TXAPELA BURUAN. Andoni Irigoien. Elgoibartar bat Marokon

«Turismoak esperientzien kontsumoa bultzatzen du»

Bizileku finkorik ez du izan Irigoienek azken urtean; bizikleta gainean egin du Bilbotik Gambiarainoko bidea. Etxera bueltatzen ari dela, Marokon geratu da mugak noiz irekiko, esperoan.

BERRIA.
Uxue Gutierrez Lorenzo
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Konplikaziorik gabe bizitzeko nahiak bultzatu zuen Andoni Irigoien (Elgoibar, Gipuzkoa, 1977) bizikleta gainean Gambiarainoko bidea abiatzera. Inolako presarik ez duela garbi izanda zeharkatu ditu Espainia, Portugal, Maroko, Mendebaldeko Sahara, Mauritania, Senegal eta Gambia. Bueltatzen ari da orain, baina konfinamendua dela-eta Tarfayan (Maroko) da martxotik.

Iazko uztailean abiatu zinen Bilbotik, aurki beteko da urtebete etxetik atera zinenetik. Azkar igaro al da denbora?

Azkar ez da pasatu. Momentuan, bai, azkar pasatzen zaizu, baina,gero, dena biltzen duzunean, ematen du bizitza oso bat pasatu dela.Horretarako atera nintzen, momentua bizi izateko, sinpleki. Nire ohiko munduan, dena dira planak. Hau izan da beste erritmo bat hartzea. Ikusi dut posible dela, eta, honela bidaiatuta, hori dela naturala.

Plan bakarra egin zenuen, helmuga bat markatzea. Zein zen?

Negua non pasatu, hori zen kontua. Negua bero pasatzeko aukera askorik ez dago, eta aukerarik errazena eta naturalena zen Afrikara etortzea. Eta Afrikan sartuta, Marokotik behera joatea zen, hain zuzen, eguraldi ona eta beroa izateko berme bakarra. Gero, Senegaleraino dena basamortu denez, Senegalen jarri nuen muga.

Eta lortu zenuen.

Bai. Gambiaraino iritsi nintzen, eta Senegalen eta Gambian pasatu nituen bizpahiru hilabete. Halako batean, esperientzia bat eduki nuen, emozionalki nahiko bizia, eta erabaki nuen itzultzea. Bueltarako, ez nuen hegazkin bat hartu nahi, eta itzultzen hasi nintzen, pazientziarekin, poliki-poliki.

Bidaian, alboka eta bizikleta izan dituzu bidelagun.

Bai, baina alboka Senegalen utzi nuen. Albokarekin, zera gertatuizan zait, oso zaratatsua zela etajendearengandik aldendu behar nintzela jo ahal izateko. Ezkutatu behar horretan, eta kanpatzeko ere ez denez komeni inork jakitea non zauden, ez nuen topatzen unerik gustura entseatzeko. Bueltan nentorrela, traba egiten zidan, eta Senegalen dagoen Abadiñoko neska bati eman nion. Hark eramango du Euskal Herrira.

Zer eraman duzu bizitza sinple horretara?

Kanpadenda bat lo egiteko, eta su txiki bat kozinatzeko. Ura ia egunero bilatu behar da, janaria hiru egunean behin erosita nahikoa izan daiteke, eta lo egiteko, berriz, ez da ezer behar, bakarrik toki diskretu bat. Ikasi egin behar izan dut eroso egoten hasieran deserosoak zitzaizkidan toki batzuetan.

Zer izan da zailena ohitzen?

Afrikan, ezberdina da higiene kontzeptua. Dutxa propiorik ez dago inon; izaten da komunaren zuloa,eta, hor, kubo batekin garbitzen zara. Leku horiek garbi mantentzen dituzte, baina europar batentzat, ohitu beharreko gauza bat da.

Nora joan jendearen gomendioen arabera moldatu duzu inoiz?

Ez gehiegi. Normalean, bidaiatzeko modua beste bat izaten da, lekuak ikustea izaten da helburua, eta oso ezberdina da. Ni ahalegintzen naiz leku turistikoak saihesten. Ez zait gustatzen tokiak ikustea edo ez dakit nolako esperientziak bizi izatea; zuk daramazu zure esperientzia, ez duzu xurgatzen ikusten duzunaren esperientzia. Turismoak esperientzien kontsumoa bultzatzen du.

Basamortuak, mendiak, herrixkak...paisaia ugari zeharkatu dituzu. Baduzu kuttunik?

Gaur egun, zaila da sentitzea bakardadea, eta, lortu dudanean inor ez dagoen toki batean egotea, justu hortxe sentitu dut bakardade gutxien. Hori sentiarazi didaten paisaia guztiak oso bereziak bihurtu dira.

Eta tokiak nola, badago bereziki markatu zaituen esperientziarik?

Senegalen eta Gambian egotea oso bizia izan da emozionalki. Zuriok eraman dugu hara funtzionatzeko modu bat, sekulako lapurreta egin dugu, baina, gero, hango jendea ohitu da ikustera nola zuriak paseatzen garen handik billeteak gastatzen. Horrek eragiten du uste dutela hara goazenok aberatsak garela, eta dirua espero dute. Guk laguntasuna deitzen diogun hori oso ezberdina da; ezinezkoa egin zitzaidan hori lantzea, eta logikoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.