Jadanik hamaika urte pasatu dira Donostia aldeko Ttan Ttakun irrati librea urteurren jaia ospatzen hasi zela. Gaurko ere, irratiak musikaz girotutako jaialdia antolatu du, Egia auzoko Gazteszena aretoa gune nagusia delarik.
Hala ere, antolatzaileek bi areto prestatu dituzte kontzertuetarako. Gazteszenatik aparte, hitzaldi aretoan ere musikariak arituko dira. Bertan, elektro musika izango da nagusi, eta Platiblond Extreme, Ivan Device, Aleksandr Tresorg eta Ttan Ttakun Elektro DJak izango dira. Areto nagusian (Gasteszenan), berriz, rock musika nagusituko da. The Rippers, La Urss, Temblores eta Baron Roskow taldeak arituko dira, eta, ondoren, Manu Pogo DJaren musikak emango dio jarraipena gauari.
Kontzertuak 23:00etan hasiko dira, eta goizeko 06:30era arte ez dute atsedenik izango. Sarrerek 5 euro balioko dute, eta leihatilan bertan erosi beharko dira.
Ttan Ttakun irratia 1995ean jaio zen, eta bi urte geroago Donostia osora zabaldu zen irratiaren seinalea. Joan den urrian egindako lizentzia banaketen ondoren, Ttan Ttakun lizentziarik gabe geratu zen, eta FMko 107,2 frekuentziara aldatu behar izan zuen. Hala ere, Internet bidez ere zuzenean entzun daiteke irratiaren seinalea, Ttanttakun.com gunean.
TTANTTAKUN FESTA
Noiz. Gaur, 23:00etan.
Non. Egiako kultur etxean (Donostia).
Ttan Ttakunek bizirik dirau
Urtero legez, Ttan Ttakun irrati libreak jaialdia antolatu du gaur gauerako Donostiako Gazteszenan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu