EITBren berriemaile gisa AEBetan egindako bost urteetako «barne bidaia» azaldu eta eroritako «aurrejuzguak» esplikatzeko «beharra» zeukan Mikel Reparazek (Arbizu, Nafarroa, 1975). Galeanok Latinoamerikako zainak nola, Reparazek Amerikako arrakalak hala (Las grietas de America). Steinbeck, Hemingway, Dos Passos eta Capa gidari hartuta, haiena egiten saiatu dela dio: bidaiatu, egon, eta kontatu.
Pitzadura aukeratu duzu, zauria baino sendatzen zailagoa delako?
Baietz uste dut. Are zailago pitzadura hori hain sakona denean, gatazka politiko eta arrazial batean sustraituta dagoenean. Ez dira azaleko zauriak; pitzadura sakonak dira.
Liburu gogorra da; gordina.
Oso gordina da, besteak beste, gatazka baten historia kontatzen delako. Gatazka politiko bat, AEBetan konpondu gabe dagoena, gerra zibil bat eragin zuena XIX. mendean eta gaur-gaurkoz bere horretan jarraitzen duena. Aita fundatzaileek lehen demokrazia modernoa sortu zuten unean, ez ziren konturatu supremazismo zuriaren munstro hori hor gelditu zitzaiela, demokrazia berri horren zutabeetan estalita.
George Floydek esandako «ezin dut arnasarik hartu» hura darabilzu egungo egoera deskribatzeko.
Hain zuzen, egoera arnasezina delako. AEBetan, desorekak, pobreziak, kriminalitateak-eta kolorea dute. Populazio beltza belaunaldiz belaunaldi aukerarik gabe gelditzen da; horregatik diot amets amerikarraren mitoa gezur hutsa dela. Kapitalismoak, irauteko, ezinbestekoa du pobrezia, eta AEBetan, horri gehitu behar zaio arrazaren gatazka.
Ametsarena gezurra, eta Obamarena «ameskeria», zuk diozunez.
Hala izan zen. 2008an Chicagon izan nintzen Obamaren hauteskunde gauaren berri ematen. Aitortzen dut: hunkitu egin ninduen. The New York Times-ek titulatu zuen esanez amaitu zela arrazaren gatazka AEBetan, baina ikusi da promesak ez zirela bete, eta gatazka hori berriro azaleratu dela. Are gehiago: Trump Obamaren ondorio izan da.
Zer da Obamaren agintaldiak eragindako«zirkuitulaburra»?
AEBetako gehiengo soziala, %72 inguru, zuria da. Haien artean gehienak kontserbadoreak eta kristauak. Eta horiengan eragin zuen zirkuitulaburra Obamaren presidentetzak. Haren politikek populazioaren zati handi bat alienatu egin zuten; Obamacare delakoak, adibidez. Populazio zuri kontserbadoreak hori eraso baten modura hartu zuen. Hori ulertu gabe, ezin da ulertu Trump.
«Ekaitz perfektua» aipatzen duzu.
Globalizazioak eragindako desorekek populazioaren zati handi bati eragin zioten, baita populazio zuri pobreagoari ere. Hor arrazakeria piztu zen, eta Trumpek hori erabiltzen jakin zuen.
Beldurraren itsaso horretanarrantzale bikaina da Trump?
Ezin bikainagoa. Oso ongi ezagutzen du populazio zuri kontserbadore hori, eta berreskuratu du beldurraren diskurtso hori. 2020ko kanpainarako zituen argudio guztiak erori egin zaizkio —kudeaketa ekonomikoarena, batik bat—. Horregatik interesatzen zaio arrazaren gatazka horrek bizirik eta kaleek sutan irautea.
Ez da behar bezain serio hartzen Trump. Zuk Joker deitzen diozu liburuan, baina ez da pailazo bat.
Trumpen irakaslea AEBetako pertsonaia ilunenetako bat izan zen: Roy Cohn. Trumpen abokatua izan zen, eta harengandik ikasi zuen gezurra erabiltzen, hiperbolea erabiltzen, publizitatea bilatzen... Karikaturizatzeko pertsonaia erraza da, baina ez da gutxietsi behar, eta hori da 2016an AEBetako sektore aurrerakoienek egin zutena: pailazo bat zela pentsatu, eta gutxietsi.
Baltimorren hasten da liburua, baina bukatu?
Ez da amaitzen. Dena biltzen duen azken unea George Floyden hilketa da, baina «jarraituko du» bat dago. Irekita gelditzen da. Eta horregatik ez dira agertzen Jacob Blade eta Kenosha; oraindik gehiago ere izanen direlako. Hori da ondorioa: gatazka ez dela konpondu, eta ez dirudi epe laburrean konponduko denik.
Ibili zara gora eta behera 50 estatutan. Harritu zaitu baten batek?
Oso sinple esanda, niretzat AEBak geografikoki dira bi kostaldeak—Wall Street batean eta Hollywood bestean—, eta erdian dagoen artadi erraldoi hori. Eta artadi horretan daude milaka ñabardura. Indianako herri txiki bat dut oso gogoan: Shipshewana. Autoz iritsi ginen bertara, plazan aparkatu, eta herri osoa kantuan harrapatu genuen. Bluegrass musika egiten zuten, banjo, biolin... eta gospela ari ziren abesten. Hartu gintuzten oso abegikor, afaltzen eman ziguten. Menonitak ziren. Zuk espero duzuna da McDonalds bat, gasolindegi zahar bat... eta bat-batean topatzen duzu Suitzako XVIII. mendeko kulturari eusten dion komunitate bat, bluegrass musika jotzen duena, hillbilly itxurarekin. Horrelako harribitxiak daude. New Yorkera bueltatzean, hasi nintzen astelehenero Manhattango taberna batean bluegrass talde batekin. Gitarra jotzen nuen nik.
ATZEKOZ AURRERA. Mikel Reparaz. Kazetaria
«Trump Obamaren ondorio bat izan da»
Reparazek liburu batean bildu ditu AEBetako berriemaile gisa koaderno bazterretan kontatu ezinda utzi zituenak. Arrazakeriak pitzatutako herrialde batez mintzo da, inoiz desagertu ez den «munstro» batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu