'Tropela.net' webguneak prest ditu Tourrerako kinielak

Aurtengo lehiaketa inoiz baino jendetsuagoa izatea espero dute, eta sari gehiago daude jokoan

2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tropela.net webguneak, urtero bezala, Frantziako Tourraren inguruko kiniela martxan jarri du. Aurreko urteetan, parte hartzaile kopuru ona izan zuten (11.541 kiniela), baina aurten marka guztiak gainditzea espero dute. Atzo arratsalderako 9.000 parte hartzailek baino gehiagok zeukaten izena emanda, eta inoizko tropelik handiena osatu nahi dute.

Aurtengoa zazpigarren aldia izango da. Euskal Herriko Itzuliaren, Italiako Giroaren eta beste hainbat itzuliren ondoren, Frantziako Tourraren garaia iritsi da. Internet bidez soilik parte har daiteke, eta guztiz doakoa izango da.

Pertsona bakoitzak kiniela bakarra egin ahal izango du, eta gustuko dituen txirrindulariekin bere taldea osatuz. Taldea aldatzeko epea larunbatean amaituko da, 13:05ean, aurtengo Frantziako Tourra hasiko den une berean.

Parte hartzaile bakoitza, osatu duen taldeko txirrindularien arabera, puntuak pilatzen joango da, eta, horien arabera, erabiltzaileek sailkapen nagusia osatuko dute.

Euskal herritar eta txirrindularitza zale guztiei egiten die gonbita Tropela elkarteak proiektuan parte hartzeko. Irabazi asmorik gabeko elkarte bat da eta euskara eta teknologia berriak uztartzea du helburu, txirrindularitzako zaletasuna aitzakia moduan erabiliz.

Sariak

Tropela elkartea hainbat entitaterekin ari da lanean. Gainera, makina bat euskal txirrindularik laguntza eskainia diote elkarteari.

Laguntza horri guztiari esker, sari bikainak bildu ditu elkarteak parte hartzaileen artean banatzeko: mendiko bizikleta, sagardotegietako otorduak, janariz hornitutako otarreak, izozkiak, erosketa bonuak, harpidetzak... eta euskal txirrindulariek eskainitako eta sinatutako maillotak; haien artean, Haimar Zubeldia, Amets Txurruka, Juanma Garate, Egoi Martinez eta Markel Irizarrenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.