16 urte besterik ez zuela, Manuel Iradier mendi taldean sortutako Espeleologia Departamentuan hasi zen bere zaletasuna garatzen Mari Nieves Urrutia Agorreta (Gasteiz, 1938). Kobazuloetan historiaurreko gizakiak egindako zeramikazko materialak, labar pinturak eta bestelako antzinako objektuak aurkitzen zituen askotan. Pieza horiek piztu zioten gehiago ikertzeko gogoa; beraz, arkeologian sakondu zuen. Hainbat aztarnategi ikertu ditu geroztik, bere senar Armando Llanos Ortiz de Landaluze diseinatzaile, espeleologo eta arkeologoarekin batera.
Arabako Arkeologia Institutuak Urrutia saritu zuen joan den urrian, Enrique Eguren 2022 sariarekin. Poztasun handiarekin jaso zuen, eta saria eskuetan duela atera da argazkian. Ondoren, irribarretsu erantzun ditu galdera guztiak.
16 urte besterik ez zenuela, 1956. urtean hasi zinen espeleologia lanetan Manuel Iradier mendi taldean. Oso gazte.
Orduan hasi nintzen bai. Eta segituan arkeologiara zaletu ginen ni eta nire senarra. Izan ere, kobazuloetako paretak miresteaz gain, gizakiaren edo hark sortutako gauzak aurkitzen genituen. Beraz, Arte Ederren Museora joatea erabaki genuen; arkeologiari buruz gehiago ikasteko. Museoan zegoen guztia ikertu eta garbitu genuen. Espeleologia alde batera utzi gabe, gure bizitzek beste norabide bat hartu zuten, eta arkeologian hasi ginen.
Naturala izan zen, beraz, espeleologiatik arkeologiarako urratsa.
Leize zuloetan aurkitzen genituen materialek eragin zuten hori. Gure kobazuloetan historiaurreko gizakiak bizi izan ziren. Haiek utzitako arrastoak bultzatu gintuen arkeologiaren bidetik jarraitzera.
Hori baino lehen. Zerk bultzatu zintuen lurraren erraiak ezagutu eta ikertzera? Zer bilatu edo aurkitu nahi zuen?
Ez dakit. Beti izan naiz oso neska urduria. Mendira joatea gustatzen zitzaidan, eta horrek piztu zidan gauza gehiago ezagutzeko gogoa. Kobazuloen barruan eta kanpoan ikertu dut horri esker: labar pinturak, hezurrak, antzinako objektuak... denetarik aurkitu dut egon naizen leku guztietan.
Zure ingurukoek ulertzen al zuten egiten zenuena? Ziur aski, ez zen urte haietako gazteen ohiko jarduera izango.
Kar-kar. Urte haietan neskok ez genuen erabateko askatasunik. Zorionez, nik beti izan dut gurasoen laguntza; amak, batez ere, asko lagundu zidan. Emakume nafar irekia zen. Berari esker, gure umetako jarduerak ez ziren beste familien berdinak: bizikletan ibiltzera joaten ginen, adibidez.
Urte haietan ez zen hain ohikoa emakumeek etxetik kanpo lan egitea, beren denbora familiari bakarrik eskaini behar ziotelako. Hori ez da zure kasua, ezta?
Oso goiz ezkondu ginen senarra eta biok. Halere, ez naiz inoiz diskriminatuta sentitu. Oso ondo egon naiz arkeologo gisa joan naizen leku guztietan, baina emakume bakarra izan ohi nintzen. Egia da gizonen esku zegoela guztia. Bi emakume baino ez genbiltzan arkeologia lanetan ni hasi nintzenean: ni neu eta Kataluniako beste bat. Gerora hasi ziren emakume gehiago, baina ez pentsa hainbeste izan ginenik.
Diktadura garaia zen lanean hasi zinenean. Kaleetatik ihes egiteko modu bat zen kobazuloetan eta mendietan galtzea?
Errepresiotik ihes egiteko modu bat zen. Mendian askeago sentitzen ginen arkeologo guztiok. Bakean.
Muturreko egoeraren bat pasatu al zenuten lanean ari zinetela?
Kobazuloetan bai, baina ez hainbeste. Oso ausartak ginen, edo oso zentzugabeak, ez dakit. Ibiltzeko zailak ziren lekuetan, eta seguru sentitzen ez nintzen urrats bat egin behar banuen, geldi geratzen nintzen. Berdin zion bi ordu edo hamabost baziren.
Badirudi pazientzia sobera duzula. Arkeologo batek zorrotza eta metodikoa izan behar du?
Arkeologian oso zorrotza izan naiz, eta kontu handiz egin ditut gauza guztiak. Kontu handia izan behar da indusketetan pieza bat aurkitzen duzunean.
Ezaugarri hori, zure kasuan, zure bizitzako beste alderdi batzuetara hedatzen al da?
Ez dut uste horrela denik. Nire bizitzako beste alderdi batzuetan urduriagoa naiz.
Diotenez, oso begi ona duzu materialak behatu eta hautatzeko, eta zein testuingurutan zeunden aztertzeko.
Hala da. Hainbestetan prospekzio lanak egitera atera izanari esker da hori. Ezkonduta eta seme-alabak izan arren, familian joaten ginen prospekzioak egitera; Euskal Herri osoa arakatu dugu. Beti ezagutza bila, gure ikerketetarako balioko zigun zerbait aurkitzeko esperantzarekin.
Gaur egun, duela urte batzuk aurkitutako aztarnak eta objektu historikoak berriro aztertzen ari dira, teknika berriak aplikatuz, informazio berria lortzeko. Arkeologiaren iraultza bizitzen ari zarete?
Aurrerapen bat dela esango nuke. Gaur egun, teknika eta elementu hobeak daude gauzak sailkatzeko. Gogoan dut eskeleto bat aurkitu genuela behin kobazulo bateko galeria batean. Uste genuen Burdin Arokoa zela. Duela ez asko egindako analisi batzuei esker jakin ahal izan dugu hori hala zela. Lehen ere ez zegoen diru laguntza askorik, mirariak egin behar izaten genituen espedizio guztietan. Gaur egun, ordea, laguntza gehiago dago.
Indusketa lana, berriz, hainbeste aldatu al da?
Landa lana ez da hainbeste aldatu, garrantzitsuena begirada zorrotza eta intuizioa direlako. Pixkanaka, aztarnategi bakoitzean aurki dezakeenera ohitzen da bat. Esperientziak dakar aurrerabidea.
Indusketetako antolakuntzaz arduratzen zinen ere.
Materialak behar bezala iristea zen nire lana. Hautatu egiten nituen, eta, ondoren, garbitu. Azkenik, museora eramaten nituen. Indusketaren logistika ere nik eramaten nuen, lehen indusketetan ahal bezala moldatzen nintzen. Kozinatu ere egiten nuen, lantalde guztiak jan zezan. Hala ere, sukaldari bat kontratatu behar izaten genuen jende askokoindusketa garrantzitsuenetan, gehiegi izaten baikinen. Baina askotan tokatu zait niri kozinatzea.
Arabako lurraldean ikerketa espeleologiko eta arkeologikoan aitzindarietako bat zarela uste duzu?
Bai, duda barik.
Arabako Arkeologia Institutuak Enrique Eguren 2022 saria eman zizun iazko urrian. Zer esan nahi izan zuen sari horrek zuretzat?
Ezuste handia izan zen niretzat, ez bainuen espero. Egia esan, aho batez onartu zidatela jakinarazi zidatenean, are poz handiagoa eman zidan.
Institutuaren sortzaileetako bat izan zinen.
Sakabanatuta lan egiten genuen denok, eta orduko kultura kontseiluak batu gintuen. Oso berandu sartu ginen, halere. Arkeologia saila sortu zuten orduan,eta horrekin batera institutua. Horri esker, askoz gehiago normalizatu zen arkeologia eta espeleologia.
Gaur egun, uste duzu erakundeek merezi duen garrantzia ematen diotela arkeologiari edo espeleologiari?
Ez dut uste gutxiesten denik, baina egoera ezberdina da egun. Hutsetik hasi ginen gu. Lehen Valladolidera [Espainia] eramaten genituen pieza guztiak. Hemen ez zegoen ezer.
Aurkitu duzun aztarnategi batekin geratu beharko bazina, zein aukeratuko zenuke?
La Hoya [Guardia, Araba]. Aurkitu dudan guztietatik handiena da, eta oso garrantzitsua izan zen. Hala ere, ez diet beste guztiei garrantzirik kentzen, aztarnategi bakoitzak zerbait desberdina eman didalako.
Ondo kontserbatu al da?
Abandonatuta dagoela dirudi. Halere, dena ez da negatiboa, oso museo interesgarria egin diotela uste dut. Baina indusketa ez da batere zaindu, aire zabaleko indusketa bat hondatu egiten baita zaintzen ez bada. Nik uste dut zerbait gehiago egin ahal dutela instituzioek. Urtero mantentze lanen bat egin izan baliote, hobeto egongo litzateke. Turismoa erakartzen duelako hasi dira orain arkeologia zaintzen.
Gero eta aztarnategi gehiago aurkitzen dira.
Gauzak aldatu dira. Lehen, jendeak uste zuen Bizkaian edo Gipuzkoan ez zegoela aztarnategirik, eta begira orain: indusketak daude. Nola ez ziren ba egongo? Mundu osoan zehar daude antzinako gizakiaren arrastoak
Irulegiko Eskua. Zuen ustez, zer esan nahi du aurkikuntza horrek euskal arkeologoentzat eta euskararentzat?
Datu bat gehiago da, oso interesgarria eta garrantzitsua bai; baina datu bat gehiago. Eztabaida sortu du, euskararen jatorria izatearekin ados ez dagoen jendea dagoelako. Bi bandoetakoak asko baliatu dira aurkikuntza horretaz. Ez zait hain aurkikuntza arraroa egiten, datu garrantzitsu bat izan arren. Askotan, jendeak uste du garai hartan ez zirela batetik bestera mugitzen, baina asko mugitzen ziren, beraz, gauza asko agertuko dira oraindik. Ezin dut esan euskararen jatorriarekin zerikusia daukanik, ez bainaiz hizkuntzalaria. Hori izango da euskararen jatorria, zaharragoa den bat agertzen denera arte [txantxetan].
Zer iritzi duzue Iruña-Veleia auziaz?
Armando nire gizona eta biok bertan lanean aritu ginen lehen bi urteetan. Ziurta diezazuket gu egon ginen denboran ez zela ezer agertu. Ezin dut ondoren gertatu zenaz hitz egin, joateari utzi geniolako. Guk indusketan laguntzen jarraitu nahi genuen, baina indusketako zuzendaritzak ez zuen nahi gu hor egotea, eta joan egin behar izan ginen.
Gaur egun, aztarnategi arkeologikoetara joan ohi zara, edo beste modu bateko ekarpenak egiten saiatzen zara?
Gaur egun ezin dugu, nagusiegiak garelako. Halere, mundu erdia zeharkatu dugu arkeologia ikusten eta ikertzen.
Hainbeste kobazulo, aztarnategi eta beste hainbat gauza ikusi eta gero, zer geratzen zaizu egiteko?
Dena. Infinitua da egin daitekeena. Egunero gauza berriak deskubritzen ditut, gauzak ikasten ditut; gauzak berriak ikusten ditut. Amaierarik ez duen zerbait da ikerkuntza, eta merezi du ikertzen jarraitzea.
Nola ikusten dituzu arkeologoen belaunaldi berriak?
Oso onak dira, eta oso ondo prestatuta daude. Baliabide gehiago dituzte, ezagutza gehiago, bekak dituzte. Argi daukat arkeologiaren etorkizuna esku onetan dagoela. Egun unibertsitateko irakasle diren askok gurekin lan egin zuten hainbat indusketatan.
Eta orokorrean, nola ikusten duzu arkeologiaren eta espeleologiaren etorkizuna?
Arkeologia ez dago modan. Ez dago egungo gazteen aukeren artean. Ikerketa aukera asko daude, baina bide prekarioa da. Ondarea babesteko kontzientziarik ere ez dago. Baietz dirudien arren, oraingoz behintzat ez dago ondarea defendatzearen aldeko kontzientzia orokorrik.
Zein da konponbidea?
Zaila da zerbait esatea. Ekologismoak, adibidez, lortu du bere alde jendea lerratzea. Protesta egiten da ekologismoaren alde. Arkeologiak ez du hainbesteko babesik. Ez dugu kontzientziatzen jakin, indarra sortu behar dugu. Arkeologoak batuta egon garen arren, ez gara sekula protesta egiteko antolatu; hori da falta izan zaiguna.
Gainera, ondarea suntsitzen bada, ezin da berreskuratu.
Hori da gizarteak barneratu behar duena. Ondarea galtzen bada, ezin da berreskuratu. Aztarnategi bateko pieza bat suntsitzen bada, ezin da berreskuratu; betiko desagertzen da. Adibidez, antzinako eliza bat suntsitzen bada, ezin da berdin-berdina den beste bat eraiki. Komunikabideek indar handia duzue gizarteari helarazteko, hain zuzen, ondarea zaindu eta babestu egin behar dela.
Nieves Urrutia. Espeleologoa eta arkeologoa
«Turismoa erakartzen duelako hasi dira orain arkeologia zaintzen»
Urrutiak urteak eman ditu lurraren erraiak arakatzen. Beti izan da neska urduria, eta, espeleologian hasi bazen ere, «beste norabide bat» hartu zuen haren bizitzak arkeologia deskubritu zuenean. Lotura daukaten bi lanak uztartu ditu ordutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu