2019ko hitza

Tsunamia, brebeta, epizenoa, podcasta... zein da 2019ko hitza?

Iazko hitzen zerrenda bat osatu du BERRIAko euskara taldeak. Proposatu zurea sare sozialetan #2019kohitza traolarekin.

jon ordonez garmendia
2020ko urtarrilaren 8a
12:46
Entzun

Zeresana eman du franko 2019. urteak Euskal Herrian. Trafiko istripuan hildakoen balantzea, lan istripuan hildakoena, euskal futbol taldeen jardunaren inguruko errepasoa... Gehien irakurritako artikuluen bilduma egin zuen BERRIAk urte amaieran, eta 2019ko abestirik kutunenena ere egin zuen Badok.eus atariak urte berriaren hasieran. Aktualitatetik haratago, urteko hitza zein izan den ere hasi dira proposatzen batzuk eta besteak. Angel Errok, BERRIAko bere zutabean, joan den astean zioen traizioa dela "modako hitza". Andoni Egañak, aurrea hartu, eta 2020. urtean erronka hitza nola erabiliko den ohartarazi du Asmoak zutabean.

Zein izan da 2019ko hitza? UZEIk abenduan atera zuen bere zerrenda, eta, besteak beste, dirulaguntza, ibilgailu gidaridun eta VTC, zulo beltz, martikara, postposizio, zumiriki, klitori-xurgagailu eta friki nabarmendu zituen. Urte berriarekin, oporraldia igarota, BERRIAk bere zerrenda osatu nahi du irakurleekin. Idatzi zurea sare sozialetan #2029kohitza traolarekin. BERRIAko euskara taldeak hitz hauek aukeratu ditu, 2019. urtea gogoan.

Tsunamia

Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaiketaren epaia atera aurreko egunetan hasi zen tsunami hitza bolo-bolo sare sozialetan. Urriaren 14an, baina, Espainiako Auzitegi Gorenak epaia atera orduko, jauzi handi bat eman zuen kalean, eta ordura arte erabili gabea zen zentzu batekin egin zen ezagun: 'Tsunami herritarra hasi da'.

Foam jaurtigaia

Hitz aski ezaguna izanagatik, 2019an ere aktualitea bereganatu du. Euskal Herrian, Katalunian, Frantzian, Txilen, Bolivian, Ekuadorren... Protestak ugaritzen ari dira mundu osoan, eta poliziak formula zaharrak erabiltzen ditu halakoen kontra. Foam jaurtigaiak gomazko pilotak ordezkatzeko sortu ziren, eta, hala egin badute ere, ez dute lortu haiek eragiten zituzten kalte larriak erabat desagerraraztea.

Klima larrialdia

Agerikoa da klima aldatzen ari dela. 2019. urtean, ordea, klima larrialdia terminoak lekua kendu dio klima aldaketa-ri. Izan ere, hainbat albistetan argi geratu denez, adierazle guztiek diote uste baino bizkorrago ari dela aldatzen klima, eta mundu osoan pairatzen ari dira ondorioak. Greta Thunberg ekintzaile suediarrari eta Fridays for Future ekinaldiari esker, ingurumenari buruzko kezka areagotu egin da 2019an.

Aspergerren sindromea

Hain zuzen, Thunbergi esker, orain iaz baino gehiago dakigu Aspergerren sindromeaz ere. Aspergerren sindromea ezaugarri mental jakin batzuen eta jarrera ezaugarri batzuen multzoa da, eta autismoaren espektroko nahasmenaren barruan dago, Idoia Arias Osakidetzaren Arabako Haur eta Gazteentzako Osasun Mentaleko Unitateko medikuak 2017an BERRIAri azaldu duenez.

Ezjakintasunak sortutako aurreiritzien biktima izan dira sindrome hori dutenak. Harreman sozialetan dute gabezia; adibidez, hitzik gabeko komunikazioko jarreretan: ikusmenezko hizkeran, aurpegi eta gorputz adierazpenean eta abarretan. Horretaz gain, zailtasunak dituzte besteen interes, gustu eta helburuekin bat egiteko, eta sarritan gai edo objektu baten inguruan jartzen dute arreta eta interes guztia, eta arlo horretako aditu bihurtzen dira.

Brebeta

Ipar Euskal Herriko ikasleek bigarren zikloa amaitzean egin behar izaten duten azterketa hau urteko gaietako bat izan zen 2019an, Parisek Seaskako ikasleen brebeta azterketak «bahitu» zituela eta, Bordelen zuzentzeko. Kolegio amaierako proba da brebeta, eta hiru azterketa egiten dituzte ikasleek: matematika, historia-geografia eta zientzia. Lehen biak euskaraz egin daitezke, hirugarrena ez. Nolanahi ere, euskaraz egitea erabaki zuten ikastoletako ikasleek 2019an ere. Uztailean, baina, ikasleak Donibane Lohizunen aldarrikatzen ari zirelarik brebeta euskaraz egiteko eskubidea, Hezkuntza Ministerioko ordezkariak iritsi eta eraman egin zituzten azterketak, euskaraz ez dakiten irakasleek zuzen zitzaten.

Haur motxiladuna

Sarek 2019ko abenduaren 28an jakinarazi zuenez, 105 umek dute gurasoetako bat edo biak espetxean, urrunduta; haietatik bost kartzelan daude amarekin edo gurasoekin: lau, Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak); bat, Madrilgo Aranjuezko kartzelan. Ez da termino berria haur motxiladuna; Sara Majarenasi eta haren alabari gertatua gertatu ondoren egin zen ezagun euskal presoen haurren egoera. Lantzean behin, ordea, aktualitate bihurtzen dira. Urtarrilaren 19an, esate baterako, Xuak 3 urte beteko ditu eta Valentziako kartzela uztera derrigortuko dute, gurasoengandik urrun. Usurbilera joango da bizitzera, amonarenera.

Klika

Korrika urtea izan da 2019a, eta lelo argia izan du: klika. Jarrerak aldatzea jarri zuen helburu AEK-k, euskararen alde «klik» egitea, jarrera aktibo bat izatea. «Klik egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea. Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klik egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea. Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea».

Egunean Behin

Zalantzarik gabe iazko fenomenoetako bat izan da Euskal Herrian Egunean Behin lehiaketa. Sakelakoetarako euskarako aplikazio hau martxoan atera zuen Codesyntax etxeak. «Saiakera txiki bat da euskarazko ikono bat telefonoetan sartzeko», zioten sortzaileek irailean, baina helburu guztiak gainditu eta bederatzi hilabetean 60.000 erabiltzaile baino gehiago lortu ditu. Bi denboraldi jokatu ziren iaz, eta hirugarrena apirilean hasiko da.

Epizenoa

Horrela esanda, ezezaguna egingo zaio askori epizeno hitza. Genero markarik ez duten izenak aipatuz gero, ordea, askok gogoratuko dute 2019ko ekainean Euskaltzaindiak izen neutroak onartzen hasi zela, irizpidea aldatuta. Hori dira izen epizenoak, sexu markarik ez duten izenak. Alai, Aloña, Amaiur, Amets, Araitz, Askatasuna, Bihotz, Euri, Gixune, Ihintz, Iraultza, Nahi, Zeru... Bostehun izen epizenorekin hasi zuen Euskaltzaindiak zerrenda hori.

Agurra

2018ko abenduan iragarri zuen Gorka Urbizuk, baina 2019a Berri Txarrak taldearen agurraren urtea izan da, «etenaldi mugagabearena». Ikusi arte birarekin esan du taldeak agur. Otsailean aurkeztu zuten bira, baina han esandako kontzertuak eta gehiago jo dituzte, haietako batzuk, gogoangarriak: esate baterako, uztailean Kobetamendin 20.000 lagunen aurrean hiru orduz jo zutena. Seaskaren urteurrenean, Bilboko Kafe Antzokian, Viktoria Eugenian... eta azkena, Iruñean, azaroan.

Txapelduna

2019. urtea izan da emakumezko futbolariek zelai handiak bete dituzten urtea. Bai San Mamesen eta bai Anoetan, harmailak gainezka egon dira lehen aldiz emakumezkoen futbol partidak ikusteko. Hori gutxi balitz bezala, Realeko jokalariek Espainiako Kopa 2-1 irabazi zuten, maiatzaren 11n Granadan (Espainia) Atletico Madrili 1-2 nagusituta: «Reala txapeldun!».

Podcasta

Azkenik, ezin zerrenda hau amaitu podcast hitza aipatu gabe. BERRIAk podcastak argitaratzeari ekin dio 2019. urtean. Kirmen Uriberena izan zen lehena, Ane Irabazabalena bigarrena, eta azkena, BerriaFM podcast feminista. Uriberenak astelehenero argitaratzen dira, eta beste biak txandaka, asteazkenetan.

Honela zioen Errok 2019ko azken zutabean: "(...) Ongietorriak izan bitez 2019ko zerrendak, denbora sistematizatu eta atxiki ahal dugulako (aurtengo) azken ispilatzeak. Bizi izandakoaren markagailua zeroan jartzeko aukera dagoelako ilusioa ere islatzen dutenak. Munduaren bidegabekeria oroimen selektiboaren eta momentuen kanonizazioaren bitartez nolabait berdintzea dagoelako irudipena". Eta zuretzat, zein izan dira 2019ko hitzak?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.