Ebanoa bezain beltza, lorea bezain usaintsua. Halakoxea izan zitekeen definizioa. Trufa edo boilur mota asko daude, ehun genero baino gehiago, baina Tuber melanosporum espezie bakana da. Hainbat zuhaitz eta zuhaixkaren sustraiei lotuta bizi da lur azpiko onddo hori, sinbiosi perfektu batean. Onddoaren mizelioak lurreko elikagaiak xurgatzen ditu, eta zuhaitzak, sustraiak zabalduz, mikorriza izeneko egitura edo sare bat sortzen du. Mikorrizek mizelio berriak sortzen dituzte, hifa mehe multzoak, eta horietan garatzen da onddoaren gorputz fruitutsua, hau da, boilurra. Esporak gordetzen ditu horrek, eta, askatzean, beste ziklo bat abiatzen da, amaierarik gabeko ziklo etengabea, infiniturainokoa.
Naturak duen magia islatzen dute lur azpiko diamante horiek. Askotarikoak dira, zuriak zein beltzak, ñimiñoak zein koskorragoak, erabat borobilak eta irregularragoak, eta denetan bada errege bat, Tuber melanosporum-a, eta bere erreinu propioa dauka. Lokiz mendilerroaren abaroan boilur ugari daude, basatiak, arteen edo zurbeltzen sustraietan, eta hainbat arte plantaziotan ere aurki daitezke azken urteetan. Mendebalderantz zabaltzen da trufa beltzaren erreinua: Nafarroako Ganuza, Ollobarren, Metauten, Murieta, Antzin, Acedo, Zuñiga... Eta haratago: Arabako Kanpezuraino.
Fruitu preziatu hori biltzeko garai bete-betean daude. Berez azaro amaieran hasten da bilketa, eta martxora arte irauten du. Carlos Fernandez (Iruñea, 1975) astero doa eremu horretara, bere bost txakurrekin: «Suarekin hasi nintzen. Mendira joatea gustatzen zitzaidan, perretxikoak hartzea, eta, halako batean, boilurren mundua deskubritu nuen». 2006. urteaz ari da. Bere kabuz ikasi du trufaren mundu liluragarriaz, eta, orain, lehen txakur haren bosgarren belaunaldiarekin bilatzen ditu boilurrak: «Interneten informazio ugari dago orain, baina garai hartan apenas zegoen ezer. Irakurtzen eta ikertzen hasi nintzen. Autodidakta izan naiz. Txakurrak trebatzea ez da erraza izan, baina tira... Orain labrador arrazako bost txakur ditut: Harri, Haize, Artza, Marduk eta Isthar. Babiloniako jainkoen izenak dituzte azken biek».
Isthar, muturra lurrean sartu, eta atzaparka hasi da. Txakurkumeak boilur bat topatu du. Fernandez berehala gerturatu da, aihotz txikiarekin, animaliak markatutako tokira. Hamabost bat zentimetrora dago bizpahiru diametroko trufa beltza.
Arteen lurraldea
Jorge Ros (Lizarra, Nafarroa, 1969) adi-adi ari da txakurraren mugimenduei begira. «Txakur asko ikusi ditut, baina ez dago hau bezalakorik. Berez bi edo hiru urte izan behar dituzte boilurrak biltzeko, baina honek sei hilabete baino ez ditu, eta aparta da». Rosek eta Fernandezek 450 arte landatu zituzten duela hemeretzi urte Metautenen. Astero joaten dira txakurrekin boilurrak jasotzera. Ibarrean gero eta plantazio gehiago daude.
«Boilurrak arteetan, haritzetan, hurritzetan eta ezkietan ere sortzen dira, baina inguruan nagusitzen den zuhaitza landatzea da egokiena, eta hemen arteak dira nagusi». Ros pasioz mintzatzen da boilurrez. Lokizen bereziki Tuber melanosporum espeziea dago, baina, neguko trufa horretaz gain, udako eta udazkeneko espezieak ere topatu daitezke; Tuber aestivum espeziea ekainetik irailera arte sortzen da, eta Tuber brumale, berriz, irailetik abendura arte: «Udakoa basatia da; marroixka da, zerrenda zuriduna, eta onddoen usaina dauka. Udazkenekoak, berriz, gaztaina zaporea dauka».
Lokizen katalanei esker izan zuten trufen berri. 1958. urtetik aurrera, negu partean, eremu horretara joaten hasi ziren tofona-k bilatzera. Bertakoek harriduraz ikusten zituzten txakurrekin mendira joaten, eta puxtarri beltzez betetako poltsekin bueltatzen. Herrixketako etxeak alokatzen zituzten, eta halako batean jakin zuten puxtarri haiek zer ziren. Javier Lander eta Serafin Nieva izan ziren ibarreko aurreneko herritarrak trufak biltzen. Boilurrak zituzten zuhaitzen inguruan landaretzarik ez zegoela ohartu ziren. Rosen hitzetan, beste hiru baldintza behar dira trufak sortzeko: lurra karekizkoa izatea, eguteran egotea, eta prezipitazioak izatea.
Gero eta plantazio gehiago
1990ean hasi ziren lehen plantazioak jartzen, eta, urtez urte, gero eta arte hektarea gehiago daude. «Zazpi edo zortzi urte behar dira trufak jasotzeko, baina eskaera eskaintza baino handiagoa da, eta, prezioa aldakorra baldin bada ere, hemengo diamante beltza garesti saltzen da. Gabon gauaren bezperan, 1.200 euroan egon da; orain dezente merkatu da, 800-900 eurora jaitsita, baina hilabete honen amaieran berriz igoko da».
Rosek Trufaren Museoa edo interpretazio zentroaren kudeaketa darama. Lizarratik 11 kilometro eskasera dagoen eraikin moderno horretan, boilur beltzaren sekretu guztiak jakin daitezke. 2007ko martxoan zabaldu zituen ateak, eta, euskaraz zein gazteleraz dauden panel informatiboetatik ibilbidea egin ostean, audiobisual bat ikus daiteke bertan. Museoaren eskaintza, dena den, zabalagoa da. «Txakurrekin trufak biltzera joateko aukera ere ematen dugu, edo esperientzia gastronomikoa, trufarekin egindako platerez gozatzeko».
Metautenen dagoen museoko dendatxoan boilurrez egindako olioaz, gaztaz eta txokolateaz gain, arte aldaxkak ere eros daitezke. «Kabiak deitzen diegu. Arte horietan bermatuta dago boilurra aterako dela; izan ere, substratuak esporak ditu. Norberak landatu ditzake, eta, gainera, trufa hauek borobil-borobilak izaten dira, eta horiek dira preziatuenak».
Garai batean, txerriekin eta basurdeekin jasotzen ziren boilurrak, baina animalia horiek jan egiten zituzten, eta askotan apurtu egiten zituzten. Rosek zehaztu duenez, osorik dagoen boilur batek apurtutakoak halako bi balio du. Asteroko lana da, eta, batzuetan nekeza bada ere, irrikaz joaten da beti: «Hamabost edo hogei zentimetrora egoten dira, baina metro erdira dauden trufak ere ikusi izan ditut. Behin, aitzurtu eta aitzurtu aritu ostean, boilur txiki-txiki bat topatu genuen». Hamar zentimetroko diametroko boilurrak ere topatu izan dituzte, ia kilogramo batekoak.
Behinolatik ezaugarri bereziak aitortu zaizkio boilurrari, tartean afrodisiakoak. Medikuntzan ere erabili izan da, eztula sendatzeko, txaplatak egiteko eta zauriak orbaintzeko. Plinio Zaharra idazle erromatarrak zerbaitengatik esan zuen boilurra naturaren mirari bat dela.
2007ko martxoaren 10ean jarri zuten martxan Trufaren Museoa. Asteburuetan eta jaiegunetan zabaltzen dute museoa, goizeko 10:30etik 15:00etara. Bisita gidatuak egiten dituzte, eta txakurrekin boilurrak hartzera joateko esperientzia ere eskaintzen dute. Urtarrileko bigarren igandetik aurrera, bertan bazkaltzeko aukera ere egongo da; trufekin eta bertako produktuekin egindako menu bat dastatu ahal izango da.