenetakoa izan zen Praga. Bohemiako hiriburu izaki, loraldi ekonomiko oparoa izan zuen XVIII. eta XIX. mendetan. Horren lekuko da egungo hiria, jauregi eta eliza barrokoz ongi hornitua. XIX. mendean, austro-hungariarren menpean zela, bizi kultural eta intelektual aberatsa izan zuen. Ondare hori guztia hiri gutitan bezala mantendu da, eta, hala, Europan bisitari gehien hartzen duten hamar hirietako bat da: sei milioi bisitari 2016an. Londres, Paris eta Istanbulen kopuruetatik urrun da, baina duen neurriagatik, Bartzelona, Amsterdam eta Veneziarekin batera, masifikazioak eztanda egin duen hiri bat dela irakurri dut hegazkina hartu bezperan. 1999an ere turista anitzekin oroitzen dut, baina inondik ere ez masifikatua.
Loreta eliza dotorearen ondo-ondoan dugu hotela, Hradcany auzoan, Pragako gaztelutik hurbil. Arratsaldez ailegatu gara, eta ingurua arrunt lasai dago tenore horretan. Auzoan barna egin dugu lehenbiziko eguneko arratsaldea. Turista guti dabil orduotan. Afaritara Mala Strana auzora jaitsi gara, eta hemen sumatzen da mugimendu handiagoa; bereziki, Karlosen zubitik gertu. Euria bai, jende uholderik ez, hala ere.
Arras jende guti bizi da hotel inguruetan, hirigune historikoa bukatzen den bazterrean. Etxe huts anitz dago. Hotel eta apartamenturik ere kasik ez dago inguruotan, eta, hortaz, zarata eta jende handirik sumatu gabe igan dugu Mala Stranatik Loretarako malda pikoa. Gogorra da, gero, turistaren bizimodua!
Hiri zaharra, betea
Biharamun goizean Praga arruntean murgiltzeko asmoa dugu. Turistifikazioaren bihotzera joanen gara: Karlosen zubia; Stare Mesto edo hiri zaharra; eta Josefov auzoa, bere hilerri judu eta sinagoga ugariekin. Karlosen zubia hiriaren ikur nagusietakoa da. Hiriko zubirik zaharrena da, Moldava ibaia gurutzatzen duena, eta hiri zaharra (Stare Mesto) eta hiri ttikia (Mala Strana) lotzen ditu. XIV. mendeko zubi dotorea da, arkitektura gotikoaren maisulana. Hogeita hamar estatuaz apaindua dago, eta horiek dira bertatik pasatzen garen milaka turistentzat elementurik deigarriena. Ama, izeba eta euren pareko bertzeren bat salbu, denek atera dugu sakelakoa, argazkia egin, eta sare sozialetan edota lagunekin partekatu. Beti jendez betea oroitzen nuen zubia, baina ez hainbertzerako jendetzarik.
Baina zubia gurutzatu eta orduantxe hasi da benetako eromena, jendearen emana. Turistek jan dugu karrika. Pragatarrik ez da inon ageri. Erbesteratu ditugu, bota. Hiriak duen historia, arkitektura paregabea, edertasuna... ia-ia ezabatu dugu turistok. Gentrifikazioa existitzen bada, Pragan bizi da.
Kopuruetan ez ezik, turista motan sumatu dut alderik handiena. Bikoteak, familiak eta motxila bizkarrean generaman gazteak ginen, batez ere, XX. mendearen hondar aldean hiria bisitatzera etorritakoak. Europarrak ia denak. Hemezortzi urte geroago, talde handian, aterkia eskuetan duen gidaria lagun, egun pare baterako joan-etorrian dabiltza turisten erdiak pasatxo. Japoniarrak, korearrak eta txinatarrak dira, batez ere. Europa osoa ezagutzea dute helburu, astebetean. Erabili eta botatzeko bisita lasterrak.
Gibeleko karrikak hartu ditugu aitzin egiteko. Anitzez jende gutiago dabil. Bertako jendea ere ikusten da karrika horietan, eta turista kopurua, berriz, aisa ttikiagoa da. Eraikinen dotorezia handia da edozein bazterretan, baina karrika hauetan are ederrago dirudite, eraikinak ikusteko eta horiez gozatzeko tarte eta arnasa gehiago dagoelako batez ere.
Udaletxe zaharrera ailegatu garenean, eguerdia izateko minutu bakar batzuk falta dira. Kanpoko aldeko paretan duen erloju astronomikoa (Europako zaharrena, 1410ekoa) hiriko ikurretako bat da. Ordua ematearekin batera, ikuskizun ttiki bat izaten da, hamabi apostoluak eta bertzelako pertsonaia batzuk agertzen baitira jende aitzinera. Eskeletoak erakartzen du argazki gehien. Ehunka pertsona zegoen momentu horren zain, denak —bai, denak!— sakelakoa eskuetan, bideoan edota argazkitan unea izozteko prest. 1999an ez ginen 25 lagun baino gehiago izanen erlojuaren aitzinean ginenak.
Stare Mestoko plaza hiriaren bilgune nagusia da. Dotorea, ederra, zabala. Terraza ugari ditu, eta plazaren erdian Jan Hus teologo eta filosofo txekiarraren omenez monumentu handi bat dago. Bertako eskailerak izaten ziren gazte gehienon bilgune. Ordu guztietan bazen jendea eskaileretan, plazan harat-honatean zebilen jendeari begira, ogitarteko bat jaten, garagardo bat edaten, liburu bat irakurtzen... Giro berezia zuen. Orain, ordea, eskaileretarako sarbidea debekatu dute, eta bilgune izateari utzi dio. Jendea, baina, erruz ugaritu da, eta plaza bisita gidatuen abiapuntu eta helmuga da. Bazter guztietatik agertzen dira bisitak eskaintzen dituzten gidariak, edozein hizkuntzatan: frantsesez, gaztelaniaz, alemanez, txineraz, japonieraz... Txekieraren arrastorik, ordea, batere ez.
Auzoak, babesleku
Plaza gibelean utzi orduko desagertzen dira multzoan dabiltzan turistak, eta errazagoa da bertako esentzia topatzen: adinekoak erosketak egiten, pragatarren eguneroko denda eta ostatuak, parke eta plaza lasaiak, lanera joan-etorrian dabiltzanak... Bertzelako Praga bat, benetakoa. Bertako haur eta familia guti sumatzen da inguruotan, hala ere. Turistengandik eskapu gabiltzan turistak gara, kasik, gu ere. Eta, egia erran, hiriko atrakzio nagusietatik kanpo, goxoagoa eta atseginagoa da hiria. Eta baita, oro har, pragatarren tratua ere, turistarik nahi ez duen ostaturen batean salbu. Segituan nabaritu dugu hori erdigunetik kanpoko auzoetan: Zizkov eta Vinohradyko ostatuetan pragatar gazte ugari ikusten da, lagunartean, garagardo bat hartzen, txerrikia jaten, solasean. Eta, berdin, Kampa irla lasaian, eta Moldava bazterreko Naplavka merkatuan, bereziki gomendagarria larunbatetan, eskualdeko nekazariz eta tokiko produktuz oparo dagoenean. Edozein jatetxetako kartari edo garagardo edalontziaren prezioari erreparatuta, segituan ohartzen da bat turistentzako edo bertakoentzako lekua den. Litro erdi garagardo euro batean edan dugu. Merkea eta ona, garagardo aparta eta sona handikoa baita txekiarra. Gozamena. Puska lasaiago gabiltza, gainera. Gure gisara ikusten dira turista bakan batzuk, europar eta amerikarrak, batik bat. Eta, beti, japoniar bikote gazteren bat.
Hoteletik hurbil dugu Pragako gaztelua. Hiriko gune turistiko nagusia da, hiri zaharreko plazarekin eta Karlosen zubiarekin batera. Gaztelua bera, San Vito katedrala eta urrezko kalexka daude bertan, azken hori Kafka bizi izan zen etxeagatik ezaguna. Jende anitz espero dugu, aitzineko egunetako uholdeak ikusita. Barrenera sartu orduko ohartu gara turismoaren masifikazioaren biktima izan dela inguru hau ere. Urrezko kalexka da guztietan adierazgarriena. Karrikan sartzeko tornu batetik igaro behar da, aitzinetik erositako sarrera eskaner batetik pasatuta. Museo bihurtu dute karrika. Souvenir denda dira garai bateko zerbitzarien etxe ttikiak. Metro guti batzuetara dagoen San Jurgi basilika ederra anitzez lasaiago dago. Ez, ordea, honen parez pare dagoen San Vito katedrala. Aitzinetik gibeleko alderaino luzatzen da barrenera sartzeko ilara. Ordubete inguru esperoan egon beharra. Eta hori, sarrera ia 15 eurokoa izanik ere! Bazkalondoan itzuli gara, eta hagitzez lasaiago aurkitu dugu egoera. Barrenera sartutakoan, hala ere, ohartu gara taldean hurbiltzen diren turisten bisita moldea zein den: atariraino sartzen dira, barrenerako sarrera ordaindu gabe, eta atetik ikusten dute katedrala. Katedralaren edertasuna, baina, korridoreetan dago, kaperak ikusi, arku gotikoen edertasuna, beirategiak... Turista mota guztiek ez dugu berdin jokatzen, eta, atarian argazkiak atera ordez, barrenetik ezagutzeko patxada hartzen dugu hainbatek, historia ezagutzearekin batera.
Eraikin eta gune nagusiei argazkia atera baino gehixeago egin dugu. Eta ohikoetatik atera orduko, apenas ikusi dugun turistarik. Saiatu gara turista uholde eta masifikazioetatik, ahal zenean, eskapu egiten. Zenbat turista joanen den Pragatik arkitektura kubista ikusi gabe; Strahov monasterioa eta bere liburutegia, Kafkaren edota komunismoaren museoak —komunismoa gupidarik gabe kritikatzen duen museo ttiki dotorea— bisitatu gabe; Kampa irlako belardietan etzan gabe; Petrin mendira igo gabe; edota Nove Mesto edo hiri berriko karrika eta auzoetan kuxkuxean ibili gabe. Saiatu gara bertakoekin lau solas egiten —beti ez da erraza, ordea—. Gutienez, arrastoa gutitu eta kaltea arintzen saiatu gara. Segur aski, ez da aski izanen pragatar gehienentzat. Baina nola uztartu bidaiatzeko grina eta bertakoen bizimodua? Erantzunik ez dut. Etxean bertan, mahai gainean dugu eztabaida.
BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (III)
Turistengandik eskapu dabiltzan turistak
Euskal Herrian turismoaren gaia eztabaida betean dagoela abiatu gara Pragara, Europako hiribururik turistiko eta masifikatuenetako batera. Duela urte batzuetako hiriaren aldean, turista gehiago dabil, eta, lehen ez bezala, talde handitan bilduta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu