GASTRONOMIA

Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroa hasi da Tabakaleran

MTE Munduko Turismo Erakundeak turismo arduratsuaren enbaxadore izendatu ditu Pedro Subijana eta Martin Berasategi euskal sukaldariak, eta Fatmata Binta Sierra Leonakoa. Gastronomiaren alde egin duten lana eta tokiko produktuari ematen dioten balioa saritu dituzte.

Inaugurazio ekitadia, gaur goizean. Pedro Subijana eta Martin Berasategi saritu dituzten unea. UNWTO
enekoitz telleria sarriegi
2023ko urriaren 5a
17:42
Entzun

Gaur hasi eta larunbatean amaituko da, Donostian, Turismo Gastronomikoaren VIII. Munduko Foroa. Goizean egin dute inaugurazio ekitaldia, eta han izan dira, besteak beste, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua; Rosana Morillo Espainiako Gobernuko Turismoko Estatu idazkaria; Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamenduko diputatua; Eneko Goia Donostiako alkatea; Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia, eta Zurab Pololikashvili Turismoaren Mundu Erakundeko idazkari nagusia.

Turismo gastronomikoa: sustraietara itzultzea da aurtengo foroaren leloa, eta produktuaren, gastronomiaren eta turismoaren arteko loturetan jarriko dute begirada. Hiru egunez, industriako profesionalek, adituek eta erakundeetako ordezkariek mahai inguruak, lantegi praktikoak eta sukaldaritza erakustaldiak egingo dituzte Tabakaleran, tokiko eta nazioarteko sukaldari eta ekoizleekin batera.

Inaugurazio ekitaldian, turismo arduratsuaren enbaxadoreak izendatu dituzte: Pedro Subijana eta Martin Berasategi euskal sukaldariak, eta Fatmata Binta Sierra Leonakoa —Basque Culinary World Prize saria irabazi zuen iaz—. Hiru sukaldari horiek gastronomiaren alde egin duten lana eta tokiko produktuari ematen dioten balioa saritu ditu Munduko Turismo Erakundeak.

Gaur eta bihar, bereziki aztertuko dituzte turismoak zer egin dezakeen landa garapena sustatzeko, erresilientzia ekonomikoa sortzeko eta kultura ondarea zaintzeko, eta produktuen, gastronomiaren eta turismoaren arteko loturak analizatuko dituzte.

Alde horretatik, Afrikako gastronomiaren inguruan aritu da hizketan Auxillia C. Mnangagwa. Zimbabweko gobernuko ministro izandakoa da, eta egungo presidente Emmerson Mnangagwaren emaztea. Afrikako Gastronomia. Komunitateak ahalduntzen izan da haren hitzaldiaren izenburua.

Joao Rodrigues sukaldariak, berriz, Portugalgo Projecto Materia egitasmoari buruzkoak azaldu ditu —nekazarien eta sukaldarien arteko elkarlana sustatzeagatik hainbat sari jasotakoa da—.

Eta Angochagua (Ekuador) eta Valposchiavo (Suitza) herrietako ordezkariek ere hitz egin dute. Munduko Turismo Erakundearen iritziz, munduko herri turistiko onenen artean daude bi horiek. Tania Endarak azaldu ditu Angochaguan dute proiektuari buruzkoak, eta Kaspar Howaldeko Valposchiavon dutenari buruzkoak. Biek nabarmendu dute «bertakoari» balioa ematearen garrantzia, eta turismoak euren proiektuetan izan duen garrantzia azpimarratu dute, baina «modu orekatuan» baliatu beharra ere bai. «Gurea erakutsiz zaintzen ditugu, baina eskatzen diegu gurea zaintzeko eta errespetatzeko ere», nabarmendu du Tania Endarak. Hitzaldi horien leloak laburbiltzen du gaia: Gastronomiak eta lurraldeak topo egiten dutenean.

Era berean, aztertu dute adimen artifizialak zer eragin izan dezakeen turismo gastronomikoan. Miguel Flecha Accenture Europako zuzendariak eman ditu gakoak.

Bihar aurrera jarraituko dute foroko mahai inguru eta hitzaldiek, eta arratsaldean emango dute ondorioen berri.

Tartean, forora etorritako nazioarteko kideek irteerak egingo dituzte euskal kostaldera eta barnealdera, turismo gastronomikoaren guneetara.

Etzi, Culinary Plaza izeneko azoka jarriko dute Tabakaleran. Besteak beste, Botswana, Zimbabwe eta Saudi Arabiako gastronomia ezagutzeko aukera egongo da. Basque Culinary Centerrek antolatu du, eta irekia da sarrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.