Komunikazioa

Ttan Ttakun, indarberrituta

Donostiako Ttan Ttakun irrati libreak programazio eta lokal berritua ditu. Iazko uholdeak eta Guardia Zibilaren esku hartzeak tresneria gabe utzi zituen. Laster izango dira erabat martxan.

Ttan Ttakun irratiak 24 orduz emititzen du, eta programazio eta lokal berritua ditu. JOSE MARI LOPEZ.
Maite Alustiza.
2011ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Eguneko 24 orduetan emititzen jarraitzen du Ttan Ttakun irratiak Ametzagaina kultur elkartean (Donostia). %100ean lan egiteko «gauzatxo batzuk» falta bazaizkie ere, indarberrituta datoz. Irratsaio berriak dakartzate, eta irrati estudioaz gain, beste txoko bat dute lanerako. Asier Mendizabal Nokono Ttan Ttakun irratiko koordinatzailearen hitzetan, «programa informatikoak emandako arazo batzuk konpontzeko zain» daude dena prest izateko. Hala ere, FMko 106.8an entzun daiteke Ttan Ttakun irratia, baita Interneteko Ttanttakun.com helbidean ere.

Lau irratsaio gehitu dizkio irratiak bere programazioari: Afrikaldunak musika afrikarraren inguruko saioa, Blast Beat Hiru! Arrapaladan hard core musikari eskainitako tartea, Namaste Budhavar Indiako folklorea lantzen duen saioa eta Larrugorrittan sexualitateari buruzko irratsaioa. Musikari tarte zabala eskaintzen badio ere, beste genero batzuk lantzen dituzten saioak ere baditu Ttan Ttakun irratiak. Hain zuzen, horietako bat gidatzen du Nokonok, musika alde batera utzi gabe: «Irratian sartu nintzenean nire gustuko irratsaioa egiten hasi nintzen: Ttanttapunk. Gehienak irratsaio musikalak ziren, eta gaurkotasuna lantzen zuten saioak falta zirela ikusi genuen». Hori dela eta, Eguerdiko ahotsa magazina gidatzeko ardura hartu zuen, eta, orain, bi saioetan jarraitzen du lanean. Programazioan berrikuntzak sartzearekin batera, lan egiteko azpiegiturak ere berritu dituzte irratian.

Etorkizunari begira

Eurekin batera Ametzagaina kultur elkartean dagoen aisialdi taldeak bere jarduera martxan jarri du, eta, hori dela eta, aldaketa batzuk egin dituzte elkartean: «Irratiaren ondoan bulegotxo bat dugu orain. Lehen ez bezala, irratsaioak egiten diren bitartean lan egin dezakegu». Atontze lanak falta diren arren, «beharrezko guztia prest» dagoela adierazi du Nokonok. Azken urtebetea ez da erraza izan irratiko kideentzat. Uholdeak kalteak eragin zituen tresnerian, eta gailu berriak erosi behar izan zituzten. Dena prest zutenean, Guardia Zibilak erosi berria zuten material guztia eraman zuen. «Bigarren aldiz berriro hastea izan zen, urte berean. Dena erosi behar izan genuen, berriro programatu... Hortik ateratzen ari gara».

Azken konponketak amaitu eta guztia prestatu ondoren, etorkizunari begira jarraituko dute irratian. Kalera irtengo dira, aspalditik buruan duten ideia hori egia bihurtzera. Urtarrilean Ttan Ttakunek egindako festan «esperientzia oso ona» izan zuten, eta noizbehinka kaletik emititzea gustatuko litzaieke: «Orain udara datorrela eta, erraztasunak emango dizkigu giroak». Dena den, programa informatikoa erabat ondo dagoenean helduko da hori, eta horrekin batera, Ttan Ttakunen programazioa aurkezteko festa bat egiteko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.