Gasteizko EHUko Historia Fakultatean egin zituen ikasketak Adur Intxaurrandietak (Lezo, Gipuzkoa, 1988). Doktoretza Galizian egin zuen, Santiagon, eta hiruzpalau urte daramatza Porton bizitzen, Portugalen.
Bigarren liburua argitaratu duzu Siziliako esklaboen erreboltaren inguruan. Gai kutuna duzu?
Bai. Sizilian bizi izan nintzen urtebetez. Bestalde, doktore tesian asko landu nuen gaia: esklabotzaren inplikazio filosofikoa Antzinaroan. Tesiaren gai nagusia, hala ere, Grako anaien erreformak izan ziren. Garai berean gertatu zen Siziliako errebolta. Eta tesia egiten ari nintzela, buruan nuen nobela historiko bat idaztea.
Bigarren nobela mardula da: 988 orrialde. Harpa jotzen al dizute horrekin?
[Barrez] Pixka bat bai. Esan didate ea Biblia berria den. Zaila egin zitzaidan moztea. Uste nuen kondaira bat zela pertsonaiek bizi propioa hartzen dutelako kontu hori, baina ikusi dut egia dela. Beste bi nobela idazteko asmoa dut istorioari jarraipena emateko.
Beste bi?
Rebelión en Sicilia lehen liburuak esklaboen iraultza kontatzen zuen [Kristo aurreko 139. urtea]; bigarrenean, esklaboen erreinuari buruzkoak kontatu ditut; hirugarrenean, horrekin jarraituko dut, eta laugarrenean, erreinuaren erortzea eta erromatarren garaipena kontatuko ditut.
Zergatik gaztelaniaz, eta ez euskaraz?
Tesia gaztelaniaz egin nuen, eta pauso naturaltzat hartu nuen gaztelaniaz idaztea. Informazio guztia gaztelaniaz xurgatu nuen bere garaian. Baina badut proiekturen bat euskaraz idazteko.
Porton bizi zara. Hiri berezia al da zuretzat?
Lan aukera bat sortu zitzaidan gida turistiko moduan aritzeko, eta ezin izan nuen ezezkoa eman. Turistei hiriko historia azaltzen diet, baina saiatzen naiz historia oso modu zurrunean ez sartzen. Zerbait arina egiten saiatzen naiz. Jatetxeen berri ere ematen diet: non jan eta non ez.

Historiaren zalea ez ezik, jateko kontuen zalea ere bazara?
Bai, hala naiz. Eta Galizian bizi izanik, janaria beti izan da gure adiskide. Portugalen ere oso ondo jaten da. Eta turista moduan, beste hiri batera joaten zarenean, garrantzitsua da norbaitek gida lana egitea jateko tokiekin.
Zer da Portok duen gauzarik erakargarriena?
Hiri oso plurala da. Mundu osoko jendea dago, eta giro nabarmena. Hiriak bizitasun puntu bat du, nahiz kaotiko samarra izan. Euskaldun asko etortzen da azkenaldian. Gida moduan izaten ditudan taldeetan, beti dago Euskal Herriko taldetxoren bat. Bilbotik Portora zuzeneko hegaldiak badira, eta horrek erraztu egiten du hara joatea. Turista ingeles dezente ere badaude.
Irungo [Gipuzkoa] Oiasso museoan lanean ere aritu zinen bolada batean. Oiartzualdeak eta Bidasoaldeak zer lotura dute erromatarrekin?
Oiasso hiri erromatar bat izan zen; Kristo ondorengo lehen mendean eraiki zuten, egun Irun dagoen eremuan. Arditurriko meategiak [Oiartzun] garai berekoak dira.
Arreba ere museo batean ari da lanean, Bilbon. Etxean historiazaleak izan zarete beti?
Bai, aita euskara irakaslea izan da, baina historia beti atzetik izan dugu. Ni Indiana Jonesen oso zalea nintzen, eta txikitan arkeologoa izan nahi nuen.
Lezoko historiaren zer denbora tarte ikertuko zenuke?
XVI. mendea edo XVII.a. Kulturen arteko interkonexioak beti interesatu izan zaizkit. Blas Lezo pertsonaia garrantzitsua da, eta pentsatu izan dut hari buruz zerbait idaztea. Hori ere etorriko da. XIX. mendeko Donostiaaren setioari buruz ere idatziko nuke zerbait, nobela bat edo.
En tierra de tiranos nobela euskarara itzultzea polita litzateke?
Bai, nahikoa lan emango lidake. Norbait lortuko banu itzulpena egiteko, eta argitaletxe batek baiezkoa emango balit, oso pozik jarriko nintzateke. Nobela Caligrama argitaletxeak atera du, eta autore hasiberrien lanak argitaratzea dauka helburutzat.
Ez da beti erraza halako liburua saltzea, ezta?
Ingurukoek asko lagundu didate. Bestalde, turismo gida moduan, aukera izaten dut jende asko ezagutzeko, eta liburuak bisitetara eramaten ditut. Turista askori saltzen dizkiet nobelak. Bigarren zatia saltzea, hala ere, zailagoa izan da orain arte.
'LOTSABAKO'
Historia liburu bat?
Historia de Roma (Jacobo Lopez Barja de Quiroga eta Francisco Javier Lomas).
Portoko toki bat?
Largo de Pena Ventosa kalea.Esaldi bat latinez?
Ex nihilo nihil fit. Ezerezetik ezin da ezer atera.Portugesezko hitz bat?
Fofinho. Norbait oso atsegina dela esateko erabiltzen da.